Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak autogobernuaren, demokraziaren eta askatasunaren alde borroka egin zuten miliziano eta gudari bermeotarrak omenduko ditu

-Ekitaldi nagusia ekainaren 18an izango bada ere, ekainaren 16an ‘Matxitxako’ dokumentalaren emanaldia egingo da Nestor Basterretxea aretoan

-Hurrengo egunean, ekainaren 17an, "Matxitxakoko bataila eta memoria. Angel Ituarte gudari bermeotarraren ibilbidea" hitzaldia eskainiko du Arrantzaleen Museoan Iñaki Goiogana historialariak

Bermeon, 2022ko ekainaren 9an.- Bermeoko Udalak autogobernuaren, demokraziaren eta askatasunaren alde borroka egin zuten miliziano eta gudari bermeotarrak omenduko ditu ekainaren 16tik 18ra bitartean. Ekitaldi nagusia ekainaren 18an egingo da Goiko Plazan eta, bertan, Juan Azkarate Araukua itsas-gudariak protagonismo berezia izango du bere 100. urtebetetze egunean.

Izan ere, Euskadiko Itsas Armada Laguntzaileko gudari izan zen bermeotar honek plazan jarriko den plaka bat inauguratuko du goizeko 10:30ean hasiko den ekitaldi berezi eta irekian. Ekitaldi honetan, gainera, Bermeoko Alkartasuna Dantza Taldeak, Bermeoko Txistulariak taldeak eta Bermeoko Abesbatzak parte hartuko dute. Hiru eguneko ekimen hau Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren laguntzarekin antolatu da.

Ekitaldi nagusia ekainaren 18an izango bada ere, ekainaren 16an, Matxitxako elkarteak produzitutako ‘Matxitxako’ dokumentalaren emanaldia egingo da Nestor Basterretxea aretoan 19:30ean. Hurrengo egunean, ekainaren 17an, ‘Matxitxakoko bataila eta memoria. Angel Ituarte gudari bermeotarraren ibilbidea’ hitzaldia eskainiko du Arrantzaleen Museoan Iñaki Goiogana historialariak 19:00etan. Omenaldia, beraz, hiru egunekoa izango da.

“Bermeotar guztiak egun horietan zehar egingo diren ekimenetara gonbidatu nahi ditugu Udaletik. Pertsona hauek gure herriaren askatasunarengatik egin zutena goraipatu nahi dugu. Udal Gobernu honen helburu estrategikoetako bat da gure nortasuna eta historia balioan jartzea memoria historikoa landuz eta bermeotar hauek egindakoa horren erakusle garbia da. Izan zirelako gara eta garelako izango dira eta hori da ekimen honen bitartez erakutsi nahi duguna”, hasi da Bermeoko alkate Aritz Abaroa.

Eta jarraitu du: “historia errepikatu ez dadin historia bera ezagutu behar dugu eta aukera ezin hobea izango da Bermeotik mila gutxira gertatutako Matxitxakoko Bataila ezagutzeko. Belaunaldi berriek gure asabek bizitakoa ezagutzeko aukera izango dute hitzaldi, dokumental eta ekainaren 18an egingo den ekitaldiari esker. Uste dut oso hunkigarria izango dela. Gainera, erakunde modura horrelako omenaldi bat zor geniela uste dut eta iritsi da momentua. Halaber, eskerrak eman nahiko nizkieke ekimen hauetan parte hartuko duten pertsona, erakunde eta herriko taldeei. Euren laguntza funtsezkoa izan da hau guztia posible egiteko”.

09 / 06 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0