Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Tonpoian gune natural berria zabaldu du

-Lan hauen helburu nagusia izan da itsasertzean dagoen erabilera publikoko berdegunea berreskuratzea eta, gainera, klima-aldaketara egokitzea

-“Herriko gune garrantzitsu bat berreskuratu dugu, ingurumena erabat errespetatzen duena”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak

Bermeon, 2022ko ekainaren 3an.- Hilabeteetako lanaren ostean, Bermeoko Tonpoian gune natural berria zabaldu da. Lan hauen helburu nagusia izan da itsasertzean dagoen erabilera publikoko berdegunea berreskuratzea eta, gainera, klima-aldaketara egokitzea (bero-boladen kasuan biztanleak babesteko itzalguneekin). Horretarako, iraunkortasuneko eta ekonomia zirkularreko irizpideak erabili dira (material natural eta tokiko jatorridunak eta kostaldeko ekosistemaren berezko landare-espezieen erabilerarekin), eta ingurumenari dagokionez, ahal den guztia berreskuratu da. Guztira, inguru honetako lanak egiteko 253.885,54 euro bideratu dira.

“Bukatu berri dugun lehen fase hau garrantzitsua izango dira Bermeorentzako. Izan ere, herriko gune eder bat berreskuratu dugu, ingurumena erabat errespetatzen duena. Bermeotar guztiek seguru naiz gustura asko bisitatuko dutela gune hau. Eskerrak eman nahiko nizkieke lan hauetan parte hartu duten instituzio guztiei”, adierazi du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.

Berreskuratze lan hauek faseka egin dira. Eremua prestatu ondoren, txabolen eta itxituren eraispena eta lurren garbiketa egin da, ondoren, proiektuan aurreikusitako jarduera nagusiak gauzatu ahal izateko:

-          Tonpoia eta Tala parkea lotu eta oinezkoentzako pasealeku bat egin da, lehen egon diren Talape eta Tonpoirako bidezidorrak egokituta.

-          Zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatu dira (besteak beste, arteak, artelatzak, ametzak eta ereinotzak) eta landazabal atlantikoa berreskuratu da.

-          Biodibertsitatea bultzatzeko mikrohabitat berriak sortu dira.

Esan bezala, lan hauek burutzeko 253.885,54 euro bideratu dira, BEZ barne (kopuru honetan landatutako landareen hiru urteko mantentze-lanak ere kontutan hartu dira). Proiektua burutzeko hainbat diru-laguntza eskatu eta lortu dira:

- Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ematen duen diru-laguntza

- Europar Batasunaren LIFE - Urban Klima 2050 programa

03 / 06 / 2022

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0