Albisteak

Albistea

Bermeoko kiroldegiak eskaintza zabala aurkeztu du

-Duela aste gutxi boulderra, gimnasioa eta squash kantxak zabaldu ziren eta, dagoeneko, biking eta indar saioak hasi dira

-Datozen asteotan, beste bi gidatutako jarduera martxan jarriko dira: 60 urtetik gorako herritarrei zuzendutako kirol saioak eta Ipar Martxak

Bermeon, 2021eko martxoaren 11an.- Bermeoko kiroldegiak eskaintza zabala aurkeztu du. Egoera epidemiologikoa dela eta zenbait zerbitzu itxita egon ostean, kiroldegiak, pixkanaka, bere eguneroko zerbitzuak martxan jarri ditu. Duela aste gutxi boulderra, gimnasioa eta squash kantxak zabaldu zituen eta, dagoeneko, biking eta indar saioak hasi dira. Hori bai, hitzordua eskatzea beharrezkoa da. Noski, zerbitzu hauek guztiek indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak betetzen dituzte.

Biking eskoletarako 24 saio daude aurreikusita martxoan zehar, astelehenetik igandera, eta, guztira, 216 plaza daude (9 pertsona saio bakoitzeko). Indar saioetarako, ordea, 5 saio daude aurreikusita, astelehenetik ostegunera (ostegunean bi saio antolatu dira, goizez eta arratsaldez), eta 60 plaza sortu dira (12 pertsona saio bakoitzeko).

Gainera, datozen asteotan, beste bi gidatutako jarduera martxan jarriko dira: 60 urtetik gorako herritarrei zuzendutako kirol saioak eta Ipar Martxak. Lehen jarduerari dagokionez, Artza frontoian egingo dira eta 45 minutukoak izango dira (10:00-10:45 eta 11:00-11:45). Bi talde antolatuko dira eta, guztira, 30 plaza egongo dira (15 pertsona saio bakoitzeko). Nagusien jarduera fisikoa ingurune kontrolatu eta seguru batean gauzatuko da eta helburua da ohitura osasungarriak berreskuratzea. Martxoaren 16an egingo da lehenbiziko saioa. Izen emateko epea zabalik dago dagoeneko. Noski, musukoa ekartzea derrigorrezkoa izango da eta, erabiltzaileek, etxetik kirola egiteko arroparekin jantzita etorri beharko dute, aldagelarik ez baita egongo. Eskuoihala eta ur botila motxilan ekarri beharko dira.

Ipar Martxak ere martxoaren bukaeran hasiko dira eta hilero irteera bat antolatuko da, hilabete bakoitzaren azkenengo larunbatean. Talde bakoitzak 12 plaza izango ditu eta jardueraren helburu nagusia izango dira oinarrizko teknika ikastea eta inguruko Nordic Walking ibilbideak ezagutzea. Guztira, 4 saio aurreikusi dira, momentuz, martxotik ekainera.

Azkenik, igerilekua zabaltzen denean, bertan egiten diren jarduerak hasiko dira. Instalazio hau prest dagoenean emango dira xehetasun gehiago.

11 / 03 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0