Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak egungo egoerara moldatutako Gabonetako programazioa aurkeztu du

-Besteak beste, Olentzero eta Mari Domingi, pailazoak, antzerkiak… antolatu dira egun berezi hauetarako

Bermeon, 2020ko abenduaren 9an.- Aurtengo Gabonak ez dira urtero ospatzen ditugunak bezalakoak izango. Hala ere, Bermeoko Udalak hainbat ekintza antolatzea erabaki du. Hori bai, denek indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak zorrotz beteko dituzte eta egungo egoerara moldatuta egongo dira. Helburua da bermeotarrei urtero egiten diren zenbait ekintza eskaintzea, denok egun berezi hauetaz modu seguruan disfrutatu dezagun. Udalak herritarrei mesedez eskatzen die antolatzaileen gomendioak jarraitzea, ekintza seguruak izan daitezen. Gainera, ekintzetara puntual iristea eskatzen da.

Bermeoko Udalaren Gabonetako eskaintza

Abenduak 24, eguena: OLENTZERO ETA MARI DOMINGIRI HARRERA

Antolatzaileak: Olentzeroren laguntzaileak eta Bermeoko Udala.

Olentzero eta Mari Domingiri Gabon bezperan harrera egingo diogu Bermeoko Artza Frontoian. 16:00etatik 20:00etara izango da eta txandak eta taldeak antolatuko dira. Ekintza honetan parte hartzeko gonbidapena beharko da, noski. Gonbidapen hauek abenduaren 10etik aurrera eskuratu beharko dira Gizarte eta Kultur Etxean, 17:00etan hasita.

Talde batek, gehienez, heldu bakarra izango du eta heldu honekin batera, gehienez ere, 4 ume sartu ahalko dira. Hau da, taldeak 5 lagunekoak izango dira asko jota eta talde bakoitzaren ardura heldu batek izango du. Helburua da umeei Olentzero eta Mari Domingi ikusteko aukera eskaintzea. Gizarte eta Kultur Etxean talde bakoitzari ordua zehaztuko zaio. Bisita egindakoan, taldeak frontoitik atera beharko du eta ezingo da inguruetan geratu, jende pilaketak ekiditeko. Antolatzaileen lana eta gomendioak errespetatzea mesedez eskatzen da.

Abenduak 29, martitzena: PIRRITX, PORROTX ETA MARIMOTOTS PAILAZOAK

Antolatzailea: Bermeoko Udala. Ekintza hau BES-TE-BAT! Zuzeneko Arteen Zirkuitua ekimenaren barruan garatuko da.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek “Amaren intxaurrak” ikuskizuna ekarriko dute Artza Frontoira abenduaren 29an. Bi saio egingo dira: 16:00etan eta 18:30ean. Sarrerak Gizarte eta Kultur Etxean eskuratu ahal izango dira abenduaren 15etik aurrera (9:00etatik aurrera). Umeen sarrerek 5 euroko prezioa izango dute eta, helduen sarrerek, ordea, 10 eurokoa. Heldu bakoitzak 4 sarrera erosi ahal izango ditu gehienez. Aforo oso murriztua izango da. 2-3 urtetik gorako umeei zuzendutako emanaldia izango da.

Abenduak 30, eguaztena: GOSPEL KONTZERTUA

Antolatzailea: Bermeoko Udala. Ekintza hau BES-TE-BAT! Zuzeneko Arteen Zirkuitua ekimenaren barruan garatuko da.

Abenduaren 30erako Gospel Zikloa antolatu du Udalak: ‘Goiko gela’. Santa Maria elizan egingo da 19:00etatik aurrera eta gonbidapenak beharko dira sartzeko. Sarrerak abenduaren 21etik aurrera Gizarte eta Kultur Etxean hartu beharko dira. Lagun bakoitzak 4 sarrera hartu ahal izango ditu gehienez (heldu bat eta hiru ume).

Urtarrilak 3, domeka: ERREGE MAGOEI GUTUNA BIDALI

Antolatzaileak: Bermeoko Udala eta BUDEK

Bermeoko Udal Azokan Errege Magoen postaria egongo da 17:00etatik 20:00etara. Honek, umeen gutunak jasoko ditu. Erregeek umearen etxea non dagoen jakiteko umeak berak Bermeoko mapa batean bere etxea non dagoen identifikatuko du, gomets baten bitartez. Umeak ere bigarren gometsa etxera eramango du, Erregeek dagokien etxean daudela jakin dezaten.

Urtarrilak 5, martitzena: HIRU ERREGE MAGOEI HARRERA-ANTZERKIA

Ez, aurten ez da urteroko kabalgatarik egingo. Hala ere, hiru Errege Magoen 15 minutuko antzerki laburra ikusi ahal izango dute ume bermeotarrek Artza Frontoian. Hiru saio egingo dira: 16:00etan, 17:30ean eta 19:00etan. Gonbidapenak Gizarte eta Kultur Etxean batu beharko dira, abenduaren 30etik aurrera (09:00etatik aurrera). Umeei zuzendutako ekintza izango da eta, beraz, mesedez eskatzen da ahalik eta heldu gutxien egotea. 4 pertsonako taldeak izango dira, gehienez (heldu bat eta hiru ume).

Gainera, Errege Magoak umeak agurtzera hurbilduko dira. Umeak gradetan jesarrita egongo dira ikuskizuna ikusten. Ez da inongo kontakturik egongo Erregeekin. Saiotik irten eta gero, frontoi aurrea libre geratu beharko da.

09 / 12 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0