Albisteak

Albistea

‘Gaztedi Busturialdea’k eskualdeko zazpigarren enpresa ideia lehiaketa jarri du martxan

Bermeoko eta Gernika-Lumoko udaletako gazteria zerbitzuek eta Ajangiz, Arratzu, Busturia, Ereño, Forua, Gautegiz Arteaga, Kortezubi, Mendata, Morga, Mundaka, Murueta, Nabarniz eta Sukarrieta biltzen dituen Urremendi Landa Garapen Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, "Busturialdeko VII. Enpresa Ideia Lehiaketa" abian jarri dute, zazpigarren urtez jarraian. Lehiaketak enplegua sortu eta Busturialdeko gazteen ekintzailetza kultura sustatzea du helburu. Aurreko sei edizioak kontuan hartuta, guztira ia 100 enpresa ideia eta enpresa aurkeztu dira.

Eskualdeko gazteak lan mundura sartzea ahalbidetzen duen Lana bilatzea, Lana da programa Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Busturialdea proiektuan kokatuta dago eta lehiaketaren edizio berri honek beren ideia berritzaileak abiatzeko eta enpresa ikuspegia saritzeko aukera eskaintzen die Busturialdeko gazteei.
Busturialdeko VII. Enpresa Ideia lehiaketaren helburuak, besteak beste, eskualdean ekintzailetza kultura hedatu, Busturialdean lana eta aberastasuna sortu, eskualdeko ekonomia sustatu eta enpresa proiektu onenak saritzea dira.

Aurreko urteetan bezala, lehiaketan 18 eta 35 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal dute, beti ere, aurkeztutako enpresa ideia Busturialdean kokatzen bada. Halaber, posiblea da enpresa ideia edo 2020an sortutako enpresa bat aurkeztea.

Epaimahaiak jarraian adierazitako irizpide, meritu eta elementuak baloratuko ditu aurkeztutako proiektuetan:

-Izaera berritzailea: balio erantsia edukitzea edota originala izatea.

-Enplegua sortzeko aukera eta horien kalitatea.

-Lantalde sustatzailearen gaitasuna (profil egokiak) proiektua arrakastaz garatu eta martxan jartzeko.

-Proiektua Busturialdean gauzatzeko aukera edo eskualdera egokitzekoa.

-Proiektuaren garapen- eta deskribapen-maila.

-Proiektuaren jasangarritasuna (ingurumenari zein ekonomiari dagokienez).

            -Gizarte-eragina.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek datorren azaroaren 20ko 14:00ak arteko epea dute beren proposamenak aurkezteko. Sari-banaketa abenduan izango da.

Irabazleak 3.000 euroko saria jasoko du, bigarrenak 2.000 eurokoa eta lehen sektoreari lotutako ideiarik onenak, aldiz, 1.000 euro jasoko ditu, aurreko sarietako baten bat jaso ez badu. Gainera, lehen eta bigarren sarituei Arratzuko Elkartegiko langune bat doan itziko zaie urte batez. Halaber, Torrealday Aholkularitzak irabazleari urtebeterako aholkularitza zerbitzua (zerga, lan eta kontabilitate-aholkularitza) emango dio doan eta bigarrenari, aldiz, sei hilabeterakoa.

 Aurten, gainera, hiru sari horietatik aparte, COVID-19aren eragina arintzera bideratutako enpresa-ideiarik onena ere sarituko da. Horrek 1.000 euroko saria eramango du, beti ere aurreko sarietako baten bat jaso ez badu.


Osasun-, ekonomia- eta gizarte-krisia bizi dugun honetan, gazteen sormenaren alde egin behar dugu, ideia berritzaileak behar ditugu susperraldiari berriro ekiteko eta balio erantsiko konponbideak emateko. Ideiek iraunkorrak izan behar dute, eta hazkunde ekonomikoaren, ingurumenaren zaintzaren eta gizarte-ongizatearen arteko oreka bermatu behar dute. Sari honen bidez, COVID-19aren ondorioei aurre egiten eta pandemiaren eragina arintzen lagun dezaketen ideia/irtenbide berritzaileenak identifikatu nahi dira.

Epaimahaiaren aburuz ideiek ez badute gutxieneko maila, sariak eman gabe geratu daitezke.

Informazio gehiago lortzeko eta izen-emate orriak batu eta entregatzeko Bermeoko eta Gernika-Lumoko Udaletako Gazte Informazio Zerbitzuetara edo Urremendi Landa Garapen Elkarteko bulegora jo behar dute interesatuek. Halaber, www.gaztedibusturialdea.eus webgunean ere informazio osoa eta izen-emate orriak lortu daitezke. Izen-emate orri horiek eta beharrezko dokumentazio guztia paperean aurkeztu beharko dira, arestian aipatu zerbitzuetan, 2020ko azaroaren 20ko 14:00ak baino lehenago.

2020ko ideia irabazleak

Joan zen urtean, 'Növérek Events' izeneko enpresa-ideiak eraman zuen 3.000 euroko lehenengo saria. Busturialdean era guztietako ekitaldiak antolatu, kudeatu eta koordinatzea helburu duen enpresa aurkeztu zuten Yaiza Cid Foruria (Gernika-Lumo, 1986) eta Ania Cid Foruria (Gernika-Lumo, 1990) ahizpa gernikarrak.


Lehen sektorearekin lotutako ideia onenaren saria, aldiz, Eider Urrutiak (Bermeo, 1991) lortu zuen ‘Mikobaso’ ideiarekin.

06 / 10 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0