Albisteak

Albistea

Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko auzolana urriaren 4an egingo da

Bermeon, 2020ko irailaren 22an.- Gaztelugatxeko kostaldea hondakinez garbitzeko auzolana urriaren 4an egingo da, Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak antolatuta, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen sailaren laguntzarekin.

Jardueraren helburu nagusia da itsasoak kalara ekarritako hondakin guztiak kentzea; hala nola botilak, kutxak, plastikoak, sareak, sokakā€¦ Ekimen honekin kostaldean hain berezia den Gaztelugatxeren ingurumen eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen lagundu nahi da.

2018ko uztailean ere antzeko jardunaldi bat antolatu zen eta arrakasta handia izan zuen, 30 pertsonatik gora parte hartu baitzuten. Adin guztietako boluntarioak,  gizon zein emakume, ibili ziren orduan lanean. Jardunaldi honekin guztira 6 auzolan jardunaldi antolatu dira jada azken sei urteetan Gaztelugatxeko kala garbitzeko.

Aurtengo auzolanak, hala ere, aldaketak izango ditu aurreko edizioarekin alderatuta, COVID-19ak ekarritako osasun krisia dela eta. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 16 urtetik gorako edonork parte hartu ahal izango du jardueran. Kala arriskutsua da eta, hau dela eta, adin horretatik beherako pertsonak bertaratzea ez da gomendatzen. Geralekua urriaren 4an, domekan, Gaztelugatxe ondoan dagoen Eneperi jatetxearen aparkalekuan izango da, goizeko 09:00etan. Horrela, itsasbehera aprobetxatuko da garbiketa lanak egiteko.

Partaideen segurtasuna bermatzeko 10 pertsonako taldeak egingo dira eta, gainera, boluntarioak kala osoan zehar zabalduko dira, denbora guztian segurtasun-tartea mantenduz. Horrez gain, maskara nahitaezkoa izango da lanaldi osorako.

Jarduera hasteko, antolatzaileek itsasoaren kutsadurari buruz hitz egingo dute eta garbiketa lanak zelan egin azalduko dute. Aurtengo egoera berezia dela eta, ez da poltsarik ezta urik banatuko. Hau dela eta, boluntarioei etxetik ura ekartzeko gomendatzen zaie.

Kalaren zailtasuna kontuan izanda, zakuetan jasotako hondakinak haitzetatik errepideraino ateratzeko giza kate bat osatuko da  eta, ondoren, hondakinen edukiontzi batera eramango dira. Bertatik, Bermeoko Udalak hondakin geldoen zabortegi batera eramango ditu. Jardunaldia 14:00etan amaituko da.

Antolatzaileek gomendatzen dute arropa eta oinetako erosoak (labaintzen ez dutenak eta busti daitezkeenak), ordezko arropa eta edatekoa eramatea.

Materiala eta garraioa antolatzeko eta derrigorrezko asegurua egiteko, ezinbestekoa da parte hartu nahi duten boluntarioek izena ematea irailaren 28ko arratsaldeko 18:30ak baino lehen info@lurgaia.org posta elektronikoan.

22 / 09 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0