Albisteak

Albistea

Bermeoko udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek, Bostale ostalarien elkarteak, Berton merkatari elkarteak eta herriko Jai Batzordeko ordezkariek, modu bateratuan aurten Andra Mari eta Santa Eufemia jairik ez dela ospatuko gogorarazi dute

-Adierazpena modu bateratuan irakurri dute gaur goizean eta herritarrei eta ostalaritza establezimenduei arduraz jokatzeko eskatu diete, guztion osasuna eta etorkizuna baitago jokoan

-Udal gobernuko ordezkariek, gainera, aste honetan herriko 30 ostalaritza establezimendurekin baino gehiagorekin bilerak izan dituzte mezu bera helarazteko, kolaborazioa eskaini eta eskatzeko,  eta adostasuna “erabatekoa” izan da

-Irailaren 7tik 16ra bitartean, eta irailaren 19an, Bermeoko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak kontrola handituko dute osasun eta segurtasun neurriak behar bezala betetzen direla egiaztatzeko

Bermeon, 2020ko irailaren 3an.- Bermeoko udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek, Bostale ostalarien elkarteak, Berton merkatarien elkarteak eta herriko jai batzordeko ordezkariek mezu bateratua bidali dute gaur goizean: aurten ez da Andra Mari eta Santa Eufemia jairik ospatuko. Gainera, herritarrei eta herriko establezimenduei arduraz jokatzeko eskatu diete. Izan ere, denek adostutako adierazpena irakurri eta gogorarazi dute indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak zorrotz bete behar direla, “guztion osasuna eta etorkizuna” baitago jokoan. Bestalde, herriko ostalaritza establezimenduei ere jai girorik ez bultzatzeko eskatu diete.

Udal gobernuko ordezkariek, gainera, aste honetan herriko 30 ostalaritza establezimendurekin baino gehiagorekin bilerak izan dituzte mezu bera helarazteko eta kolaborazioa eskaini eta eskatzeko.  Bilerak “oso positiboak” izan direla azpimarratu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta ostalariek “elkarlanerako erabateko jarrera” adierazi dutela esan du, bide honetan “denak batera goazelako”. Abaroak esan du: “denok bide bera hartu behar dugu asko baitugu jokoan. Seguru naiz lortuko dugula denek helburu bera dugulako”.  

Gainera, irailaren 7tik 16ra bitartean, eta irailaren 19an, Udalak neurri zorrotzak hartuko ditu egoera kontrolatzeko. Izan ere, herriko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, biak elkarlanean, indarrean dauden osasun neurriak behar bezala betetzen direla baieztatuko dute. Hori lortzeko udalak egunotarako udaltzaingoaren zerbitzuak indartu egingo ditu eta kalean presentzia eta kontrola handituko dute.

Azkenik, Bermeoko Udalak Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako liburuarekin aurrera egitea erabaki du. Izan ere, liburu honek herriko negozioen iragarkiak eta Bermeorekin lotutako istorioak ere jasotzen ditu. Aurtengo liburua, gainera, berezia da, izan ere, jai-egitaraurik ez jasotzeaz aparte, jairik ez ospatzeko deia eta bizi dugun egoerari aurre egiteko neurriak betetzeko mezuak biltzen ditu. Liburua Bermeoko Kultur Etxean eta Turismo Bulegoan eskuragai egongo da irailaren 4tik aurrera 0,5 euroko prezioan.

04 / 09 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0