Albisteak

Albistea

Astelehenean irekiko ditu ateak 2020ko Arrain Azoka birtualak

Maiatzaren 18tik 24ra bitartean, hainbat ekimen egingo dira modu birtualean

Bermeon, 2020ko maiatzaren 15ean.- Iritsi da 2020ko Arrain Azokaren ateak irekitzeko unea. Izan ere, era birtualean ospatuko den ekimen hau astelehenean hasiko da. COVID-19ak behartuta, Arrain Azoka Elkarteak (Bermeoko Udala eta sektoreko enpresek osatzen dutena) azoka bera egiteko beste formatu batzuk aztertzen hasi zen eta, egitarau oparoa definitu ostean, maiatzaren 18tik 24ra egitea erabaki du, betiere bere espiritua mantenduz eta arrantza sektorea eta izaera balioan jarriz. Antolatzaileek parte-hartzaileekin harremana webgune berriaren eta sare sozialen bitartez mantenduko dute zazpi egun hauetan zehar.

15 enpresa eta 3 erakunde izango ditugu Azoka birtual honetan. Enpresak hauek dira: La Gaviota, Echebastar, Cusumano, Serrats, Zallo, Toja, Anchoas de Bermeo, Salica, Albacora, Tarratadie, Conservas Urdaibai, La Gilda del Norte, Gastronorte, Keia eta Etxeko Makailoa. Erakundeak, berriz, honako hauek dira: Bermeo Tuna World Capital, Urremendi eta Bermeoko Gurutz Gorria. Era berean, hurrengo kolaboratzaileak ere izango ditugu: Azti, Gastroteka taberna, Akelarre Taberna, Kai Alde taberna, Aranzadi Elkartea, Bermeoko Sareginak eta Neskatilak, Euskaraldia, Adiskide eta Hurre Hurre txokoak, Alkartasuna Dantza Taldea, Bermeoko Erraldoiak eta Arrantzaleen Museoa.

Facebook eta Instagram sare sozialen bitartez, egunero aurkezpenak izango ditugu:

-         12:30ean enpresa erakusleen produktuekin pintxoak egiteko proposamenak zabalduko dira. 4 pintxo egunero.

-        13:30ean enpresa erakusleen aurkezpena. Egunero bi enpresen aurkezpena, euren bideoen bitartez.

-          Arratsaldeetan hainbat aurkezpen eta aurreko urteak gogoratzeko bideoak emitituko dira.

-          Asteburuan, 11:30ean, gai hauei buruzko aurkezpenak izango ditugu enpresen eskutik:  pintxo, nutrizioa eta lantegietan bokarta lan egiteko prozesuak.

-          Astelehenean, asteazkenean eta ostiralean, 19:00etan, herriko hiru tabernek zenbait pintxo nola prestatu erakutsiko digute.

- Euskaraldiak ere bere partaidetza izango du. Besteak beste, larunbatean, Kike Amonarrizek hitzaldia eskainiko du.

Mahoiak zintzilikatu

Bestalde, antolatzaileek proposatzen dute balkoietan mahoiak zintzilikatzea, Arrain Azokaren espiritua herrian aste osoan zehar egoteko. Gainera, sare sozialetan, erronka bat ere izango dugu, Arrain Azokaren bizipenak gogoratzeko. Partehartzaile guztien artean herriko enpresen produktuen 3 otzara bikain zozketatuko ditugu.

Saria

Erraldoien konpartsak, igandean, 13:00etan, azken urteotan ematen duen saria emango du aurton ere, taldearen alde lan egin duen aukeratuari eskerrak emanez.

Umeentzako dantzaldia

Arrain Azoka enpresen topagune izateaz gain, arrantza munduaren jaia ere bada, eta jaia eta alaitasuna etxe guztietara eraman nahi dute antolatzaileek. Horretarako, astelehenetik aurrera eta beti ere lotura baten bidez, umeentzako dantzaldi bat egongo da, sare sozialetan bakoitzari ondoen datorkion momentuan jai giro hori ume eta gazteekin etxean partekatzeko.

Bestalde, Azoka birtualean erosketak egiteko lotura honako hau da: https://www.bizibermeo.eus/azokabirtuala. Berton eskaintza bereziak aurkituko ditu erosleak. Maiatzaren 15etik aurrera, Arrain Azokaren web orria bisitatzeko aukera ere izango dugu: https://www.bizibermeo.eus/arrainazoka.

15 / 05 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0