Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak M8ko asanblada feministak deitutako greba babesten du eta antolatutako ekintzetan parte hartzera deitzen du

 

Bermeoko Udalak Bermeoko M8ko asanblada feministak deitutako grebari babesa eman dio eta herritarrak deitu ditu egunotan antolatzen diren ekintzetan parte hartzera. Bermeoko Udalak azken Osoko Bilkuran, otsailaren 28an, aho batez onartu zuen Martxoak 8ko erakunde adierazpena ‘Bizitzak erdigunera’ izenburuarekin. 

Adierazpen horretan Bermeoko Udalak gogoratzen duenez, 2018an Mugimendu feministak Martxoaren 8rako egindako emakumeen lan-etenaldi deialdiari eman zitzaion erantzunaren aurrean, “gizarteak mezu argia jaso zuen: kaleak bete ziren eta elkarlan-sareak sustatu, emakumeek beren aukera-berdintasuna erreklamatzeko abian jarrita zuten borrokak atzera bueltarik ez zuela”. 

Ildo horretan, adierazpenean gaineratzen denez,  “2019an ere indarrean jarraitzen dute emakumeen aldarrikapenek ‘Bizitzak Erdigunera’ lelopean”. “Aurten ere, emakumeen bizitzak jasangarri, libre, anitz eta duinak izateko eskaerak kaleak hartuko ditu. Beharrezkoa da emakumeen lan-prekarietatea eta pobrezia salatzea, indarkeria matxista guztien aurka egitea, eta bazterkeria eta arrazakeriari uko egitea”, azpimarratzen du. 

Horrela, “gizarte honen barnean emakumeengan eragiten duten zapalkuntza eta diskriminazio-sistema guztiak desagerrarazteko lanean”, Bermeoko Udaletik ere Martxoaren 8an “Emakumeok planto egitea eta Bizitzak Erdigunean jartzea aldarrikatuko dugu”. 

“Eta zer esan nahi du azken horrek, zehazki? Gure bizitzak sostengatu eta beroriek erdigunean jartzeko ordainduak eta ordaingabeak diren lan guztiak beharrezkoak diren heinean, nagusiki emakumeoi egokitu zaigun zaintza-lan hori guztia eremu pribatu horretatik atera behar dugula; hau da, zaintza eta etxeko lanen ardura sozializatu behar dela eta gizonek eta erakunde publikoek ardura zuzenak hartu behar dituztela”, azaltzen da onartutako erakunde adierazpenean. 

Zehazten denez, “denboraren erabilera orekatzea erabat estrategikoa eta gakoa da berdintasun-politikak eraginkorragoak izan daitezen. Europako Berdintasun Adierazleak kontuan hartzen dituen esparruetatik Denborakoan eragiteak, Boterea, Ezagutza, Dirua eta Enpleguetako domeinuetan eragitea ere badakar”. 

Aurrekari horiek aintzat hartuta, Bermeoko Udalak “ardura hartzen du berdintasun erreala eta eraginkorra bermatuko duten politika publikoak burutzeko”. Era berean, Bermeoko Udalak ardura hartzen du “zaintza-lanak bere politika publikoen erdigunean jartzeko, hain zuzen ere, Bermeoko berdintasunerako II. Planaren 3.4. helburua: Zaintza-lanen balioa aitortzea, eta zaintza-lanekiko erantzunkidetasuna sustatzea”. 

Horrez gain, Bermeoko Udalak, Bermeoko M8ko asanblada feministak deitutako greba dela eta, “ardura hartzen du udaleko emakumezko hautetsi eta langileei greba egin ahal izateko erraztasunak emateko” eta azkenik, Udalak dei egiten ditu “egunotan antolatzen diren ekintzetan parte hartzera eta bere babesa ematen dio Bermeoko M8ko asanblada feministak deitutako grebari”. 

Ekimenak 

Ekimenei dagokienez, martxoaren 6an, eguaztenean, Erroxape Emakumeen elkartean, 18:30ean, Bettina Aragón Hillemann-ek   “Empoderamiento y sanación a través del canto”  hitzaldia eskainiko du. Martxoaren 7an, eguenean, eta  Erroxape elkartearen lokalean, Kontakizun Laburren lehiaketaren sari-banaketa  izango da eta Olaia Zabalondo kazetariak hitzaldia eskainiko du. 

Martxoaren 8an, Andrazkoen Nazioarteko Egunean, greba orokorra eta 12:00etan Goiko plazan manifestazioa hasiko da. Taraskan eraildako emakumeei omenaldia egingo zaie eta Lameran ekitaldia amaituko da. Manifestazioan zehar hainbat ekitaldi egongo dira. 

Horrez gain, martxoaren 8rako Erroxapek autobusak  antolatu ditu Bilbora joateko. Izena ematea Erroxapeko lokalean izango da, bazkideentzat dohainik da eta gainerakoentzat 5 euro. Autobusak Erretenetik irtengo dira 17:30ean. 

Martxoaren 9an, zapatuan, Erroxapeko Emakumeen elkarteak antolatuta 12:00etan meza Santa Eufemia elizan eta 15:00etan bazkaria Bermeoko Kasinoan. Horrez gain, Araneko Kiroldegian hileko kirol ekimenaren barne, Andrazkoen autodefentsarako ikastaroa eskainiko da. 

 

05 / 03 / 2019

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0