Albisteak

Albistea

Bermeok 2019ko aurrekontuak onartu ditu herriko mantenua, irisgarritasuna eta enpresa eta turismo garapena indartuz

Tonpoia gune natural moduan berreskuratzea, merkataritza sustatzeko ekimenak eta Alde Zaharra biziberritzeko proiektua aurreikusten ditu 2019ko aurrekontuak

 

 

Zarragoitxi, Itxasbegi eta Ondarraburu kaleetako irisgarritasuna hobetuko da, Pergolan aparkalekua berregokituko da eta autokarabana gune berria egingo da

 

Bermeoko Udalak 2019ko 18,7 milioi euroko aurrekontua onartu du gaur Osoko Bilkuran, 2018an baino %10,3 handiagoa, 1,7 milioi euro, hain zuzen ere. Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, azpimarratu duenez, aurrekontuan gehien indartu diren arloak, besteak beste,  herriko mantenua (kale garbiketa, bide publikoen konponketak, sastar batze zerbitzua, lorategiak...) eta Zarragoitxi, Itxasbegi eta Ondarraburu kaleetako irisgarritasuna hobetzea dira. Era berean, arlo ekonomikoa sustatzea lehentasuna izango da, hala nola, turismoaren sustapena, enpresa garapena eta Bermeo Tuna World Capital proiektua. Tonpoia gune natural moduan berreskuratzea, Pergolako aparkalekua berregokitzea eta autokarabana gune berri bat dira 2019ko proiektu berri eta esanguratsu batzuk. 

Bermeoko Udalak gaur egindako Osoko Bilkuran onartu du aurrekontua EH Bilduren aldeko botoekin, Guzanen aldeko boto batekin eta abstentzio batekin eta EAJ-PNVren abstentzioarekin. Izartuk, aldiz, kontra bozkatu du. 

 Ilusioa sortzen duen aurrekontu errealista bat da, erantzukizun eta zuhurtasun handiarekin egindakoa, eta herritarren beharrizanei erantzutea, bizi kalitatea hobetzea eta etorkizun oparoa lortzea dira bere helburuak”, adierazi du. 

Ildo horretan, Bermeoko alkateak azaldu duenez, aurrekontu honen ardatz nagusiak dira: “Bermeo sozio-ekonomikoki indartzea, desoreka sozialei aurre egitea, herritarren bizi kalitatea hobetzea, Bermeoren eraldaketa, herritar guztiak gure kulturaren parte eta jabe izatea eta kudeaketa gardena eta parte-hartzailea”. 

Enpresa garapena, BTWC eta Bermeoko bonoa 

Bermeo sozio ekonomikoki indartzea lehentasuna da alkatearentzat, eta  horrela aurrekontuek Bermeo Tuna World Capital proiektua indartzen dute eta merkataritza, enplegua eta turismoa bultzatzen dituzte. Ildo horretan, adierazi duenez, besteak beste, “garapenerako ekimenak martxan jarriko ditugu (Enplegu planak, Bermeoko bonoa, ekonomia zirkularra, industrialdea…); Bermeoko udal azokaren egoera hobetzen jarraituko dugu; Alde Zaharreko merkataritza sustatzeko programa bat landuko dugu eta merkatari, ostalari eta enpresen lehiakortasuna sendotzeko dinamizazioarekin jarraituko dugu”.   

Era berean, naturan eta kulturan oinarritzen den turismo jasangarria sustatzeko 2019ko aurrekontuak hainbat ekimen aurreikusten ditu: Pergolako aparkalekua, autokarabanentzat zerbitzu berria eta baita ere, Gaztelugatxeren esentzia mantenduz, Bermeorekin loturak eskaintzeko ekimenak aurreikusten dira: anezka autobusak Gaztelugatxera, bizikleta elektrikoen zerbitzua, oinezko bideak bultzatzea eta eskaintza kulturala lantzea. 

Herriko ondarea balioan jartzea ere aurreikusten du aurrekontuak: Ortuberen lagunen taldea sendotzea, ondarea balioan jartzeko bideragarritasun proiektua egitea eta Ortube itsasontziaren eta Aita Guria baleontziaren itxura hobetzea eta balioan jartzea.  

Desoreka sozialei aurre egitea aurrekontuen beste ardatz nagusi bat da, bere esanetan. Bidegurenek azaldu duenez, oinarrizko zerbitzuak eskaintzeaz gain, adinekoek eta adin txikikoek dituzten beharrizanei erantzutea da lehentasuna. Horrez gain, drogen kontsumoen prebentzioa indartuko da eta elkarbizitza plana martxan jarriko da. 

 “Horrez gain, berdintasun politikak bultzatzeko apustu sendoa egin da eta 2019an  ekintza plana onartu eta martxan jarriko da, emakumeen kontseilua finkatuko da  eta Bermeoko Udalak berdintasuna lantzen den sareetan parte hartuko du (Basqueskola, Berdinasarean…)”, gaineratu du. 

Herritarren bizi kalitatea bermatzea aurrekontuaren lehentasuna dela azpimarratu du Bidegurenek; izan ere, garbitasuna eta herriaren irudia Udalaren helburu garrantzitsuak dira aurrekontuetan eta horretarako honako zerbitzu hauek indartuko dira: garbitasuna hobetzeko zerbitzuak, lorategi eta gune berdeen irudia hobetzea, auzoen zaintza, gune urbanoetan hobekuntzak…” Esate baterako, Benito Barrueta institutuko ingurua hobetuko da eta txakurren gune bat eraikitzea aurreikusten da.  Era berean, eraikinen mantenua egingo da eta, kasu horretan, haurreskolan egingo diren inbertsioek lehentasuna izango dute. 

Aurrekontuek ingurumenaren zaintzarekiko konpromisoa ere jasotzen dute, izan ere, edukiontzi berriak jarriko dira birziklatze tasak handitzeko eta bosgarren edukiontzia jartzen hasiko da Udala. “Herriaren mugikortasuna hobetze aldera Pergolako aparkalekuaz gain, Itxasbegiko aparkalekua aztertzeko konpromisoa” hartu dutela azpimarratu du Bidegurenek. Gainera, herriko merkatal guneak sustatzeko aparkaleku birakaria aztertzea aurreikusten da.   

Kiroldegiko gimnasioan eta futbol zelaian hobekuntzak 

Bermeoko alkateak adierazi duenez, “bizi osasuntsu eta aktiboa sustatu nahi dugu eta horregatik kirola apustu garrantzitsua izango da aurten ere guretzat”. Ildo horretan, herriko eskolako jolastokia zabalik mantentzeko heziak eta argiteria jarriko da, Hermanoetako frontoiko argiteria konpondu eta barruan egokitzapenak egingo dira (porteriak…). Araneko kiroldegiari dagokionez, gimnasioa handitzeko proiektua aztertuko da eta aireztatzea egokituko da, bizikletak garbitzeko gunea sortuko da eta igerilekuan hobekuntzak aztertuko dira”. Futbol zelaia berrituko da, belar artifizialdun zelai berri baten bidez zelai handian da eta argiteria berrituko da. 

Bidegurenek adierazi duenez, segurtasuna bermatzea “ezinbestekoa” da. Horregatik, aurrekontuetan aurreikusten da Udaltzaingoan kontratazioak (jubilatuko direnen plazak betetzeko), udaltzaingoaren plangintza estrategikoa martxan jartzea eta udaltzaingoarentzat formazioa. 

Zarragoitxi, Tellaetxe Tar Josu eta Bizkaiko Jaurerria eraldatzen 

Horrez gain, Bidegurenek esan duenez, 2019ko aurrekontuen “beste helburu garrantzitsua da herria eraldatzea erakargarriagoa izateko”. Ildo horretan, lan garrantzitsuak aurreikusten dira: Zarragoitxin hobekuntza lanak, Tellaetxe Tar Josuko saihesbideko lotura egiteko lanak amaitu aurretik bidegurutzea aztertuta izatea, Ondarraburun irisgarritasuna hobetu eta Bizkaiko Jaurerriko merkataritza gune erakargarriagoa izateko proiektua egin. Horrez gain, Alde Zaharraren biziberritzearekin jarraituko da eta, horretarako, besteak beste, orube hutsak berreskuratzen jarraituko da, eta, horrez gain, Tonpoiko gune naturala berreskuratzeko proiektuarekin jarraituko dugu.  

Bestalde, Bidegurenek esan duenez, “herri bizia nahi dugulako”, 2019ko aurrekontuak herritar guztiak kulturaren parte eta jabe izateko programak lantzen jarraituko du. Horrela, Bermeo euskararen arnasgune izaten jarraitzeko lanean jarraituko da, herriko euskal hedabideei zuzendutako diru-laguntzak handituko dira, kultur egitarau indartsua izateko ahaleginean jarraituko dugu herriko taldeekin elkarlanean, eta  Bekoportale zerbitzua martxan jarriko dugu.    

Bermeoko alkateak nabarmendu duenez, aurrekontuek “kudeaketa eraginkorrago, gardenago eta parte-hartzaileago baten aldeko urratsak” ere jasotzen dituzte eta horretarako partea hartzea sustatuko dugu proiektu guztietan, etagardentasuna eta komunikazioa hobetzeko, webgunea eta abisu eta kexen kudeaketa hobetuko dira. Era berean, udalerri euskaldunen artean erreferentea eta erakunde berritzaileen artean erreferentzia izaten jarraitzeko lan egingo da. Ildo horretan, iaz hasitako administrazio elektronikorako bidean aurrera egitea aurreikusten da herritarrei harrera hobea eskaintzeko. 

Giza baliabideen kudeaketa ere lehentasuna izango da (prebentzioa, formazioa, informazioa, balorazioa eta enplegu egonkortzeko plana onartu…). Ildo berean, esan duenez, kudeaketa ekonomiko eraginkorra, gardena eta parte hartzailea landuko da, finantza egitura, kontratazio prozedura eta ordainketa epeak hobetuz. 

Udaletxea eta Erreteneko parke estalia 

Horrez gain, Bermeoko alkateak adierazi duenez, 2018ko aurrekontuarekin “2019an Udaletxea birgaitzen jarraituko dugu, Erretenen umeentzako parke estalia egingo dugu eta Frontoiko aldagelak berrituko ditugu”. 

Bideguren “pozik” agertu da aurrekontua “onartzeko gaitasuna egon delako, izan ere,  gainerakoen ekarpenak onartzea erraza izan da udal gobernuak aurreikusitako ekimenak indartzea suposatu duelako”. “Gaur onartutako aurrekontu honek ilusioa sortzen du, herritarren beharrizanei erantzuna emango dieten proiektuak martxan jartzea ahalbideratuko du eta etorkizun hobe bat eraikitzen lagunduko du”, nabarmendu du Bermeoko alkateak. 

28 / 12 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0