Albisteak

Albistea

Azalien asteburu kulturalak herriko artisten lana ezagutzera emango du urriaren 26, 27 eta 28an Bermeoko Arrantzaleen Aintzinako Kofradian

Gaia erotismoa izango da eta musika, dantza, pintura, argazkilaritza, zinea, graffitiak, bakarrizketak, eskultura, musika eta zeramikarekin, besteak beste, gozatzeko aukera izango dugu

 

Azalien asteburu kulturalak, bigarren urtez, urriaren 26an, 27an, eta 28an, herriko artisten arte-diziplina ezberdinetako lanak espazio bakar batean batuko ditu, espazio berezi batean, Bermeoko Arrantzaleen Kofradi Zaharrean, hain zuzen ere. Horrela, herritarrek, besteak beste, pintura, musika, dantza, argazkilaritza, zinea, graffitiak, eskultura, antzerkia, zeramika eta hainbat kontzertuekin gozatzeko aukera izango dute, Bermeoko kultur eta arte elkarteen eta artisten eskutik. Gaia aurten erotismoa izango da. 

Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, eta Pedro Lazpiur, Gotzon Zulueta, Rosa Mari Gabantxo eta Nerea Gazaga, Barrueta Arte Elkarteko kideek, aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Azalien asteburu kulturala ekimena. Astuik azaldu duenez, Barrueta Arte Elkarteak Bermeoko Udalaren laguntzarekin antolatutako ekimen honetan herriko 15 arte edota kultur elkarte inguruk parte hartzen dute eta baita ere banakako artistek. 

“Azalien asteburu kulturala Iaz egin zen lehenengo aldiz,  arrakasta izugarria izan zuen eta herritarrek oso ondo baloratu zuten. Hortaz, aurten ere ospatuko da, gainera iaz baino parte-hartzaile gehiagorekin”, gaineratu du.

 

Bere esanetan, “helburuak honakoak dira: alde batetik, herriko artistek egiten dituzten arte-diziplina ezberdinetako lanak toki berdin batean batzea herritarrei eta interesa duten guztiei ezagutzera emateko; eta, bestalde, elkarren lanak ezagutuz artisten arteko harremanak indartu nahi dira”. “Azalien asteburu kulturalaren bidez, Bermeon ditugun artistak eta euren lan garrantzitsuak ezagutzeko aukera izango dugu guztiok”, adierazi du. 

Urriaren 26an, barikuan, hasiko da Azalien asteburu kulturala, arratsaldeko 19:00etan izango da inaugurazioa ekimenaren azalpen labur batekin. Ondoren, 19:30ean, erakusketa zabalduko da, eta 20:00etan Aiama eta  Mamushka! Taldeen kontzertuarekin gozatu ahal izango da. 

Urriaren 27an, zapatuan, nahi duten pertsona guztiek, ume zein nagusi, margotzera hurbildu daitezke Arrantzaleen Kofradi Zaharrera, bertan Barrueta Arte Elkarteko kideak ere margotzen izango baitira. 13:00etan Miss Baker taldearen kontzertuaren txanda izango da eta Raku, buztina lantzeko tailerra izango da. 20:00etan musika izango dugu berriro ere protagonista eta ondo pasatzeko aukera izango dugu Etxekalte eta DJ Blakáren kontzertuekin Arrantzaleen kofradian.   

Urriaren 28an, domekan, zapatuan bezala, nahi duten pertsona guztiek margotzera animatu daitezke eta 13:00etan dantza ikuskizuna ikusteko aukera egongo da Katillotxu emakume taldearen eskutik. Ondoren, 13:30ean DJ Gatazkaren musikak giroa alaitu du. 

Zapatuan egunean zehar eta domekan goizean zehar hainbat izango dira Azalien ekimenaren barne egingo diren ekimenak: zeramika-gaiak modelatuko dira, hitzaldiak eskainiko dira, bakarrizketak, olerki irakurketak,  laburmetraiak proiektatuko dira, argazkien erakusketa egongo da, egur lanketa egingo da, eta graffitiak eta birziklatutako eskulturak ikusteko aukera egongo da, besteak beste. 

Azalien asteburu kulturaleko ekimen horien guztien berri Bermeoko Kofradia Zaharreko kanpoko aldean jakinaraziko da, bertan zehaztuko baitira ekimenak eta ordutegiak. 

Hortaz, artearekin gozatzeko aukerak eskainiko ditu Bermeok urriaren 26, 27 eta 28ko Azalien asteburu kulturalean, eta, herriko talde eta artisten eskutik,  pintura, argazkilaritza, zinea, musika, dantza, graffitiak, eskultura, antzerkia eta zeramikarekin gozatzeko aukera izango dute bertaratzen diren guztiek. Astuik eta Barrueta Arte Elkarteko kideek pertsona guztiak gonbidatu ditu ekimen honetan parte-hartzera. Ekitaldi guztietako sarrera dohainik izango da. 

23 / 10 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0