Albisteak

Albistea

"Lotsagarria" da Bizkaibusek "bermeotarron eskaerak eta beharrizanak kontuan ez hartzea" salatu du Bermeoko alkateordeak

 

 

 

Bizkaibusek “Bermeoko herriaren eskaerak eta bermeotarren beharrizanak” kontuan hartzen ez dituela salatu du Bermeoko alkateordeak, Benito Ibarrolazak. Ildo horretan, azaldu duenez, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari Bizkaibus A3527 linea, Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen duena, hain zuzen ere, domekatan eta jai egunetan udan ere eskaintzeko eskatu zion ekainean, baina “ez zuten gure eskaera kontuan izan”. 

“Ez zuten gure eskaera erantzun ere egin, baina, are gehiago, orain, Bakioko Udalaren eskariz, A3516 Bilbao-Mungia, A3518 Bilbao-Mungia-Bakio eta A3527 Bilbao-Mungia-Bermeo lineen egutegia irailaren 30era arte luzatzea erabaki dute, hondartzen denboraldiarekin bat etortzeko”, azaldu du. Ibarrolazak gaineratu duenez, “horrek suposatzen du A3527 linea, Bermeo eta Bilbo Sollubetik lotzen duena, ez dugula domekatan izango, guretzat ezinbestekoa denean, gainera kontuan hartuta irailaren 9an Arrantzale eguna dela eta, irailaren 16an,l Santa Eufemia eguna, Bermeoko jai egun garrantzitsuak”. 

Gainera, adierazi duenez, “festa egun nagusi bi horietan eta iraileko beste domeketan ere, Bermeoko Mañuko auzoko herritarrak eta bertan dauden zerbitzu ezberdinak (jatetxeak, landa-etxeak…), garraio publiko barik gelditzen dira erabaki horren ondorioz”. 

“Lotsagarria da Bermeo eta bermeotarron beharrizanak kontuan hartu gabe erabakiak hartzea”, salatu du. Ildo berean, Ibarrolazak azaldu duenez, Bermeoko Udalak Bizkaibuseri Gaztelugatxen geltokia duen A3517 linea (Bermeo- Bakio-Mungia-Derio-Bilbao) irailean astegunetan ere mantentzeko eskatu zion, “batez ere kontuan hartuta oraindik Gaztelugatxera doazen pertsonak asko direla eta oraindik hondartza denboraldia ere badela”. “Momentu honetan astegunetan A3524 linea dugu, zortzi pertsonako taxia eta ordu birik behin doana, hain zuzen ere”, azaldu du. 

“Gure eskaerak ez dituzte kontuan hartu, nahiz eta herriko jaiak izan, turismo denboraldi altua izan eta hondartza denboraldia baita ere”, azpimarratu du. Hala ere, Ibarrolazak adierazi duenez, Bermeoko Udalak Bizkaibuseri eskaerak eta aldarrikapenak egiten jarraituko du “gure herriaren garraio publikoa hobetzeko helburuarekin, bermeotarrok, gainerako bizkaitarrak bezala,  kalitatezko garraio publiko bat merezi dugulako”. 

07 / 09 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0