Albisteak

Albistea

Gaztelugatxeko kostaldea garbitzeko auzolana uztailaren 14an, zapatuan

 

Gaztelugatxeko kostaldea hondakinez garbitzeko auzolana egingo da uztailaren, 14an, zapatuan, Bermeoko Udalak eta Lurgaia Fundazioak antolatuta, eta Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailaren laguntzarekin.

Jardueraren helburu nagusia da itsasoak kalara ekarritako hondakin guztiak kentzea; hala nola, botilak, kutxak, plastikoak, sareak eta sokak. Irune Ormaetxeak, Ingurumen zinegotziak, azaldu duenez, ekimen honekin “kostaldean hain berezia den Bermeoko Gaztelugatxeren ingurumen eta bere paisaiaren balioa zaintzen eta mantentzen lagundu nahi dugu”.

Ormaetxeak gogoratu duenez, 2016ko azaroan antzeko jardunaldi bat antolatu zen, eta arrakasta handia izan zuen, 20 pertsonatik gora parte hartu baitzuten,  hain zuzen ere, adin guztietako boluntarioak,  gizon zein emakume. Jardunaldi honekin guztira 5 auzolan antolatu dira jada azken sei urteetan Gaztelugatxeko kala garbitzeko.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, pertsona guztiek parte har dezakete jardueran, baina kontuan izan behar da kala harritsua dela. Geralekua uztailaren 14an, zapatuan, Gaztelugatxe ondoan dagoen Eneperi jatetxearen aparkalekuan izango da, goizeko 09:30ean. Horrela, itsasbehera aprobetxatuko da garbiketa lanak egiteko.

Hasteko, antolatzaileek itsasoaren kutsadurari buruz hitz egingo dute eta garbiketa lanak zelan egin azalduko dute. Ondoren, lekura oinez jaitsi, eskularruak eta poltsak banatu eta boluntarioak taldetan antolatuko dira.

Kalaren zailtasuna kontuan izanda, zakuetan jasotako hondakinak haitzetatik errepideraino ateratzeko giza kate bat osatuko da  eta, ondoren, hondakinen edukiontzi batera eramango dira. Hemendik, Bermeoko Udalak hondakin geldoen zabortegi batera eramango ditu. Garbiketa lanetan parte hartzen duten pertsona guztiei ura eta jana banatuko zaie. Jardunaldia 14:00etan amaituko da.

Antolatzaileek gomendatzen dute arropa eta oinetako erosoak (labaintzen ez dutenak eta busti daitezkeenak), ordezko arropa eta edateko likidoa eramatea.

Materiala eta garraioa antolatzeko eta derrigorrezko asegurua egiteko, ezinbestekoa da parte hartu nahi dutenek izena ematea uztailaren 12an, arratsaldeko 18:30ak baino lehen info@lurgaia.org posta elektronikoan edota mugikorrez whatsapparekin: 606 141 831. Izena ematerakoan izen-abizenak, adina eta kontakturako telefono bat eman behar dira.

 

02 / 07 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0