Albisteak

Albistea

Santamañe kale inguruan irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko ditu Bermeoko Udalak

 

 

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Urigintza zinegotziak, adierazi duenez, Santamañe kale inguruko irisgarritasuna hobetzeko lanak hasiko ditu Bermeoko Udalak, gaur, maiatzaren 7an, astelehenean. 

Lan horien bidez, Santamañe kaleko espaloia zabaldu eta berrituko da Kurtzioko sarreraraino. Horretarako, Santamañe kaleko 16 eta 17 zenbakidun eraikinaren aurrealdearen dagoen hesia eraitsiko da. “Hesi hori bere garaian jabego pribatu bat inguratzeko egin zen, baina, gaur egun, espaloi publikoa estutzen du eta irisgarritasuna bermatzeko behar den zabalera eragozten du”, azaldu du Ormaetxeak. 

Hori dela eta, adierazi duenez, Bermeoko Udalak lur-sail horren jabeekin akordio bat lortu du eta, horren ondorioz, hesia eraitsiko da eta lur zati hori erabilera publikora zabalduko da. “Berrituko dugun espaloiaren luzera 135 metrokoa da eta azalera 500 m2-koa, Santamañe kaletik Kurtzioko sarreraino”, adierazi du. 

“Horrela, kale osoaren zoladuraren uniformetasuna lortuko da eta askoz ere erosoagoa, seguruagoa eta irisgarriagoa izango da bertatik ibiltzea, bertako bizilagunen bizi kalitatea hobetuz”, azpimarratu du Ormaetxeak. Santamañe kalean dauden edukiontziak (bi hori eta berde bat) Txibitxagara lekualdatuko direla gaineratu du. 

Ildo berean, Kurtzion era desegokian dauden eskailerak ere konponduko dituztela jakinarazi du. “Ekimen horiek, zalantza barik, inguru horretako irisgarritasuna hobetzen lagunduko dute”, azaldu du. 

Proiektuaren aurrekontua 91.810,92 eurokoa da eta lanak hamar asteko iraupena izatea aurreikusten du Udalak. 

Irune Ormaetxeak adierazi duenez, Santamañe kalean egingo diren lan hauek, orain dela gutxi Almike eta Trake kaleetan egindakoak bezala,   irisgarritasun plangintzaren barne kokatu behar dira. “Udala, Bermeo herri irisgarria izateko,  irisgarritasun plangintza hori martxan jartzen ari da; izan ere, irisgarritasunaren aldeko pausuak herritarren bizi kalitatearen aldeko pausuak dira eta Santamañe kaleko lanekin beste pauso bat emango dugu”, azpimarratu du. 

 

07 / 05 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0