Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak Atalden jolasgune berria jarri du, gunea edertuz eta txoko atsegina sortuz

 

Bermeoko Udalak Atalden jolasgune berria jarri du, gune hori edertuz eta bertan egoteko txoko atsegina sortuz. Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzuetako zinegotziak, aurkeztu du jolasgune berri hori eta horri buruzko zehaztasunak eman ditu. 

Ibarrolazak azaldu duenez, “gune hori edertu nahi izan dugu, baina, aldi berean, erabilera praktikoa eman nahi izan diogu”. “Kalean, gaztetxoen, nerabeen eta familien arteko talde jolasa sustatzea da toki horrekin lortu nahi izan dugun helburu nagusienetariko bat. Horrez gain, bertan lasai egoteko txoko eder eta atsegina sortu nahi izan dugu adin guztietako pertsonentzat”, azpimarratu du. 

Kalean talde jolasa bultzatzeko hainbat joko jarri dira Ataldeko gunean, hala nola, partxis bat, oka joko bat, diana bat eta igela jarri ditu Udalak. “Taldean jolas daitezkeen betiko jokoak berreskuratu nahi izan ditugu, gazteek kalean jolas horiekin elkarrekin ondo pasatzeko aukera izateko”, gaineratu du. 

Gainera, jolas horiek hiri altzari egokiekin lagunduta daude, jolasten dauden pertsonak eseri ahal izateko eta bertan eroso egoteko aukera izateko. Argiak ere badituzte iluntzean jolastu ahal izateko. 

Horrez gain, Ibarrolazaren esanetan, herritar guztiak egon ahal izateko txoko polita eta atsegina sortu nahi izan dugu. Horrela, gunea edertzeko lorontziak jarri dira, landare eta loreekin, hain zuzen ere. “Guztira, zortzi lorontzi erraldoi jarri dira eta, uste dugu, gunea edertu egiten dutela, kolorea eta bizia ematen dizkiotelako”, gaineratu du.

 

Ildo berean, adierazi duenez, “bertan jendea lasai egon ahal izateko bankuak jarri dira; lau banku, hain zuzen ere”. “Herritarrak gustura egoteko tokia ere sortu nahi izan dugu”, azpimarratu du. Elementu horien guztien kostua (hiri altzariak-jokoak eta lorontziak-, bankuak, loreak eta landareak) 14.386,23 euro (BEZ barne) izan da. 

“Hortaz, Ataldeko gune hori jolasekin, lorontziekin, lorekin eta aulkiekin atondu dugu eta uste dugu emaitza polita lortu dugula eta herritarrek gozatzeko txoko atsegin berri bat dutela herrian”, nabarmendu du.

 

 

20 / 02 / 2018

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0