Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak mural bat margotu du udal azokako sabaian eta argiteria berritu du

 

Bermeoko Udalak mural bat margotu du Bermeoko udal azoka barneko sabaian eta azokako argiteria berritu du, udal azoka argitzeko, edertzeko eta bezeroentzat erakargarriagoa bihurtzeko helburuarekin. Irune Ormaetxeak, Merkataritza, Turismo eta Urigintza zinegotziak, Nere Mintegik, Behargintzako zuzendariak, eta Lucía González muralaren egileak, Bermeoko udal azokan egindako hobekuntza horien berri eman dute gaur egindako prentsaurrekoan.

Ormaetxeak adierazi duenez, “udal azokako argiztapen maila ez zela nahikoa ikusita, argiteria hobetzeko proiektu bat landu dugu, eta, horren barne, alde batetik, azokako argiteria berritu da, eta, bestetik, udal azokako sabaian mural bat margotu dugu”. 

“Mural horretan zeru urdin bat ikus dezakegu, laino zuri batzuekin eta txori eta guzti. Duda barik, mural horrekin udal azoka argitsuagoa lortzen dugu, eta, hortaz, udal azoka biziagoa, atseginagoa eta erakargarriagoa”, nabarmendu du. Gainera, bere ustez, mural hori udal azokako barnealdearen irudi bereizgarria izango da. 

Bestalde, azaldu duenez, argiteria berriztatzerakoan, espazio eta argiztapen mota ezberdinak kontuan hartu izan dira,  eta, gainera, LED teknologia erabili denez, “argiztapena hobetzeaz gain, kontsumoa ere gutxituko du”. Horrela, zehaztu duenez, 32 lanpara LED jarri dira udal azokako sarrera eta merkatuan zehar; eta merkatu erdian zortzi proiektore jarri dira: lau gora begira, sabaira, muralera, hain zuzen ere;  eta beste lau behera begira, merkatura, alegia. 

Ormaetxeak argiztapen proiektu honek udal azokarako duen garrantzia azpimarratu du; izan ere, bere esanetan, “argiteri on batek emozioak pizten laguntzen du, bezeroei sentsazio atseginak igortzen laguntzen du, eta kontsumitzaileak eroso sentiarazten ditu. Helburu horiek guztiak lortu izan nahi ditugu egindako hobekuntzekin”. 

Bere esanetan, “gure udal azokaren argiztapena berritzea  beharrezkoa zela uste genuen, herritarrek zein kanpotik datozen pertsona guztiek azoka erakargarri batekin gozatzeko, eta, horretarako, Bermeoko udal azokaren argiztapena, argiteriaz gain, modu orijinal eta polit batean egitea pentsatu dugu mural bat margotuz”. “Ez da argiztapen bat soilik, artelan bat da”, esan du. 

Lucía González muralaren egileak azaldu duenez, “oso zaila” izan da mural hori margotzea; izan ere, sabaian egindako lana da eta margo lanak egiten ari zen bitartean ezinezkoa zen lana bere osotasunean ikustea. Hortaz, intuizio-lan handia egin duela azaldu du, zeruak zabaltasunaren sentsazio errealista eta aldi berean magiazko sentsazioa emateko. Pozik agertu da emaitzarekin eta “zeruan margotutako  itsastxoriek muralari arrantzale izaera ematen diotela”, azpimarratu du. 

Merkataritza zinegotziak azaldu duenez, argiteria proiektuaren barne egindako lan horien guztien (argiak, murala…)  kostua 40.000 euro ingurukoa izan da (BEZ barne) eta hori finantzatzeko  Eusko Jaurlaritzaren Hirigune programaren diru-laguntza izan du, 26.000 euro ingurukoa, hain zuzen ere. Gainerakoa Bermeoko Udalak ordaindu du. 

Ormaetxeak gogoratu duenez, Udalak Bermeoko azoka biziberritzeko plangintza bat egin zuen eta horren barne hainbat dira martxan jarritako ekimenak: diagnostikoa, aparkalekuak, azoka bereziak, udal azokako ordenantzaren gaurkotzea ekintzaileak erakartzeko eta udal azoka seinaleztatzen duen kanpoko mural izugarria eta orain argiztapen berria.   

“Argiztapen proiektu honek Bermeoko udal azoka edertzen eta berpizten laguntzen digu, herritarrentzat zein azoka bisitatzen datozenentzat udal azoka erakargarriago eta argitsuagoa egiten, hain zuzen ere. Hortaz, espero dugu mural hau eta argiztapen guztia herritarren gustukoa izatea eta, zapatuan,  abenduaren 16an,  Gabonetako azokan aukera paregabea izango dugu ikusteko”, adierazi dute Ormaetxeak eta Mintegik. 

12 / 12 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0