Albisteak

Albistea

Bermeoko Portuaren itsas hondoa garbitzeko auzolanaren balorazio oso positiboa egin dute antolatzaileek

 

 

Joan den zapatuan, azaroaren 18an, Bermeoko portuaren itsas hondoa garbitzeko auzolana egin zen, eta balorazio “oso positiboa” egin dute antolatzaileek; izan ere, 35 parte hartzaile inguru izan ziren, zabor pila batu zuten, eta giro polita sortu zen Portuan. Auzolana Izaro Sub urpeko taldeak eta Bermeoko Udalak antolatu zuten, Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritza, EKP,   Surfrider Foundation, Ur riders, Olatu, MB 2000 eta Campos arrain kontserbak-en laguntzarekin. 

Antolatzaileek gogoratu dutenez, ekimen honen helburuak ziren portuko itsas hondakinak garbitzea eta herritarrak arazo honi buruz sentsibilizatzea, eta, euren ustez, “lortu dira finkatutako helburu horiek”. Ildo honetan, azaldu dutenez, bi leku garbitu dira: alde batetik, ur azpia, hau da, izotz fabrika aurreko kaiko hondoa; eta, bestetik, lehorra, Frantxua kala eta Rompeolas-eko arrapalaren ingurura, hain zuzen ere.

 

35 boluntario inguru izan ziren ekimenean, horietatik  24 urpekariak, urpeko lau klubetakoak (Izaro Sub, Ondarroa, Eibar eta Gasteiz), alegia. Lehorreko lekuak garbitzeko lau pertsonako bi talde osatu ziren eta guztira 3 zaku handi hondakin batu zituzten, batez ere plastikozko ontziak eta poltsak, sokak eta arrantzarako tresnak (sare zatiak, etab.) 

Ur azpiko garbiketarako, urpekariak bikotetan murgildu ziren; bakoitzak, sarezko zaku batekin objektu txikiak batzeko. Azalean, lehorretik zein itsasontzietatik beste boluntario batzuk laguntzen egon ziren auzolan honetan.

Urpekari guztiek adierazi dutenez, hondoa “oso zikin” aurkitu dute mota guztietako hondakinekin. Hondakin batzuk lehorretik botatakoak dira, adibidez, hesiak eta konoak, edalontziak eta botilak edota nahi gabe jausitako objektuak (mugikorrak, patinete bat…), baina hondakin gehienak arrantzarako materiala izan dira: bateriak, arrantzarako karreteak, sokak, karelez kanpoko zahar bat, buiak, defentsak, txintxorro bat… 

Garbiketa lanak bi ordu inguru iraun zuten, eta hondakin guztiak “Olatua” eskultura inguruan utzi ziren pertsona guztiek ikusi ahal izateko. Ostean, hondakinen sailkapen bat egin zen, eta  batutako itsas hondakin guztiak Portu Zuzendaritzak utzitako bi edukiontzitan utzi ziren, batean hondakin metalikoak eta bestean gainerako hondakinak. Beirazko hondakinak portuko edukiontzi berdera eraman ziren. 

Garbiketa lanaz gain, umeentzako tailerrak egon ziren eta Surfrider Fundazioko kide batek itsasoen kutsadurari buruzko material didaktikoaren berri eman zuen. Eguraldia lagun, herritar asko hurbildu dira bilketaren emaitzak ikustera edota umeen tailerretan parte hartzera.  Horrela, antolatzaileen balorazioa “oso ona” izan da eta, ekimenaren arrakasta ikusita, hurrengo urtean beste hondakin garbiketa bat egitea proposatu dute ekainaren 8an, Nazioarteko Ozeanoen eguna ospatzen dela aprobetxatuz.

 

20 / 11 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0