Albisteak

Albistea

Umeentzako jolas gune estaliari buruzko parte-hartze tailerra azaroaren 22an, eguaztenean

Udalak umeentzako jolas gune estalirako aurreproiektuaren aurrerapen bat aurkeztuko die herritarrei, eurekin batera zelakoa izango den lantzeko

 

Umeentzako jolas gune estalia izan da herritarrek aukeratutako proiektua Bermeoko aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren barne; eta hori zelakoa izango den herritarrekin batera lantzeko Bermeoko Udalak, azaroaren 22an, eguaztenean, 18:00etan tailer bat antolatu du. Horretan, helduek zein 6 urtetik gorako umeek parte hartu ahal izango dute. 

Horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak; Xabier Ortuzarrek, Bermeoko Guzan taldeko zinegotziak; eta Goio Allikak udal arkitektoak. 

Bidegurenek gogoratu duenez, Udalaren helburu estrategiko bat da kultura parte-hartzailea bultzatzea. “Epe luzeko helburua da eta apurka apurka gero eta kalitate hobeagoko partaidetza prozesuak martxan jartzeko ahalegina egiten gabiltza”, gaineratu du. 

Horrela, azaldu duenez, apirilean, “herritarrak aurrekontuetan parte hartzeko  lehen saiakera martxan jarri genuen, eta Udalak parte-hartze prozesua ireki zuen herritarrek aurrekontuetako 200.000 euro zertan inbertitu erabakitzeko”. Prozesu horren barne, herritarrek 103 proposamen aurkeztu zituzten, eta horietatik Udaleko teknikariek bideragarriak ziren 46ak aukeratu zituzten, 19 taldetan sailkatuz. Ondoren, herritarrek 19 proposamenen artean bozkatzeko aukera izan zuten, eta puntu gehien lortu zuen proiektua umeentzako jolas gune estalia izan zen. 

Tailerra familian 

Hortaz, Bidegurenek azpimarratu duenez, orain, herritarrekin batera proiektuak, eguraldi txarretik babesteaz gain, ze beharrizan asetu behar dituen jakin nahi dugu. Horretarako, azaroaren 22an, eguaztenean, arratsaldeko 18:00etan tailer bat egingo da Bermeoko kultur etxean, heldu eta 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta, hain zuzen ere. 

Bidegurenek azaldu duenez, “hasiera batean adinen arabera taldeak banatu arren, tailerraren ondorioak zehazteko haurrek eta helduek batera egingo dute lan, parke estalirako dituzten beharrak azalduz”. “Tailerra familian egiteko jarduera ireki bat bezala planteatzen da, guraso zein seme-alabei zuzenduta, baina herritar guztiak ongi etorriak dira”, nabarmendu du. 

Horrela, Goio Allikak adierazi duenez, parte-hartze tailerrean jolasgune estaliaren  aurreproiektuaren aurrerapena aurkeztuko da, eta herritarrekin batera jolasgune estaliaren ezaugarriak erabakiko dira: zelako jolasak ezarri nahi diren, horien funtzioak, ze adinetako umeei egongo diren zuzenduta, estalia nolakoa izango den, umeek gustuko dituzten elementuak, jagoleen beharrizanak eta beste hainbat ezaugarri. “Herritarrek euren iritziak, zalantzak edota ekarpenak egiteko aukera izango dute eta horiek guztiak kontuan hartuko dira”, azpimarratu du. 

Tailer horren ondorioak aztertuta, Allikak azaldu duenez, behin-behineko aurreproiektua landuko du, eta horren erakusketa publikoa egingo da abenduan. Epe horretan, herritarrek proiektua aztertzeko eta balizko iruzkinak egiteko aukera izango dute. Behin iruzkin guztiak bilduta, aurreproiektuan txertatzeko aukerarik dagoen aztertuko dute adituek, eta, ondoren, behin-behineko proiektua egingo da. 

Bidegurenek eta Ortuzarrek herritarrak gonbidatu dituzte proiektu honetan inplikatzera, jolasgune estaliaren ezaugarriak guztion artean erabakitzeko eta herritarren beharrizanei erantzun egokiena emango dion proiektua adosteko. 

Bidegurenek eta Ortuzarrek parte-hartze prozesuan orain arte herritarrek izandako inplikazioaren garrantzia” azpimarratu dute; izan ere, herritarrek 103 proposamen egin zituzten eta bozketan 1.000 herritar inguruk parte hartu zuten. “Espero dugu fase berri honetan ere herritarren inplikazioa eta parte hartzea garrantzitsua izatea”, nabarmendu dute. 

Parte-hartze prozesua Guzan eta Udal gobernuak elkarlanean garatu dute;  euren arteko akordio baten emaitza baita. “Ekimen horri esker, alde batetik, herritarrek aurrekontuen zati bat nora bideratu erabakitzea ahalbideratu dugu; eta, bestalde, herritarren beharrizan eta lehentasunei buruzko informazioa jaso dugu. Horregatik guztiagatik, oso positiboa izan da aurrekontu parte-hartzaileen prozesua”, adierazi dute. 

16 / 11 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0