Albisteak

Albistea

Txile, Serbia eta Asturiaseko taldeak Bermeoko Nazioarteko XXXI. Folklore jaialdian abuztuaren 12an, zapatuan

 

Txile, Serbia eta Asturiaseko dantza taldeek Bermeoko Alkartasuna dantza taldearekin batera parte hartuko dute abuztuaren 12an, zapatuan, izango den Nazioarteko XXXI. Folklore jaialdian. Alkartasuna dantza taldeak Bermeoko Udalaren laguntzarekin antolatzen duen jaialdia gaueko 22:00etan hasiko da Artza Frontoian. 

Olatz Telletxeak,  Arantza Ormazak eta Ainhoa Begoñak Alkartasuna Dantza Taldeko ordezkariak eta Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Alkartasuna dantza taldeak 1986. urtetik antolatzen duen Nazioarteko Folklore jaialdia. 

Telletxeak eta Ormazak azpimarratu dutenez, Folklore jaialdiaren helburua da euskal folkloretik aparte, atzerriko folklorea ezagutu eta erakustea eta Bermeoko ohiturak eta kultura beste herri batzuei ere ezagutaraztea. “Horrez gain, taldeko kideak beste herrialde batzuetako dantza taldeekin egoteko aukera dute elkarrenganako ezagutza bultzatuz”, adierazi dute. 

Aurtengo jaialdian, Txileko Ballet Folclórico del Bio Bio taldeak parte hartuko du herrialde honetako dantzak erakutsiz. Era berean, Serbiako Kud Mileneko Stojkovic taldearen dantzekin disfrutatu ahal izango dugu, eta Asturiaseko Grupu Folcloricu Prau Lleron-en dantzak ere ikusi ahal izango dira. Eta zelan ez Bermeoko Alkartasuna dantza taldearen dantzak ere ikusgai izango ditugu. 

Txileko Ballet Folclórico del Bio Bio taldea 2005ean sortu zen, eta, sortu zenetik eta gaur arte, Fesifolk jaialdiari esker, Europatik hainbat bira egin ditu herrialde ezberdinetan dantza eginez. Serbiako Kud Mileneko Stojkovic taldea 1946. urtean sortu zen; hortaz, aspaldi dabil talde hori bere kultura eta tradizioa mundu osotik erakusten. 

Asturiaseko Grupu Folcloricu Prau Lleron taldeari dagokionez, 1980. urtean sortu zen, eta hasieran eskola talde bat bazen ere, 2001. urtean kultura talde bihurtu zen Asturiaseko kultura eta folklorea zabaltzeko asmoz. Gainera, urrian Bermeoko Alkartasuna Dantza taldeak talde horrek antolatutako jaialdian parte hartuko du.

Bermeoko Nazioarteko XXXI. Folklore jaialdiko sarrera  3 euro izango da eta leihatilan eskuratu ahal izango da egunean bertan, hau da, abuztuaren 12an.                        

Urte hauetan guztietan, besteak beste Siberia, Polonia, Grezia, Alemania, Austria, Espainia, Portugal, Hungaria, Italia, Txekia, Kolonbia, Txile, Mexiko, Argentina eta Martinika Irlako taldeek parte hartu dute Folklore Jaialdian. Horri esker, Alkartasuna dantza taldeak Bermeoko izena eta euskal folklorea herrialde horietan zabaltzeko aukera izan du. 

Olatz Telletxeak,  Arantza Ormazak, Ainhoa Begoñak eta Aingeru Astuik pertsona guztiak animatu dituzte Bermeoko Nazioarteko XXXI Jaialdian parte hartzera; izan ere, atzerriko eta euskal dantzak eta kultura ezagutzeko eta horiekin disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du. 

28 / 07 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0