Albisteak

Albistea

Bihar hasten da Bermeoko XX Jazzaldia eta ekainaren 30era arte lau kontzertu eskainiko ditu

 

 

Bihar, ekainaren 27an, hasiko den Bermeoko XX. Jazzaldiak ekainaren 30era arte lau kontzertu eskainiko ditu. Honako hauek izango dira parte hartuko duten taldeak: Bermeoko Jizz Jazz & Lagunak, Brasileko Leo Minax & Mistoquente, freejazz eskaintzen duen Malstrom hirukotea eta nazioarteko sari asko jaso dituen Claudio Jr de Rosa Jazz 4tet. Kontzertu guztiak Kafe Antzokian izango dira 20:30ean eta sarrera doan izango da. 

Jazz jaialdia bihar, ekainaren 27an, martitzenean, hasiko da Jizz Jazz & Lagunak eskainiko duen kontzertuarekin. Topaketa horrek Jizz Jazz Bermeoko musika eta kultura taldearen 30 urteko ibilbidea ospatu nahi du. Gaur egungo taldearen eskutik, 20:30ean Kafe Antzokiko eszenatokian batuko dira azken urteotan taldeko partaide izan diren musikari batzuk.

Ekainaren 28an, eguaztenean, Leo Minax & Mistoquente- ren txanda izango da Kafe Antzokian 20:30ean. Soinu akustikoaren, bat-batekotasunaren eta askatasunaren aldeko apustua egiten du Madrilen bizi den abeslari brasildar horrek. Bere sentiberatasuna islatzen du bere sei diskoetan, eta  “Trinta” izeneko azken lana aurkeztuko digu Jazzberren.

Freejazz, esperimental, heavy-metal, rock eta erritmo korapilatsua erakutsiko ditu Malstrom taldeak ekainaren 29an, eguenean. Talde hori estilistikoki sailkatzea zaila da, ez baita bat ere ohikoa. Gitarrak, saxofoiak eta bateriak osatzen dute Malstrom taldea, eta gaur eguneko jazzaren aukerei buruzko ikuspegi indartsua eskaintzen du. 

Claudio Jr de Rosa Jazz 4tet-ek eskainiko du jazzaldiaren azken kontzertua ekainaren 30ean, ostiralean, Kafe Antzokian 20:30ean. De Rosa musikagile, moldatzaile eta saxofonistak hainbat sari internazional irabazi ditu. 2016an sortu zuen  bandarekin, Bermeon berak sorturiko doinuak eta baita estandarrak ere eskainiko ditu. 

Jazzber eskualdean ospatzen den jazz jaialdi bakarra da eta bere helburuak dira, besteak beste, Busturialdean jazz musika zaletasuna eta ezagutza bultzatu, jazz mundua herrira hurbildu eta jazz musikaren joera berrienak ezagutu. 

26 / 06 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0