Albisteak

Albistea

Sorgin dantza, kantak, sua eta 14 atsoak San Juan jaietako protagonistak

 

 

Urtero bezala Bermeoko San Juan jaiak ospatuko dira ekainaren 23an eta 24an, barikuan eta zapatuan, eta Bermeotarrak Fanfarrea, sorgin dantza, kantak, sua, eta 14 atsoak, izango dira San Juan jaietako protagonistak,  herrian giro ezin hobea sortuz. Giro paregabea egongo da baita ere Arane Gibelortzaga auzoan, bertako jaiak ere ospatuko direlako ekimen pilarekin. 

Bermeoko Jai Batzordeak azaldu duenez, urtero bezala hamalau atsoak Goiko plazan egongo dira tronpetak joten. Aurreko bi urteetan bezala, Goiko plazako eraikin batean eskegiko dira, auzokideen baimena eta laguntza jaso ondoren.

Bermeoko Jai Batzordeak aurten ere auzokideei eskerrak eman nahi izan die euren balkoietan 14 atsoak eskegitzea ahalbideratu izanagatik; izan ere, eurei esker bermeotarrentzako hain bereziak diren 14 atsoak ikusgai egongo dira aurten ere Goiko plazan. 

Festa San Juan bezperan hasiko da, ekainaren 23an, barikuan. Bermeotarrak Fanfarreak 19:30etik aurrera herriko giroa alaituko du, eta musikak festa girotzen jarraituko du gaueko 21:00etatik aurrera Goiko plazan. 

Bertan, 22:00etatik aurrera, San Juan kantak abestuko dira, Kankinkabara taldeko txistulariek, Erroxape abesbatzak, irrintzilariek eta Ttakuntxo txalapartak lagunduta. Jadanik abestiak www.bermeo.eus webgunean ikus daitezke ikasi nahi dutenentzat, eta horrela abesten parte hartu San Juan bezpera gauean. Ondoren, Alkartasuna Dantza Taldearen sorgin dantza ikusi ahal izango dugu, jarraian, San Juan sua pizteko. 

Jai Batzordeak herritarrei deia egin die plastikozko poltsarik ez botatzeko sua egingo den tokira, kutsagarriak direlako eta arriskutsuak izan daitezkeelako. 

Ekainaren 24an, zapatuan, San Juan egunean, mezak ospatuko dira Gaztelugatxeko San Juanen, San Juaneko batzordeak antolatuta. Mezak goizaldeko 6:30ean hasiko dira eta orduro izango dira eguerdiko 12:30ak arte. San Juan Egunean ere Sollube 707 Mendizale elkarteak antolatuta, Bermeotik  Gaztelugatxerainoko ibilbidea oinez egingo da. 

Arane Gibelortzaga auzoko jaiak 

Arane Gibelortzaga auzoko jaiak ere ospatuko dira San Juan egunean. 17:30ean umeen jokoak eta herri kirolak izango dira, eta 19:00etan erromeriari hasiera emango zaio. 

Musika protagonista garrantzitsua izango da;  izan ere, 21:00etatik aurrera musikarekin gozatzeko aukera izango dugu herriko talde baten kontzertuarekin eta 22:30ean beste kontzertu batekin gozatzeko aukera egongo da. Egun guztian zehar txosna eta musika egongo dira Arane Gibelortzaga auzoan.

Suhiltzaileen gomendioak 

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiko suhiltzaileen zerbitzuak hainbat gomendio eman ditu San Juan gauaz gozatzeko. Horrela, besteak beste, honako gomendioak eman ditu: “sua egin aurretik, edozein eraikin, ibilgailu, argindarraren lineetatik edo landaredi altutatik urrun kokatu sua; gutxienez, sutarako egur-piloaren altuera baino 5 aldiz urrunago”. “Sua hedatu ez dadin, garbi eduki pilaketaren ingurua eta haizeak indarrez jotzen badu, baliteke sua bertan behera utzi beharra”, gaineratu du. 

Sua piztuta dagoen bitartean, besteak beste, honakoak gomendatu ditu: “sua pizteko ez erabili likido sukoirik, alkohola edo gasolina bezalakoak; ez bota piroteknia-objekturik sutara edo haren inguruan, ezta esprai, ontzi, zabor edo plastikorik ere, ke toxikoak sor baititzakete; mangera bat, sua jotzekoak edo su-itzalgailu bat izan beti inguruan badaezpada; pertsona heldu bat egon dadila beti sua gainbegiratzen; eta, jaia bukatzerakoan, egiaztatu ez dela txingarrik edo hausberorik geratzen”. 

Ildo berean, errez gero, “uraz bustitzeko berehala erre den partea, hasieran pomadarik ez desinfektagarririk ez jartzeko, eta erredura sakona bada SOS Deiak 112ra deitzeko eta zauritua osasun zentro batera eramateko” adierazten dute suhiltzaileek. 

19 / 06 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0