Albisteak

Albistea

Patinajea, 'Stand Up Paddle' eta 'Nordic Walking', besteak beste, udako kirol eskaintzan

 

Bermeoko Udal Kirol Patronatuaren aurtengo udako kirol egitarauak Bermeoko paisaiarekin gozatzeko jarduera anitzak eskainiko ditu, besteak beste, patinajea, SUP (Stand up paddle) eta Nordic walking. Horrez gain, urtero bezala hipopresibo eta, pilates-en ikastaroak ere izango dira, eta saio solteen barne honako kirolak egin ahal izango dira: akuagym, akua running, biking birt, zumba, outdoor-body training, eta GAP.

 

Patinajeari dagokionez, Bermeoko Udal Kirol Patronatuak azaldu duenez, hiru motatako ikastaroak egongo dira: hastapena umeak, hastapena helduak eta hobekuntza helduak gehi patinaje artistikoa (1go urratsak). Ikastaroak ordu beteko zortzi saio izango dira, eta bi txanda egongo dira: uztailaren 4tik 13ra eta abuztuaren 1etik 10era. Talde bakoitzean gehienez 15 pertsonek parte hartu ahal izango dute.

 

Stand Up Paddle (SUP)  12 urtetik gorakoei zuzenduta dago, eta ikastaroa udako hiru hilabeteetan egingo da uztailean (1,8,15 eta 29), abuztuan (5, 12, 19 eta 26) eta irailean (2, 23 eta 30). Ordu eta erdiko saioak Bermeoko Portuan. Saio horietan parte hartzeko ezinbestekoa da uger egiten jakitea.

 

Bestalde, aurten Nordic Walking martxa ipartarra egiteko ikastaroak ere antolatuko dira, eta horiek Bermeo Nordic Walking guneko lau ibilbideetatik egingo dira (Demiku, Arane, Almika eta Arranotegi). Ikastaro horiek uztailaren 15ean, abuztuaren 12an eta irailaren 30ean izango dira, eta saioak bi eta hiru ordu artekoak izango dira.

 

Bastoiaren laguntzarekin egiten den martxa erregularra da Nordic walking-a; eta bere onurak asko dira; izan ere, osasunerako ona izateaz gain, paisaiarekin eta kulturarekin disfrutatzea ahalbideratzen du. Ikastaro horretan parte hartzeko ez da beharrezkoa jardueraren inguruko aurretiko ezagupenik izatea eta makilak barne daude.

 

Horrez gain, hipopresibo eta pilates ikastaroetan parte hartzeko aukera egongo da Araneko kiroldegian. Saio solteei dagokienez, udako saio solteak honako hauek izango dira: akuagym, akua running, biking birt, zumba, outdoor-body training eta GAP.

 

Aipatutako ikastaroetan parte hartzeko Araneko kiroldegian eman behar da izena. Beraz, udan ere kirolarekin gozatzeko aukera zabala eskainiko du Bermeoko Kirol Patronatuak; gainera, ekintza asko kanpoan egingo direnez, Bermeoko mendiekin, kaleekin eta itsasoarekin gozatzeko aukera eskainiko dute.

 

 

16 / 06 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0