Albisteak

Albistea

Ibarrolaza: "Bizkaiko Foru Aldundiak suhiltzaile talde finkoa jarriko ez duenez, beharrezkoa da Herri Babeseko talde trinkoa osatzea"

Bermeoko Udalak herritarrak Herri Babeseko boluntario egitera animatu ditu, “talde trinko bat behar dugulako herrian”

 

 

 

Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzu eta Udaltzaingoaren zinegotzi delegatuak, azaldu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) Bermeon suhiltzaile finko bat jartzeko eskaerari ezetza eman dio, eta suhiltzaile boluntarioak laguntzeko hitzarmen bat egitea proposatu dio Bermeoko Udalari. Baina, Ibarrolazak azpimarratu duenez, hitzarmen hori sinatu ahal izateko, “ezinbestekoa da Bermeon Herri Babeseko boluntarioen talde trinkoa osatzea”.

Horrela, gaur eskainitako prentsaurrekoan, Ibarrolazak Herri Babeseko boluntario izatera animatu die herritarrei.  “Boluntarioak behar ditugu Herri Babeseko talde trinkoa eratzeko, izan ere, momentu honetan Herri Babeseko taldean lau boluntario soilik daude, eta, gainera, orain arte arduradunak izan diren eta lan izugarria egin duten Jon Ojanguren eta Mikel Bilbao jadanik ez daude taldean. Horregatik beharrezkoa da boluntario gehiago taldea osatzeko”, azpimarratu du. 

Bermeoko alkateordeak gogoratu duenez, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiari Bermeon suhiltzaile talde finko bat ezartzea eskatu izan dio hainbat aldiz; izan ere, 2010. urtetik gaur arte, Alde Zaharrean 37 sute izan dira eta 74 beste leku batzuetan; hau da, guztira 111

“Maiatzean BFAko ordezkariekin izandako batzarrean, Bermeon ez dutela suhiltzaileen talde finkorik ezarriko jakinarazi ziguten, baina suhiltzaile boluntarioen taldea laguntzeko prest agertu ziren”, azaldu du. 

Ildo horretan, gaineratu duenez, “Herri Babeseko talde trinko bat osatuz gero, Udalarekin hitzarmen bat sinatuko dutela esan digute”. Hitzarmen horren arabera, Bermeoko Udalak lokala eta boluntarioak izan beharko luke eta Bizkaiko Foru Aldundiak auto-bonba, materiala, jantziak eta boluntarioen formazioa eskainiko lituzke. 

Horregatik,  Bermeorentzat Herri Babeseko talde trinkoa eratzea “ezinbestekoa” dela azpimarratu du Ibarrolazak eta boluntario izateko bi baldintza bakarrik bete behar direla zehaztu du: 18 urtetik gora izatea eta Bermeon bizitzea. 

Alkateordeak azaldu duenez, Herri Babeseko kideak, besteak beste, “suhiltzaile boluntarioak dira; herriko ekimen guztietan (jai, kirol, kultur ekimenak…) parte hartzen dute segurtasuna eta prebentzioa bermatuz; jende asko bilduko dituen ekimenetan segurtasun arloko aholkularitza eskaintzen dute, eta uholde eta elurrak daudenean ere egoera horiek aurre egiteko eta arriskuak ekiditeko lan egiten dute”. 

Herri Babesak egiten duen lana oso garrantzitsua eta interesgarria da, horregatik gogoa duten herritar guztiei Herri Babeseko parte izatera animatzen diegu, gure herriaren alde lan egiteko aukera paregabea eskaintzen baitu talde horrek”, esan du Ibarrolazak. Lagun koadrilak ere boluntario izan daitezkeela gaineratu du, bere ustez, “lagunekin egon eta aldi berean herriari laguntzeko era polita izan daiteke”. 

Hortaz, interesa duten herritarrek Berhaz bulegoan (Ertzilla 6-8)  eman behar dute izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta NANen fotokopia.  

 

13 / 06 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0