Albisteak

Albistea

185 ikaslek parte hartuko dute Bermeoko bigarren Bertso Topaketan maiatzaren 25ean, eguenean

Herriko ikastetxeetako 185 ikaslek parte hartuko dute Bermeoko bigarren bertso topaketan, eguenean, maiatzaren 25ean, Kafe Antzokian, 17:30etik aurrera. Bertso topaketa hau Bermeoko Udalak sustatuko ‘Gu ere bertsotan’ proiektuan parte hartzen ari diren Eleizalde ikastolako, San Frantzisko Herri ikastetxeko, Sagrado Corazón ikastetxeko eta Bermeoko institutuko ikasleen amaierako jaialdia da.

Juan Karlos Agirrek, Gazteria Saileko Bermeoko zinegotziak, azaldu duenez, bertso topaketaren helburua da ikasturtean zehar ikasgelan landutakoa kalera ateratzea eta jendaurrean erakustea, 2016/2017 ikasturteari amaiera emateko. “Horretarako, ikastetxe eta bat bateko talde guztien arteko bertso topaketa egingo da”, adierazi du.

Agirrek azaldu duenez, bertso topaketa lau zatitan banatuko da: bertsolaritza ikasleen parte hartze zuzena, bertso saioa, kantaldia eta bertso paper lehiaketaren sari banaketa. Kantaldian, ikasleek musikariaren laguntzaz abestuko dute.

Ander Elortegi eta Jone Larrinaga bertsolaritzako irakasleek aurkeztuko dute saioa. Horretan, Nagore Beitia eta Iker bertsolari bermeotarrek parte hartuko dute. “Duda barik, giro oso polita izango da gure herriko ikasleek eskainiko duten bertso topaketan”, nabarmendu du Gazteria zinegotziak.

'Gu ere bertsotan' egitasmoa

Laugarren urtez jarraian, ‘Gu ere Bertsotan’ egitasmoa burutu da 2016/17 ikasturtean Bermeoko ikastetxeetan. Bermeoko Udaleko Gazteria Sailak sustatutako egitasmoa da ‘Gu ere Bertsotan’, eta Bizkaiko Bertsozale elkartearen eskutik, lehen hezkuntzako seigarren maileko 176 ikaslek bertsolaritza landu dute ikasgeletan. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, gainera, 9 ikasleko bat bateko talde bat egon da martxan, Bermeoko institutuan.

Ahozkotasunetik abiatuz, hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonalak landu dituzte ikasleek ‘Gu ere Bertsotan’ proiektuaren bitartez. Astero edo hamabostero, ordu batez, bertsolaritzaren oinarrizko ezagutza jaso dute ikasleek, urtean zehar egiten diren jaialdietarako bertsoak prestatu eta jendaurrean zelan egon eta zelan jokatu landu dute bertsolaritza klaseetan. Material osagarria, bertso jolas, ariketa, entzunaldi, bertso bideo eta ikus entzunezko baliabideez osotu da egitasmoa.



22 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0