Albisteak

Albistea

Bermeoko Gaztelugatxe gozotegiak, enplegu planaren bidez, produktu berri bat garatu du: 'San Juanen oinatzak'

 

 

Bermeoko Udalak, Bermeorako Enplegu Planaren barne, Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektua martxan jarri zuen. Gaztelugatxe gozotegiak proiektu horretan parte hartu du, eta egindako lanaren ondorioz, produktu berri bat garatu du: ‘San  Juanen oinatzak’, giandujaz (txokolate eta hurretxak)  betetako pasta kurruskariak, hain zuzen ere. Pasta horiek San Juanen hiru pausuen oinatzetan oinarritu dira; kondairak dioenez, San Juanek hiru pausu eman baitzituen Gaztelugatxera- Bermeoko altxorrera- heltzeko. 

‘San Juanen oinatzak’ pastak gaur aurkeztu dituzte prentsaurrekoan Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek; Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuaren dinamizatzaileak Miren Egañak eta Karmele Sánchezek, eta Urko eta Unai Arostegik, Gaztelugatxe gozotegiko jabeak eta pasten egileak. 

Guztiak “oso pozik” agertu dira lanaren emaitzarekin, izan ere, Bidegurenek adierazi duenez, “San Juanen oinatzak’ pastekin Bermeok, oraindik aurrera, herriaren irudia zabaltzen duten gozoak ditu, hau da, gure herriak oroigarri gozo bat du herritarrek zein bisitariek dastatu ahal izateko”, azpimarratu du. 

Bermeoko alkateak gogoratu duenez, enplegu planaren bidez, Bermeoko Udalak Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektua martxan jarri zuen  herriko ostalaritza eta merkataritzaren indartzeko helburuarekin. Horretarako bi pertsona kontratatu zituen, Miren Egaña eta Karmele Sánchez, proiektu horren dinamizatzaileak, hain zuzen ere. 

Egaña eta Sanchezek azaldu dutenez, Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuaren helburua izan da “bezeroaren ikuspuntua kontuan hartuta, ostalaritza eta merkataritza sektorea dinamizatzea”. 

Horretarako, “establezimenduek izan ahal dituzten hobekuntzak identifikatu dira, ostalari eta merkatariei hobekuntza ekintzen plan bat egiten laguntzeko”. Ildo honetan, “hobekuntza horiek garatzeko aholkularitza eskaini zaie ostalari eta merkatariei”, gaineratu dute. 

Guztira 50 enpresa baino gehiagok parte hartu dute. “Horietariko bat Gaztelugatxe gozotegia izan da, eta egindako lanaren  emaitza gaur aurkezten ditugun ‘San Juanen oinatzak’ pasta berriak izan dira, produktu interesgarria izen berdina duen gozotegiarentzat eta Bermeoko herri osoarentzat ere”, adierazi dute. 

Bermeoko alkateak azpimarratu duenez, pasta horien elaborazio prozesu guztia Gaztelugatxe gozotegiak eta Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuaren dinamizatzaileek elkarlanean landu dute: ideia garatu, pastak lortu, txokolatearen hornitzailea,  paketea sortu, diseinua, lankidetzak saltzeko… “Ordu askotako lana izan da, baina uste dugu emaitza ona dela eta, horregatik, zorionak eman nahi dizkiet”, adierazi du. 

“Orain espero dugu produktua herritarrentzat zein bisitarientzat gustukoa izatea eta gure herriko irudi gozoan bihurtzea”, gaineratu du alkateak.   

Bestalde, Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuaren barne parte hartu duten enpresek gaur arratsaldean bilera izango dute, eta bertan aurkeztuko dira ‘San Juanen oinatzak’ eta beste establezimendu batzuek landutako hainbat proiektu, ideia eta ekarpen. 

“Herriaren irudian ostalaritzaren eta merkataritzaren irudia oso garrantzitsua dela kontuan hartuta,  udala eta sektore pribatuaren arteko elkarlana ezinbestekoa da sektorea dinamizatzeko eta hobekuntzak egiteko”, nabarmendu du Bermeoko alkateak. 

11 / 05 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0