Albisteak

Albistea

Lore lehiaketa Bermeoko Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadetan eta argazki lehiaketa Alde Zaharrean apirilaren 29tik ekainaren 1era

Apirilaren 29an, zapatuan, Bermeoko lora denden erakusketa, txosna eta paella erraldoia egingo dira Goiko plazan bi lehiaketei hasiera emateko

 

 

 

Bermeoko Udalak, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean, bigarren aldiz, lore lehiaketa antolatu du Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadetan, apirilaren 29tik ekainaren 1era. Data berdinetan eta, lehenengo aldiz, gazteei zuzendutako argazki lehiaketa ere antolatu du Udalak Alde Zaharrean.

Apirilaren 29an, zapatuan, 11:00etatik 15:00etara Goiko plazan egingo den Bermeoko lora denden erakusketarekin eta Alde Zaharra Bizirik antolatutako txosna eta paella erraldoiarekin, besteak beste, emango zaio hasiera, alde batetik, argazki lehiaketari eta, beste alde batetik, “Alde Zaharra kolorez eta biziz jantzi nahi duen loren lehiaketari”, adierazi dute Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, eta Irune Ormaetxeak, Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotziak.

Apirilaren 29an Goiko plazan egingo den ekitaldian eskoletako umeen marrazki onenen erakusketa eta sari banaketa ere izango dira, eta Alde Zaharreko dendetan erakutsitako arte lanei buruzko fitxategiak bete dituztenen artean ere opari txikiak banatuko dira. Beraz, “giro ederra izango dugu Goiko plazan”, azpimarratu dute.

Bidegurenek eta Ormaetxeak argazki eta lore lehiaketak aurkeztu dituzte gaur prentsaurrekoan. Eurekin batera egon dira Santi Murua, Berualako zuzendaria; Bego Gangoiti, Turismo teknikaria; eta ekimen horiek antolatzen parte hartu duten elkarteen ordezkariak.

Irune Ormaetxeak azaldu duenez, lore eta argazki lehiaketak Bermeoko Udalaren eta hainbat elkarteren elkarlanaren emaitza dira, hala nola, ‘Alde Zaharra bizirik’ Alde Zaharreko ostalarien elkartea, ‘Haitz Nagusidxe’ Alde Zaharreko auzokideen elkartea, ‘Berton’ Bermeoko txiki ertain enpresen elkartea, eta Bermeoko loradendak: Aintzane, Lourdes, Mila eta Txalintxu.

“Guztion artean iaz eta aurten ere gure Alde Zaharra indartzeko eta edertzeko ematen dugun pausu bat da lore lehiaketa, izan ere, loreen bitartez Alde Zaharreko nortasuna eta edertasuna agerian jartzen baita”, azpimarratu du Ormaetxeak. Horrez gain, “aurten Alde Zaharreko argazki lehiaketa ere antolatu dugu, eta horren helburua da Alde Zaharraren nortasunarekin eta edertasunarekin konturatzea eta denok gozatzea”. “Gainera, Alde Zaharra hobetzeko iradokizunak ere jaso nahi ditugu”, gaineratu du.

Idurre Bidegurenek azaldu duenez, Bermeoko Udala aspaldi herriko eragile eta elkarteekin batera Alde Zaharra indartzeko eta biziberritzeko lan egiten ari da eta hainbat dira hori lortzeko eman dituen pausuak: kaleko artea, orube hutsen azterketa, panelekin ibilbide turistikoa, Bekoportala parte-hartze prozesua, U teoria… “Lore eta argazki lehiaketak ere helburu berdina dute, Alde Zaharra erakargarri bihurtzea bermeotarrentzat zein bisitarientzat”, adierazi du.

 Ildo honetan, esan duenez, “gure Alde Zaharreko eraikinak loreekin betetzeak, duda barik, Alde Zaharraren irudia asko edertzen du. Loreekin dauden lekuak leku biziak baitira; horrela ideia hori elkarte ezberdinekin landu eta, iaz bezala, guztion artean lore lehiaketa martxan jartzea erabaki dugu”. “Lehiaketa hori aprobetxatuz, argazki lehiaketa ere antolatu dugu Alde Zaharrean, bere nortasuna eta edertasuna agerian jartzeko eta, aldi berean, hobetzeko iradokizunak ere jasotzeko”, nabarmendu du.

Lore lehiaketan bi maila

Lore lehiaketari dagokionez, antolatzaileek adierazi dutenez, apirilaren 29tik ekainaren 1era izango da eta bi maila egongo dira: balkoi-leiho eta fatxada, hain zuzen ere. Fatxaden kategorian parte hartu ezkero, kalera ematen duten etxe guztiek parte hartuko dute.

Lehiaketa honetan parte hartzeko Berualan edota Bermeoko lora dendetan eman behar da izena maiatzaren 31ra arte, edo Goiko plazan zapatuan, apirilaren 29an, egingo den lora erakusketa azokan. Epaileek islatzen den bizitasuna, edertasuna eta osotasuna kontuan hartuko dituzte eta ekainaren 1ean pasako dira lehiaketako parte-hartzaileen lanak ikustera.

Sariei dagokienez, leihorik-balkoirik ederrenak 100 euro eta Aita Gurian baleontzian 2017. urtean lagun bik gura duten besteetan sartzeko pase berezia jasoko ditu. Fatxadarik ederrenak 200 euroko saria eta etxebizitza bakoitzeko Aita Gurian baleontzian 2017. urtean lagun bik gura duten besteetan sartzeko pase berezia jasoko dute.

Argazki lehiaketa

Bestalde, data berdinetan argazki lehiaketa antolatu da, Bermeon bizi edo ikasten dauden 14 urtetik 25 urtera bitarteko gazteei zuzenduta. Santi Muruak azaldu duenez, bi gai garatuko dira: Alde Zaharreko txoko kuttuna eta Alde Zaharra hobetzeko proposamenak.

Gai bakoitzeko argazki bakarra aurkeztu daiteke eta derrigorrez maila bietan parte hartu behar da. Argazkiak jasotzeko epea 2017ko apirilaren 29tik maiatzaren 31ra bitartean izango da, biak barne. Epaileek lehiaketako parte-hartzaileen lanak ekainaren 1ean ikusiko dituzte.

Lehiaketan parte hartzeko 2017argazkiak@bermeo.eus helbide elektronikora bidali behar da, gaian 2017argazki lehiaketa jarriz eta hurrengo datuak aitatuta: Izen-abizenak, jaioteguna, kontakturako telefono zenbakia, eta zein gaiari dagokion bidalitako argazki bakoitza. “Jasoko dugun lan guztiak konfirmazioa izango dute posta elektronikoz”, gaineratu du.

Sariei dagokienez, Alde Zaharreko txoko kuttunaren eta Alde Zaharra hobetzeko proposamenaren argazki irabazleek 100 euroko bono trukagarri bat, argazki edo bideo materiala erosteko jasoko dute eta Aita Guria baleontzian 2017. urtean lagun bik gura duten bestetan sartzeko pase berezia.

Idurre Bidegurenek eta Irune Ormaetxeak lore lehiaketan eta argazki lehiaketan parte-hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.  

19 / 04 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0