Albisteak

Albistea

Ginkana eta bizikleta ibilaldia Bermeoko VI. Bizikleta Egunean, domekan, apirilaren 23an

 


 

Bermeo Txirrindularitza taldeak eta Udalaren Kirol Patronatuak antolatuta, Bermeoko VI. Bizikleta Eguna izango da domekan, apirilaren 23an, eta horren barne ginkana eta bizikleta ibilaldia egingo dira.

Irune Ormaetxeak, Bermeoko Kirol Saileko zinegotziak, eta Ibon Gondrak, Bermeo Txirrindularitza taldeko ordezkariak, Bermeoko VI. Bizikleta Eguna aurkeztu dute gaur egindako prentsaurrekoan.

Bertan azaldu dutenez, Bermeoko VI. Bizikleta Egunari hasiera emateko, goizeko 10:30ean ginkana bat egingo da Lameran, LH1etik DBH 4ra arteko ikasleei zuzenduta. “Bertan hainbat posta jarriko dira partaideek euren abileziak agertzeko, eta gaztetxoek sigi-sagan edota esku batekin ibiltzeko edo zubia pasatzeko aukera izango dute”, azpimarratu dute.

Ondoren, adierazi dutenez, 12:30ean, Lameran bizikleta ibilbideari hasiera emango zaio, hain zuzen ere, 7 kilometroko ibilbidea, gutxi gorabehera. Adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izango dute izaera herrikoia eta soziala duen ibilbide horretan.

Ormaetxeak eta Gondrak gogoratu dutenez, ekintza bietan ezinbestekoa da kaskoa eramatea eta parte hartzeko izena eman behar da egunean bertan Lameran, kiosko inguruan egongo den gunean.

“Ginkanean eta bizikleta ibilaldian izena ematea euro bat izango da, hurrenez hurren. Bi ekintzetan parte hartzen dutenek euro bakarra ordainduko dute, baina adierazi beharko dute bi ekintzetan parte hartuko dutela”, azaldu dute. Era berean, zehaztu dutenez, “parte-hartzaile bakoitzari bere eskumuturrekoa emango zaio ginkanan edota bizikleta ibilaldian jarri beharrekoa”.

Gondrak eta Ormaetxeak azaldu dutenez, Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Bermeo Txirrindularitza taldeak antolatutako Bizikleta Egunaren helburuak honakoa dira: “herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea eta osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaldu, kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta batez ere sentitzea,  eta kirola herritarrei hurbiltzea adin guztietara zuzendutako ekintza herrikoiak bultzatuz”. “Horrela, kirola ez dela federatuen gauza bakarrik, denona dena eta denok parte hartu ahal dugula adierazi nahi da ekimen honekin”, gaineratu dute.

Ormaetxeak eta Gondrak gogoratu dutenez, iazko bizikleta egunean 173 pertsonek parte hartu zuten eta aurten ere herritar guztiak VI. Bizikleta Egunean parte hartzera animatu dituzte, “kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango delako”. Informazio gehiago jaso nahi dutenek Bermeoko Araneko kiroldegiko bulegoan edo www.bermeo.eus webgunean eskuratu ahal izango dute.

18 / 04 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0