Albisteak

Albistea

Bermeoko Alde Zaharreko dendek arte lanak erakutsiko dituzte Bermeoko artea eta merkataritza sustatzeko

Bermeoko Udalak, Bertonek (Bermeoko txiki-erdi enpresen elkartea) eta Barrueta Arte Elkarteak elkarlanean antolatuta gaurtik, apirilaren 7tik, aurrera, Bermeoko Alde Zaharreko 60 denda inguruk arte lanak erakutsiko dituzte, Bermeoko artea eta merkataritza sustatzeko eta, aldi berean, Alde Zaharra indartzeko helburuarekin.  Horrez gain, fitxategi batzuk beteta, opari txiki bat hartzeko aukera izango dute denda horietara bertaratzen direnek.

Hilabete iraungo duen ekimen berri hori aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Irune Ormaetxeak, Bermeoko Turismo eta Merkataritza zinegotziak, eta Rosa Mari Gabantxok eta Gloria Aranburuk Arte Barrueta Elkarteko ordezkariek.

Ekimen horren bitartez, Bermeoko Alde Zaharreko 60 denda inguruk Bermeoko hainbat artista eta hainbat estiloetako arte lanak erakutsiko dituzte. Hortaz, denda horietako bezeroek dendak eskaintzen dituen produktuez gain, artista bermeotarren lanak ezagutzeko eta artearekin gozatzeko aukera izango dute.

Era berean, denda horiek eta arte lan horiek ikusten dituzten pertsonek opari txiki bat jasotzeko aukera izango dute. Horretarako, fitxa erraz batzuk bete beharko dira, 16 denda parte-hartzaileen eta horietan dauden arte lanei buruzko informazioarekin.

Sariak denda parte-hartzaileek emandako opari txikiak izango dira, eta apirilaren 29an, larunbatean, Bermeoko lore lehiaketaren sari banaketaren egunean emango dira.

Ormaetxeak azpimarratu duenez, “ekimen polita dela” uste dugu, izan ere, “herriko Alde Zaharreko dendetan erosketak egiten duzun bitartean, herriko artistak eta euren arte lanak ezagutzeko aukera eskaintzen du”. “Horrela, herriko merkataritza eta artea bultzatzen dugu, eta Alde Zaharra indartzen dugu”, azpimarratu du.

Ormaetxeak gogoratu duenez, Bermeoko dendek “eskaintza zabala eta kalitatezkoa dute eta bezeroari tratu hurbila eskaintzen diote, eta orain gainera artea ere ikusteko aukera eta zozketan parte hartzeko aukera eskainiko digute”.Hortaz, herritar eta bisitari guztiak gonbidatu ditu ekimen horretan parte hartzera.

 

07 / 04 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0