Albisteak

Albistea

Apirilaren 2an, domekan, Gure Esku Dagok antolatutako independentziari buruzko herri galdeketa Bermeon

Bermeoko Udalak herri galdeketarekin bat egiten du eta herritarrei parte hartzera gonbidatzen die

Apirilaren 2an, domekan, Gure Esku Dago lan taldeak antolatuta independentziari buruzko herri-galdeketa egingo da Bermeon. Bermeon erroldatuta dauden 16 urte eta hortik gorako herritar guztiek botoa emateko aukera izango dute.

Horrela, domekan herrian zehar mahaiak jarriko dira herritarrek botoa eman ahal izateko. Mahaiak honako tokietan egongo dira 9:00etaik 20:00etara: Kafe Antzokian (terraza), Kabidxen (Goiko plaza), Atalden (Kaiola), Talan, Lameran (karpa), Portalen (arkupea) eta Erriberan (karpa). Almikan eta Mañun ere mahaiak egongo dira 9:00etatik 14:00etara.

Botoa emateko txartelak Gure Esku Dagoko bulegoan (Goiko plazan), informazio-mahaietan edota domekan bozketa egiteko lekuetan eskuratu daitezke. Botoa emateko identifikatu beharra egongo da (EHNA, NA, pasaportea, gida-baimena…); eta txartelean egiten den aukera markatu beharko da: Nahi al duzu izan euskal estatu independiente bateko herritar? Bai ala ez.

Gainera, domekan, apirilaren 2an, botoa eman ezin duten herritarrek aurretiko botoa emateko aukera dute egunero Gure Esku Dagoren lokalean (lehengo Seaska dendan), 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era, hain zuzen ere. Informazio eta argibideak nahi izanez gero, Gure Esku Dagoren lokalean.

Bermeoko Udalak aho batez bat egiten du apirilaren 2an, domekan, Gure Esku Dago lantaldeak egingo duen independentziari buruzko herri galdeketarekin eta gonbidapena egiten die herritar guztiei herri galdeketan parte hartzeko.

Bestalde, martxoaren 30ean, eguenean, Bermeoko Gure Esku Dagok antolatuta hitzaldi bat egongo da 19:30ean Nestor Basterretxea aretoan ‘Katalunia eta Euskal Herria herri bi helburu bat’ lemapean. Hizlariak Abel Muniategi bermeotarra eta Asamblea Nacional Cataluñako Fermi Rubiralta izango dira.  

28 / 03 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0