Albisteak

Albistea

Bermeoko Arrain Azokaren XXI. Hegaluze sarirako proposamenak aurkezteko epea irekita apirilaren 23ra arte

 

 

Bermeoko Arrain Azokaren barne, urtero bezala, bermeotarrontzat oso garrantzitsua den Hegaluze Saria emango da, izan ere, sari honekin ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritzen da, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari, hain zuzen ere. Horrela, apirilaren 23ra arte XXI. Hegaluze sarirako proposamenak aurkezteko epea irekita egongo da.

Itsuki irratiak Arrain Azoka Elkartearen babesarekin antolatzen duen sari hau pertsona, erakunde, elkarte, entitate edota proiektu bati ematen zaio, eta arlo guztietako ekintza motak saritu daitezke (kirola, enpresa, kultura, gizartea, ekonomia…). Irabazlea epaimahai baten bidez aukeratzen da, eta saria maiatzaren 19an, barikuan, Arrain Azokaren inaugurazio ekitaldiaren ostean ematen da, Nestor Basterretxea aretoan.

Proposamenak egin nahi dutenek orri baten aukeratuaren datuak eta zergatik aukeratu duten azaldu behar dute. Horiek aurkezteko hainbat bide egongo dira: hegaluze@itsuki-irratia.net helbide elektronikora edo Itsuki Irratira (‘Hegaluze saria’, 120 p.k.- 48370 Bermeo) bidali edo Bermeoko Udal Turismo Bulegoan aurkeztu.

2016ko edizioan Alberto Aurrekoetxeak ‘Frai Albertok’ jaso zuen Hegaluze Saria, 2015eko edizioan Serrats kontserberak, 2014an Juan Antonio Apraiz ‘Coyote’k eta 2013an Bermeoko Herri Babesak.  Bermeoko eta Izaro Abesbatzak (2012), Bermeoko Santa Veracruz Kofradiak (2011), Jabi Elortegik (2010), Bingen Fernandezek (2009) eta Ilaski Serranok (2008) jaso dute Hegaluze Saria.

Bermeoko Arrain Azoka elkarteak herritarrei euren proposamenak bidaltzera animatu die, “guztion artean Arrain azoka egiteko”.  Aurten Bermeoko Arrain Azoka  maiatzaren 19, 20 eta 21ean egingo da eta gure produktu eta kulturaren erakusleiho aparta izango da.

 

15 / 03 / 2017

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0