Albisteak

Albistea

Bermeon altzariak, etxetresna elektrikoak eta sastarrak botata gero eta gehiago ikusten direla salatu du Udalak

Udaltzaingoak zaintza berezia egingo du, eta neurriak hartuko dira hori saihesteko helburuarekin

 

 

Benito Ibarrolazak, Bermeoko Zerbitzuetako eta Udaltzaingoako zinegotziak, adierazi duenez, “azken aldi honetan, Bermeoko hainbat tokitan, altzariak, etxetresna elektrikoak eta sastarrak ikusten ari gara kalean, edukiontzien inguruan, botata, zikinkeria sortuz, eta herriaren irudi onaren kalterako”. 

Horregatik, Ibarrolazak herritarrei eskatu die Garbigunea eta etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua erabiltzeko bai altzariak bai etxetresna elektrikoak botatzeko; eta sastarrak beti ere dagozkien edukiontzi barnera botatzeko. 

Ildo berean, alkateordeak jakinarazi duenez, “Udaltzaingoak zaintza bereziak egingo ditu, eta neurriak hartuko ditu herria zikinkeriaz betetzen dituzten jarrera horien kontra”. Isunak 500 eurokoak izan daitezkeela adierazi du. 

Zerbitzuetako zinegotziak jarrera “horiek ez direla batere bidezkoak” adierazi du, eta “badaudela altzariak eta etxetresna elektrikoak biltzeko zerbitzuak gogoratu du, dohainekoak gainera”. 

Horrela, Bermeon bai bolumen handiko altzariak zein etxetresna elektrikoak biltzeko bi zerbitzu daudela gogoratu du; alde batetik Garbigunea, eta, beste alde batetik, etxeko bolumen handiko bilketa zerbitzua. Bi zerbitzu horiek dohainak dira herritarrentzako. 

Ibarrolazak gogoratu duenez, Bermeoko Udalak Koopera Lantegi Batuen enpresaren laguntzarekin bolumen handiko altzariak biltzeko zerbitzua eskaintzen du. Altzari zaharrak batzeko eguna eguaztena da eta altzariok martitzen gauean utzi behar dira kolar aurrean edota  sastar batze puntu gertuenean, beti ere, edukiontzien batze zerbitzua oztopatu barik. Aurretiaz abisatzea derrigorrezkoa da telefono honetan: 94 612 11 77. Abisuak zuzenean emateko ordutegia honakoa da: neguan 7:30etik 16:30era eta udan 7:30etik 15:30era. 

Bestalde, adierazi duenez, Garbigunea ere badaukagu Bermeon, Landabasoko industrialdean, eta bertara altzariak eta etxetresna elektrikoak eraman daitezke; izan ere, Garbiguneak etxeko hondakinak eta antzekoak gaika batzeko zentroak dira. Garbigunearen telefonoa 946187186 da eta ordutegia astelehenetik barikura 9:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara eta zapatuetan 9:00etatik 13:30era. 

Sastarrei dagokienez, “mesedez dagozkien edukiontzi barrura botatzeko eta inguruan ez uzteko” eskatu die herritarrei: Papera eta kartoia edukiontzi urdinera, beira berdera, plastikozko ontziak eta latak horira eta beste era bateko sastarrak berde ilunera, besteak beste. 

“Gure herria garbi eta politxo mantendu nahi badugu ezinbestekoa da zerbitzu horiek erabiltzea, eta hondakinak dagozkien lekuetan uztea eta ez edukiontzien inguruetan botata; herritarren inplikazioa garrantzitsua da Bermeo garbi-garbi mantentzeko”, azpimarratu du. 

 

 

 

 

 

21 / 12 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

Certified iqnet management system AENOR. Empresa registrada bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0