Albisteak

Albistea

Bermeok Nazioarteko XXX. Folklore jaialdia hartuko du abuztuaren 13an eta Erraldoikada eta ekitaldi berezia irailaren 3an

Bermeoko abesbatzaren 60. urteurrena, Alkartasuna Dantza Taldearen 40. urteurrena eta Erraldoien konpartsaren 10. urteurrena ospatuko dira ‘Bermio dalako gure mundue’ ekitaldi berezian

Hainbat izango dira Bermeok hartuko dituen ekitaldi kulturalak hurrengo asteetan. Horrela, zapatuan, abuztuaren 13an, Alkartasuna Dantza Taldeak antolatuta, Nazioarteko XXX. Folklore Jaialdia izango da Artza Frontoian gaueko 22:00etan

Horrez gain, irailaren 3an, zapatuan, Erraldoikada izango dugu 17:30etik aurrera Bermeon eta gaueko 22:00etan, Artza Frontoian, Bermeoko Abesbatzaren 60. urteurrena, Alkartasuna Dantza Taldearen 40. urteurrena eta Bermeoko Erraldoien Konpartsaren 10. urteurrena ospatuko dira  ‘Bermio Dalako Gure Mundue’ ikuskizun berezian. 

Ekimen hauek gaur prentsaurrekoan aurkeztu dituzte Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak, Joseba Batiz eta Imanol Rodriguez Bermeoko Erraldoien Konpartsako kideak, Gaizka San Pedro, Estibaliz Aranceta eta Gorka Goikoetxea Alkartasuna Dantzako kideak eta Bermeoko abesbatzako Karmele Barrena zuzendariak eta Juan Carlos Varona presidenteak. 

Nazioarteko XXX. Folklore Jaialdia 

Horrela, Gaizka San Pedrok, Alkartasuna Dantza Taldeko presidenteak, azaldu duenez, Ibiza, Galizia eta Turkiako dantza taldeek Bermeoko Alkartasuna dantza taldearekin batera parte hartuko dute zapatuan, abuztuaren 13an, 30 urte betetzen dituen Nazioarteko Folklore jaialdian. Alkartasuna dantza taldeak Bermeoko Udalaren laguntzarekin eta BFAren babesarekin antolatzen duen jaialdia gaueko 22:00etan hasiko da Artza Frontoian. 

San Pedrok azpimarratu duenez, Folklore jaialdiaren helburua da euskal folkloretik aparte, atzerriko folklorea ezagutu eta erakustea eta Bermeoko ohiturak eta kultura beste herri batzuei ere ezagutaraztea. “Horrez gain, taldeko kideak beste herrialde batzuetako dantza taldeekin egoteko aukera dute elkarrenganako ezagutza bultzatuz”, adierazi du. 

Ildo berean, gaineratu duenez, “talde parte hartzaileei Bermeo, Busturialdea, Bizkaia eta Euskal Herria ezagutarazten zaie” eta “Euskal Herriari eta, bereziki Bermeoko herriari, nazioarteko proiekzioa emango dien ekintzetarako oinarriak ezartzen dira”. 

Aurtengo jaialdian, Ibizako ‘Colla Puig D´en Valls taldeak parte hartuko du bere dantzak erakutsiz. Era berean ‘Grupo Etnográfico Das Mariñas’ Galiziako taldearen dantzekin disfrutatu ahal izango dugu eta Turkiako ‘Erguvan Folk Dance Ensamble’ taldearen eskutik dantza ikusgarriak ikusteko aukera izango dugu Nazioarteko Folklore Jaialdian. Eta zelan ez Bermeoko Alkartasuna dantza taldearen dantzak ere ikusgai izango ditugu. 

Sarrera  3 euro izango da eta leihatilan eskuratu ahal izango da bertan egunean. Urte guzti hauetan Indonesia, Frantzia, Siberia, Polonia, Grezia, Alemania, Austria, Espainia, Portugal, Hungaria, Italia, Txekia, Kolonbia, Txile, Mexiko, Argentina eta Martinika Irlako taldeek parte hartu dute Folklore Jaialdian. 

Horri esker, Alkartasuna dantza taldeak Bermeoko izena eta euskal folklorea herrialde horietan zabaltzeko aukera izan du. “Jaialdiak bere sorreratik, -orain dela 30 urte-, Bermeon eta inguruko herrietan harrera oso ona izan du eta udako ezinbesteko ekitaldi kulturala bihurtu da”, azpimarratu du Bermeoko alkateak. 

Horrela, pertsona guztiak animatu dituzte Bermeoko Nazioarteko XXX. Jaialdian parte hartzera, izan ere, atzerriko eta euskal dantzak eta kultura ezagutzeko eta hauekin disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du. 

Erraldoikada 

Bestalde, irailaren 3an, zapatuan, hainbat izango dira Bermeon egingo diren ekitaldi kulturalak. Alde batetik, arratsaldean, Erraldoikada izango da Bermeon. Joseba Batizek, Bermeoko Erraldoien Konpartsako kideak azaldu duenez, erraldoikadan erraldoien bost konpartsek parte hartuko dute, hala nola, Deustuko Ondalan, Santurtziko Mendialde, Donostiako Irrintzi, Iruñako Sanduzelai eta, zelan ez, gure Bermeoko Anton, Josefin, Lorentzo eta Mari erraldoi bermeotarrak. 

Erraldoien kalejirak giro izugarria sortuko du Bermeoko kaleetan, ikuskizun polita eskainiz bertaratzen diren guztiei, izan ere, asko izango dira Bermeon batuko diren erraldoiak, musikariak eta dantzariak egun horretan. 

Erraldoikada 17:30ean hasiko da eta konpartsa bakoitza Alde Zaharreko leku esanguratsuetatik irtengo da: San Juan portale, Intxausti kalea, Nardiz tar Jon, Erremedio, eta Lamerako harrizko bankoa. 

Guztiak Goiko plazan batuko dira eta elkarrekin dantzan egin ostean, kalejiran joango dira Bermeoko Alde Zaharreko kaleetatik. 19:30ak bueltan Lameratik eta Portu Zaharretik murgilduko dira. 

‘Bermio dalako gure mundue’ ikuskizuna 

Bestalde, Astuik adierazi duenez, aurten Bermeoko herriko hiru kultur talderen urteurrena ospatzen dugu, Bermeoko Abesbatzak 60, Alkartasuna Dantza Taldeak 40, eta Bermeoko Erraldoien Konpartsak 10 urte betetzen dituztelako. 

“Talde bakoitzak bere aldetik egin ditu hainbat ekintza euren urtebetetzeak ospatzeko, baina elkarrekin ospatzea ere erabaki dute eta horrela guztiek batera ikuskizun berezi bat eskainiko dute, hain zuzen ere, ‘Bermio dalako gure mundue’ ekitaldia”, azaldu du Astuik. 

Ekitaldi honetarako sorpresaz beteriko programa berezia prestatu dute eta pertsona guztiak hau ikustera gonbidatu dituzte. ‘Bermio dalako gure mundue’ ikuskizuna Artza Frontoian izango da gaueko 22:00etan eta sarrera 3 eurokoa izango da. 

“Hortaz, ekintza kultural pila izango ditugu Bermeon, dudarik gabe giro paregabea sortuko dutenak gure herrian. Horregatik, pertsona guztiak gonbidatu nahi ditugu ekitaldi hauetan parte hartzera, gure kulturarekin gozatzeko aukera eskainiko digutelako”, azpimarratu du Idurre Bidegurenek.

  

09 / 08 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0