Albisteak

Albistea

Itsas munduaren lehena, oraina eta etorkizuna fusionatuko duen Bermeoko XXII. Arrain Azoka inauguratu da

Aukera eta nobedade pila eskainiko digu igandera arte arrantza munduaren erakusleiho garrantzitsuenetarikoa den Bermeoko Arrain Azokak

 

 

Itsas munduaren lehena, oraina eta etorkizuna fusionatuko duen Bermeoko XXII. Arrain Azoka gaur inauguratu da eta, igandera arte, hainbat izango dira azokak adin guztietako pertsonei eskainiko dizkien nobedadeak eta aukerak itsasora hain lotuta dagoen gure kultura, historia, gastronomia, ekonomia eta nortasuna ezagutzeko eta disfrutatzeko.

Horrela adierazi du gaur Bermeoko alkateak, Idurre Bidegurenek, Bermeoko XXII. Arrain Azokaren inaugurazioan. Berarekin batera egon dira Bermeoko Udaleko zinegotziak, eta  enpresa eta erakundeetako ordezkariak, besteak beste, Josu Erkoreka, Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, eta Bittor Oroz, Nekazaritza eta Arrantza sailburuordea.

Bidegurenek adierazi duenez, arrantza munduak utzitako ondarea zabaldu eta arrain kontsumoa eta kontserba industria bultzatzea helburu dituen Bermeoko Arrain Azoka, gaur egun, mota honetako azoken “erreferentea” da. “Arrantza munduaren erakusleiho garrantzitsuenetarikoa da Arrain Azoka eta, horretarako, ezinbestekoa da erakundeak eta enpresak, denon artean, lanean jarraitzea bisitariei bilatzen datozena baino gehiago eskaintzeko”, esan du..

Ildo honetan, adierazi duenez, “aurten gure erronka garrantzitsua da itsas munduaren lehena, oraina eta etorkizuna erakustea eta hori ekimen ezberdin eta berritzaileen bidez lortuko dugu”. “Izan garena ezagutu behar dugu,  daukaguna baloratu behar dugu eta itsasoak eta geure arrantza ondareak ematen diguten aukerak aprobetxatu behar ditugu etorkizuna eraikitzeko. Errealitate berriei egokitzeko gaitasuna daukagula erakusten ari gara”, nabarmendu du. 

Horrela, azaldu duenez, “Arrain azokak iraganera eramango digu arrantzarekin lotuta antzinako ogibideak zuten garrantzia erakutsiz eta etorkizuna ere erakutsiko digu teknologia berriei lotutako proiektu interesgarriak aurkeztuz (Sotapatroi proiektua)”. 

Era berean, adierazi duenez, gastronomiak “pisu oso garrantzitsua” du Bermeoko Arrain Azokan, izan ere, aurten bere leloa ‘Ireki zazu bizitazuna, jan zazu osasuna’ da, azokaren helburu garrantzitsua delako arraina kontserban jatea oso osasungarria dela jakinaraztea. 

“Hori lortzeko urtero moduan stand ezberdinetan kalitatezko kontserbak eskainiko ditugu baina, era berean, Arrain Azoka garai berrietara egokitu eta gastronomia ikuskizun ezberdinak eskainiko ditu, besteak beste, itsasoko delicatessemen show cookinga, sashimi kalitatezko atunaren aurkezpena, maridajeak… Arrainaren historia ere azalduko da kata baten bitartez”, adierazi du. 

Ildo berean, “gure arrantza kultura eta historia erakusten” duten arrain azokako ekimen tradizionalak ere izango ditugu (Mater itsasontzia, itsas ibilaldiak, hitzaldiak, umeentzako tailerrak..), hauek ere “ezinbestekoak” baitira itsas munduaren lehena, oraina eta etorkizuna erakusteko. “Beraz, itsasoaren munduan murgilduta ibiltzeko aukera paregabea izango dugu arrain azokan”, nabarmendu du. 

Bidegurenek Bermeoko arrain azokan elkartasuna ere presente egongo dela gogoratu du. Izan ere, herriko hainbat talde sozial inplikatu dira eta atun errea dastatzeko aukera emango dute jatetxe karpan eta lortutako dirua garapenean arazoak dituzten 6 eta 12 urte bitarteko umeen estimulazioa bermatzeko proiektura zuzenduko da.

Hortaz, Bidegurenek gogoratu duenez, “urtero moduan, jai giro izugarrian, gure kontserberen produktuak dastatu, ezagutu eta erosi ahal izango ditugu, , eta hitzaldi, itsas ibilaldiak, erakusketak, eta hainbat tailerren bitartez arrantzaren mundua ezagutu ahal izango dugu adin guztietako pertsonek”. “Arrantza eta itsas mundua hurbiletik gozatzeko eta ezagutzeko aukerak paregabeak baitira gure Arrain azokan”, adierazi du. 

Hegaluze Saria 

Inaugurazio ekitaldia egin baino lehen,  XX. Hegaluze Saria eman da. Aurten Alberto Aurrekoetxeak, ‘Frai Albertok’, jaso du sari hau “Bermeoren alde eta bereziki arrantzaleen alde egindako lan itzelagatik”. ‘Frai Alberto’ Dakarreko zortzi kanpainetan (1957-1964) mediku misiolari lanetan ibili zen eta ondoren funtsezko papera izan zuen Bermeoko flotaren garapenean, itsasontzien mekaniko moduan (1967-1988). 

Ekitaldi horretan Joseba Kerejetari ere omenaldi hunkigarria egin zaio, izan ere, handia izan da urpeko arrantza txapelketan munduko irabazleak (2008-2010) Bermeorekin zuen lotura. 

Joseba Durangon jaio zen orain dela 47 urte eta joan den apirilaren 22an Miamin hil zen bere bizia zen kirola egiten. Bermeoko herria beti eraman zuen bere bihotzean eta harrotasunez Bermeoren izena eta Izaro Sub urpeko klubarena munduan zehar goraipatu zituen. Guzti horregatik, Bermeoko herriak Joseba Kerejetari aipamen berezia egin nahi izan dio Bermeoko Arrain Azokan.

XXII. Arrain Azokako 21 erakustokiak gaur goizeko 11:00etan ireki dira eta  hiru egunetan zehar kontserbak dastatu eta erosteko, jai giroaz gozatzeko eta programa zabal batekin disfrutatzeko aukera egongo da Bermeon.

 

 

 

20 / 05 / 2016

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0