Prensa

Prensa

Bermeoko Udalaren Zaharren egoitza eta Musika Eskola elkarlanean programa bat lantzen ari dira egoiliarrek musikarekin gozatzeko

Bermeoko Udalaren Zaharren Egoitza eta Bermeoko Udal Musika Eskola elkarlanean programa bat lantzen ari dira egoitzako egoiliarrak musikarekin gozatu ahal izateko. Programa honek, azaldu dutenez, pertsona nagusientzat hainbat  onura dakar, izan ere, integrazioa lantzen da, komunitatearekiko lotura mantentzen da, autoestima hobetzen du, maila kognitiboa lantzen du eta belaunaldien arteko lotura sendotzen du. 

Guzti hauek dira Bermeoko Udalaren Zaharren Egoitzak eta Bermeoko Udal Musika Eskolak dituen helburuak eta horretarako aipatutako programa lantzen ari dira elkarlanean. Horren barne hainbat dira  egin eta egingo diren ekimenak, besteak beste, musika ipuinak, musika tailerrak, kantu zaharren bilduma eta erakusketa didaktikoa.  

Horrela, bihar, ekainaren 9an, martitzenean, hasiko dira programa hau lantzen ipuin musikatuarekin. Horrela, musika eskolako irakasleek ipuinean txertatuta estilo desberdineko kantu ezagunak joko dituzte. Goizeko 11:00etan Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzako lorategian izango da egoiliarrek ikuskizun honekin gozatu ahal izateko. Egoitzaren kanpoko aldetik ere ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek. 

Erakusketa didaktikoaren barne, musika eskolako ikasleak Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzan hainbat kontzertu eskainiko dituzte. Hiru ekainean izango dira, hau da, ekainaren 16an, martitzenean, haize taldearen kontzertua arratsaldeko 18:30ean; eta ekainaren 17an eta 18an, eguaztenean eta eguenean, musika entzungai saioak.  Azken bi hauek 18:00etan izango dira. Abenduan ere hainbat saio eskainiko ditu musika eskolak egoiliarren integrazioa eta parte hartzea bultzatzeko helburuarekin. 

Horrez gain, joan den ekainaren 2an musika eskolak antolatuta kontzertu bat eskaini zen egoitzan Bermeoko kantu zaharrekin. “Bada kantu propio bat ikasitakoa, “Portura doazenien” Zaharren egoitzan dagoen Juli Izagirre andreari entzunda jasotako kantu zaharra da eta musika eskolako ikasleek gustura ikasi dute antzinako kantu zaharra”, azaldu dute.

Bestalde, musika tailerrak ere martxan jarriko dira urrian zahartzaro aktiboa bultzatzeko, musika ardatz hartuta. Horrela, 8-10 egoile musika eskolara hurbilduko dira musika eskola jasotzera.  

Modu honetan, alde ezberdinak landuko dira: egoitzatik kanpo ekintza bat egitea, taldeko partaide sentitzea, estima pertsonala eta soziala hobetzea, eta memoria eta psikomotrizitatea lantzea, besteak beste. Tailerra urrian hasiko da, astean ordu bete, 12 astean zehar.  

Bermeoko Udalaren Zaharren egoitzak eta Bermeoko Udal Musika Eskolak programa hau “gure nagusientzat oso positiboa izango dela adierazi dute, musikaz gozatuz gain, integrazioa eta autoestima hobetzea lantzen baita, besteak beste”

08 / 06 / 2015

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0