Prensa

Prensa

Energiari buruzko eskola eta udal foroak gaur Bermeon

 

Eskola Agenda 21 ekimenaren barruan, Eskola Foroa eta Udal Foroa egin dira gaur, Bermeoko Gizarte eta Kultura etxeko hitzaldi aretoan. Aurten gai nagusia energia izan da Aktibatu+ kanpainaren bitartez, eskoletan elektrizitatea eta gasa aurrezteko. 

Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak azaldu duenez, foroen helburua honakoa da: Bermeoko ikastetxe guztietako (Herri Eskola, Eleizalde Ikastola eta Sagrado Corazón) ikasle zein irakasleek, udalari aurkeztea ikasturte honetan zehar energiaren inguruan eta ingurumeneko beste gai batzuei buruz landutakoa eta euren proposamenak udalari luzatzea.  

Horrela, goizeko 11:00etatik 12:00etara, eskola foroa egin da. Bertan, ikastetxe guztietako guraso, ikasle eta irakasleen ordezkariek euren ikastetxeetan energia eta Aktibatu + kanpainaren barne egindako lana partekatu dute.  

Ostean, udal foroa 12:00etatik 13:00etara izan da. Bertan, eskola foroaren partaideek Bermeoko alkateari, Idurre Bidegureneri, eta Ingurumen zinegotziari, Irune Ormaetxeari, eta udal ordezkariei  harrera egin die eta aurreneko saioan prestatu duten aurkezpena azaldu die.  

Foroan, lehendabizi ohiko proiektuei buruz informatu dute (eskolako hazitegia eta ortua, ikasturte honetan egindako birziklapen tailer bi beira eta etxeko olioari buruz, Busturialdeko Ur Partzuergoak antolatutako uraren kanpainan egindakoa azaldu …).  

Jarraian, Aktibatu+ kanpainaren barruan eskoletan elektrizitatea eta gasa aurrezteko egindako lanaren berri eman dute (kontsumoaren diagnosia kontadoreak irakurriz, energia aurrezteko neurriak identifikatu eta ikasleei jakinaraztera eman, neurriok martxan jarri eta hurrengo urtean hobekuntzak neurtuko dituztela adierazi dute).  

Gero iradokizunen eta elkarrizketaren txanda izan da. Araztegia martxan jartzeak Bermeon eta bereziki portuan izan duen eraginari eta onurei buruz hitz egin dute. Horrez gain, bertoko produktuak kontsumitzearen garrantzia azpimarratu dute, bai ikastetxeetako jantokietan eta bai etxeetan, eta hauen kontsumitzearen aldeko apustua egin behar dela adierazi dute. Ildo honetan, hurrengo urtean, bertoko produktugileekin eta ikasleei zuzenduta, bertoko produktuen dastatze bat egitea proposatu da euren onurak ezagutzeko. 

Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak azaldu duenez, oso garrantzitsua da herriko ikastetxeek gure ingurumena zaintzearen alde hartzen duten konpromisoa, jasangarritasunaren garrantzia txikitatik landu eta barneratu dezaten.

 

 

05 / 06 / 2015

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0