Prensa

Prensa

Bermeoko XIV. Txistu Alardea ekainaren 13an, zapatuan, 'Gatom'en parte hartzearekin

XIV. Txistu Alardeak musikarekin disfrutatzeko aukera paregabea eskainiko du ekainaren 13an, zapatuan, Bermeoko Artza frontoian. Iluntzeko 20:00etan hasiko den ekitaldi honetan guztira 60 musikarik eta dantzarik eta ‘Gatom’, Iñigo Iriondo rap abeslari bermeotarrak parte hartuko dute. Sarrera dohainik da.

Esti Arrizabalagak, Musika Eskolako zuzendariak, Aingeru Astuik, Kultura zinegotziak, Iban Ibarretxek, Alardea zuzenduko duen Musika Eskolako txistu irakasleak, eta ‘Gatom’ Iñigo Iriondo rap abeslari bermeotarrak gaur prentsaurrekoa egin dute Bermeon XIV. Txistu Alardea aurkezteko.

Astuik adierazi duenez, Txistu Alardearen protagonistak asko izango dira, izan ere, “Udalaren Musika eskolako txistulariak, koroak eta musikariak entzuteko aukera izango dugu. Era berean, Bizkaiko Musika Eskolako txistulariak eta ‘Kankinkabara’ txistu taldea ere izango ditugu gure artean. Horiez gain Ondarruko Metal taldeak, Alkartasuna dantza taldeak, Javier Setienen dantza eskolako dantzariak , txalapartariak eta irrintzilariak ere parte hartuko dute XIV. Txistu Alardean”.

Aurtengo gonbidatua ‘Gatom’ izango da eta bere kantuak entzungai izango dira XIV.Txistu Alardean. Hortaz, Astuiren esanetan, “musikarekin eta dantzarekin giro ezin hobean gozatzeko aukera eskainiko digu aurten ere Txistu Alardeak”

Iban Ibarretxe Alardeko zuzendariak azaldu duenez, aurten 4 estreinaldi sartuko dira errepertorioan. Horien artean, ‘Alkartasuna’ biribilketari aipamen berezia egin dio, Hodei Urrutxua musika eskolako ikasle ohi bermeotarrak Alkartasuna dantza taldeari idatzitakoa 2002.urtean, hain zuzen ere. Konposaketak ukitu modernoak ditu.

Bestalde, ”Arrantzaleen Banakoa”, Asier Ormaza ikasleak eta Iban Ibarretxek zuzendariak berak sortutako obra entzungai izango dugu.

Musika Eskolako zuzendariak azaldu duenez, musikaren ondarea errekuperatze aldera, aurtengo errepertorioan Jose Antonio Egia musikariaren  beste obra bat errekuperatu dute artxibotik, “Zatoz nigana” tangoa, hain zuzen ere. Obra hau taula gainean dauden musikari eta dantzari gonbidatuek, Javier Setienen dantza eskolako dantzariak, alegia, interpretatuko dute.

Arrizabalagak koruaren ordez kantariak gonbidatzen direla gogoratu du. Horrela, egitarauan, gonbidatutako musikariaren bi edo hiru obra interpretatzen dira Alardearen formatuan. Aurtengoan rap musika estiloan ‘Gatom’ artista bermeotarraren 3 obra sartuko dira errepertorioan : “Duintasun martxak”, Especie de extinción”  eta “Euskalakari”. Moldaketak Iban Ibarretxek egin ditu.

Hainbat izendun kantari pasatu dira Alardean kantari, besteak beste, Leire Gotxi, Aitor Gorosabel, Pantxoa eta Pello, Xabier Amuriza, Alex Sardui, Mikel Urdangarin eta José Seijido ‘Tximino’ taldeko abeslaria. Aurtengoan, ‘Gatom’, Iñigo Iriondo rap abeslari bermeotarra da kantari gonbidatua.

 “Gure kultura landuz eta zabalduz, herritar guztiak kulturaren parte eta jabe izatea lortu nahi dugu. Horretan dihardugu Udalaren Musika Eskolako ikasle eta irakasleok”, azpimarratu du Arrizabalagak.

Ildo berean, adierazi duenez, “ilusio eta gogo handia jarrita buru-belarri prestatu du udalaren musika eskolak zapatuan taularatuko duen herri doinuekin osatutako egitaraua”. Beraz, Arrizabalagak, Astuik, Ibarretxek eta ‘Gatom’ek eskualdeko musikazale guztiak gonbidatu dituzte XIV. Txistu Alardera.

 

 

05 / 06 / 2015

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0