Prensa

Prensa

Energiari buruzko eskola eta udal foroak bihar Bermeon

Eskola Agenda 21 ekimenaren barruan, Eskola Foroa eta Udal Foroa egingo dira bihar, ekainaren 5ean, Bermeoko Gizarte eta Kultura etxeko hitzaldi aretoan. Aurten gai nagusia energia izango da Aktibatu+ kanpainaren bitartez, eskoletan elektrizitatea eta gasa aurrezteko.  

Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak azaldu duenez, foroen helburua honakoa da: Bermeoko ikastetxe guztietako (Herri Eskola, Luis Eleizalde Ikastola eta Sagrado Corazón) ikasle zein irakasleek, udalari aurkeztea ikasturte honetan zehar energiaren inguruan eta ingurumeneko beste gai batzuei buruz landutakoa eta euren proposamenak udalari luzatzea.  

Horrela, goizeko 11:00etatik 12:00etara, eskola foroa egingo da. Bertan, ikastetxe guztietako guraso, ikasle eta irakasleen ordezkariek euren ikastetxeetan energia eta Aktibatu + kanpainaren barne egindako lana partekatuko dute.  

Ostean, udal foroa 12:00etatik 13:00etara izango da. Bertan, eskola foroaren partaideek Bermeoko alkateari, Idurre Bidegureneri, eta Ingurumen zinegotziari, Irune Ormaetxeari, eta udal ordezkariei  harrera egingo die eta aurreneko saioan prestatu duten aurkezpena azalduko die.  

Foroan, lehendabizi ohiko proiektuei buruz informatuko dute (eskolako hazitegia eta ortua, lorezaintza tailerra, ikasturte honetan egindako birziklapen tailer bi beira eta etxeko olioari buruz, Busturialdeko Ur Partzuergoak antolatutako uraren kanpainan egindakoa azaldu …).  

Jarraian, Aktibatu+ kanpainaren barruan eskoletan elektrizitatea eta gasa aurrezteko egindako lanaren berri emango dute (kontsumoaren diagnosia, energia aurrezteko neurriak identifikatu, neurriok martxan jarri eta azkenik lortutako hobekuntzak neurtu).  

Gero iradokizunen eta elkarrizketaren txanda izango da. Bermeoko Udaleko Ingurumen Sailak azaldu duenez, oso garrantzitsua da herriko ikastetxeek gure ingurumena zaintzearen alde hartzen dute konpromisoa, jasangarritasunaren garrantzia txikitatik landu eta barneratu dezaten.

 

 

04 / 06 / 2015

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0