Prensa

Prensa

Arrain Azokan botilak batzeko kanpaina berezia azokaren inguruko tabernetan

 

Bermeoko Arrain Azokaren barne, maiatzaren 15, 16 eta 17an, Bermeoko Udalak, Ecovidrio enpresarekin batera, kanpaina berezi bat jarriko du martxan azoka inguruko tabernetako beirazko botilak aparteko zerbitzu baten bitartez biltzeko. Zerbitzu hau 41 taberna eta Arrain azokako guneko txosnei emango zaie eta doanekoa izango da. 

“Kanpaina honen bidez, Udalak Arrain azoka egunetan botilen birziklapena gehitu nahi dugu eta horretarako laguntza bat emango diegu azoka inguruko ostalariei”, azaldu du Irune Ormaetxeak, Ingurumen, Merkataritza eta Turismo zinegotziak gaur egindako prentsaurrekoan. Izan ere, gogoratu duenez, “egun horietan jendetza handia batzen da eta tabernariek sarritan gainezka egoten dira beirazko botilak kaleko edukiontzi berdera eramateko. Horregatik ekimen hau abiarazi dugu”.  

Horretarako, Lamera, Portuzarra eta Askatasun Bidea kaleko taberna guztietan gurpildun kubo bat utziko da botilak bertan batzeko. Ondoren, lau pertsonaz osatutako talde bat arduratuko da aldizka pasatzen lokal guztietatik kubo horiek kaleko edukiontzietan husteko eta, bide batez, beste kubo huts bat ixteko. Bilketa hau ostiral eguerdian eta iluntzean egingo da, larunbat eguerdian, iluntzean eta gauean eta amaitzeko, igande eguerdian.  

Ormaetxeak azaldu duenez, kontsultatutako ostalari guztiak ados agertu dira ekimen honekin eta parte hartzeko prestutasuna agertu dute. “Kanpaina berezi hau lehen aldiz Tolosako inauterietan martxan jarri zen eta ikusita emaitza oso onak lortu zirela, Ecovidriok Bermeoko arrain azokan egitea ere erabaki du”, azaldu du. Ildo honetan, kanpaina honen bitartez, guztira 15.000 kilo beira hondakin biltzea aurreikusten dela gaineratu du. 

Hortik aparte, orokorrean beiraren birziklapena indartzeko eta kaleko edukiontziak estetikoki ere hobeto integratzeko, bide batez, Lamera, Portuzarra eta Alde Zaharreko 10 edukiontzi ordezkatuko dira zerbitzu hobea emateko. Bermeoko irudi tradizional batekin margotuta, arrantzale bat mahoi jantzita hegaluze batekin esku baten eta arraun-pala bat bestean. 

Arrain azoka garbiketa zerbitzuak

Bestalde, Ormaetxeak azaldu duenez, Arrain Azokaren egunetan garbiketa zerbitzuak indartu egingo dira herria ahalik eta garbien mantentzeko. Horrela, zapatuan eta domekan garbiketa zerbitzuak zazpi langilerekin indartuko dira eta astelehenean hiru langilerekin. Horrez gain, domekan ere herria ureztatzeko eta garbitzeko kamioi bat egongo da martxan. “Herria garbi mantentzea da gure erronka eta horretarako sastarrak edukiontzietara botatzeko eta, bereziki, botilak beiraren edukiontzietara botatzeko eskatzen diegu ere herritarrei”, azaldu du. 

13 / 05 / 2015

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0