Prensa

Prensa

Emakumearen parte hartzea sustatu nahi du Bermeoko XI. Herri Lasterketak urtarrilaren 25ean, domekan

 

Osasun ikuspuntu batetik kirola egiteak duen garrantzia kontuan hartuta, emakumeak kirola egitera animatzea du helburu garrantzitsua urtarrilaren 25ean, domekan, egingo den Bermeoko XI. Herri Lasterketak. Irune Ormaetxea Kirol zinegotziak; Itxaro Zabalak, Bermeoko Udal Kirol Patronatuko zuzendariak; eta Jon Iturbek, Taraska Atletismo taldeko ordezkariak, aurkeztu dute gaur prentsaurrekoan Bermeoko XI. Herri Lasterketa. 

Azaldu dutenez, joan den urtean 253 pertsona nagusik parte hartu zuten, eta horietatik 67 emakumeak izan ziren. “Emakumearen presentzia 2013an baino ia hiru aldiz handiagoa izan zen, baina emakumearen parte hartzea handiagoa lortzen ahalegindu behar gara, emakumeari kirola egiten kalean ikusi behar zaiolako”, azaldu dute.  

Horrela, aurten lasterketa testimoniala ere antolatu da emakume guzti guztiak, adin guztietakoak, kirol jai honetan parte hartu ahal izateko eta emakumea Bermeoko herri lasterketan korrika, kirola egiten, ikusi ahal izateko. Ildo berean, aurten batzen den dirua gure herrian emakumeen alde lan egiten duten elkarteen artean banatuko da: Erroxape eta Sareginek, hain zuzen ere.

Ormaetxeak lasterketaren  izaera “herrikoia”, “soziala” eta “konpetitzioa helburu ez duena” dela azpimarratu du. Adierazi duenez, Herri Lasterketaren helburuak dira “herritarrak kirol jardueraz sentsibilizatzea, osasuna eta kirolaren arteko harreman estua azaltzea eta kirola Bermeoko kaleetan ikustea eta sentitzea”. “Horrez gain, kirola herritarrei hurbildu nahi diogu, kirola ez dela federatuen gauza bakarrik adierazi, denona dela eta denok parte hartu ahal dugula, hain zuzen be”, gaineratu du.   

Adin guztietako herritarrak 

Urtero bezala adin guztietako herritarrek parte hartu ahal izango dute lasterketan. Horretarako, bost lasterketa antolatu dira, - umeak, txikiak, gazteak,  nagusiak eta testimoniala-. Guztiak Bermeoko Lameratik hasiko dira.

Lasterketa nagusia, hau da, 15 urtetik gorakoena, goizeko 10:45ean hasiko da eta ibilbide guztia gutxi gorabehera 8 kilometrokoa izango da. 11 eta 14 urte bitarteko gazteek lasterketa nagusian parte hartu ahal dute, beti ere pertsona nagusi baten ardurapean eta berarekin korrika, eta gurasoen baimenarekin.  Lasterketa testimoniala ere 10:45ean izango da. 

Gazteen lasterketa, 11 eta 14 urte bitartekoei zuzendutakoa, goizeko 12:00etan hasiko da eta ibilbidea 1.500 metrokoa izango da. Txikien txanda, 7 eta 10 urte bitarte dutenena, 12:20ean izango da eta 800 metroko ibilbidea izango da. Umeen kasuan, 3 eta 6 urte bitartekoak, 12:50ean hasiko dira eta 100 metroko ibilbidea izango dute.   

Izena ematea 

Bermeoko Udal Kirol Patronatuak eta Taraska Atletismo taldeak antolatzen duten XI. Herri Lasterketan parte hartu nahi dutenek Bermeoko Araneko kiroldegian izena eman behar dute. Lasterketa egunean ere izena emateko aukera egongo da 10:15ak arte, hala ere, Zabalak adierazi duenez, antolatzaileen lana errazteko, egunak lehenago apuntatzea eskertzen dute.

Ume, txiki eta gazteen kasuan euro bat izango da eta nagusiak bi euro ordaindu behar dituzte. Aurten batzen den dirua gure herrian emakumeen alde lan egiten duten elkarteen artean banatuko da: Erroxape eta Sareginek, hain zuzen ere. 

Aurten ere izena ematerako orduan korrikalari bakoitzari bere dortsala emango zaio, lasterketa egunean eraman beharrekoa. Korrikalari batzuei, -ume, txiki  eta gazteei-,dortsala ikastetxeetan banatuko zaie.  

Lasterketa nagusian parte hartzen dutenek, lasterketan zehar ura edateko aukera izango dute, izan ere, ibilbidean zehar gune bat egongo da. Lasterketa bukatu ondoren janaria eta edaria eskainiko zaie parte-hartzaile guztiei (ura, jogurtak) eta dutxatzeko aukera ere egongo da Araneko kiroldegian eta Artza frontoian. Umeen artean Bermeoprint-ek oparitutako 5 euroko 20 bale banatuko dira.  

XI. Herri Lasterketaren garapen zuzena eta segurtasuna bermatzeko honako hauek lan egingo dute: Udaltzaingoak, Herri Babesak, Gurutz Gorriak, Taraska Atletismo taldeak, Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak, herriko bolondresak eta Izaro Bikers elkarteak.  

Bestalde, lasterketaren laguntzaileak dira Kutxabank, BM supermerkatuak, Bermeoprint, Coca-cola, Festak.com, San  Frantzisko Herri eskola, Sagrado Corazón ikastetxea, Eleizalde ikastola eta Ignacio Arocena institutua.  

Azkenez, Ormaetxeak, Zabalak eta Iturbek herritar guztiak eta bereziki emakumeak XI lasterketan parte hartzera animatu dituzte, kirola egiteko eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango delako.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, Bermeoko Araneko kiroldegiko sarrera bulegoan eta www.bermeokoudala.eus  webgunean eskura daiteke.

 

 

 

14 / 01 / 2015

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0