Prensa

Prensa

Bermeo 23. Korrika hartzeko prest dago

Gaur, 16:00etan, Irunen hasi eta 11 egunez gelditu barik Euskal Herria zeharkatuko du 23. Korrikak, martxoaren 24an, domekaz, Baionara heltzeko. Hala, Euskal Herri osoan ibiliko dira Korrikaren lekukoa eta mezua, eskuz-esku, kilometroz-kilometro.

Bermeora, martxoaren 21ean (eguaztenetik eguenarako goizaldean) helduko da Korrika. Mundakatik etorriko da, eta 01:31ean Bermeora sartzea aurreikusita dago. Honakoa izango da ibilbidea: Txibitxiaga, Artza, Erribera, Askatasun bidea, Erreñezubi, Ondarraburu, Lameratxiki, Zubiaur tar Kepa, Taraska, Artza, Lamera, Arostegi, Goiko plaza, Nardiz tar Jon, Bizkaiko Jaurerria, San Martineko errotonda, Burujabetasuna zelaia, institutua, ikastola eta Bakiorako bidea.

Korrikari itxaroten gaudela, martxoaren 20an (eguaztena), Korrika txikia hartuko du Bermeok eta herriko ikastetxeetako ikasleek hartuko dute parte berton. Artza frontoi parean hasiko da Korrika txikia Bermeoko DBHko ikasleekin. Gainerako ikasleek ikastetxeka egingo dute ibilbidea. Hala, San Frantzisko Herri Ikastetxeak Erriberan hartuko du lekukoa, Eleizalde Ikastolak Lameratxikin eta Sagrado Corazonek, berriz, Taraskan. Korrika txikia Lamerako kioskoan amaituko da, eta bertan ikasleek euskararen aldeko mezua irakurriko dute. Ondoren, aurtengo Korrikaren abestia dantzatuko dute Divenire Dantza Eskolakoek horretarako prestatutako koreografia erabilita. Eguraldi txarra egingo balu, ikastetxe bakoitzak bere Korrika txikia egingo luke.

Goiza girotu aldera, 10:00etan hasi eta 13:00ak bitartean, Bermeoko Udalak musika jarriko du Lamerako kioskoan.

Korrika batzordea lanean

Korrika batzordea ere lan eta lan dabil. Korrikaren itxaronaldia atseginagoa egiteko, hainbat ekintza antolatu dituzte Goiko Plazako Kabidxe Gune Sozialean. Martxoaren 20an bertan, 20:00etan, Euskal Herrian Euskaraz taldeak, apirilaren 22tik 28ra izango den Euskaldunen Harrotze Astea aurkeztuko du. Ordu erdi beranduago, berriz, 20:30ean, Amaia Gabantxo eta Edorta Jimenezekin hitzaldi-elkarrizketa antolatu dute. 22:00etatik aurrera, txokolatea eskainiko da, Oihaletxea dokumentala jarriko dute, Korrikako argazkiak ikusgai egongo dira eta Korrika zuzenean ikusteko aukera egongo da. Kabidxeko barra zabalik egongo dela esan dute. Hala eta guztiz ere, egitaraua ez dago zarratuta eta Korrika heldu arte ekitaldi gehiago antolatu ahalko dira.

Gainera, Eleizalde Ikastola eta Bermeoko Institutua zabalik egongo dira, Korrikaren zain.

‘Bizkarsoro’ doan, gonbidapenekin

Korrika Bermeotik igaro eta hurrengo egunean, hau da, martxoaren 22an, barikuan, (eta ez, martxoaren 21ean Bermeon Zer? Kultura agendan dakarren moduan) Bizkarsoro filma ikusteko aukera egongo da, 19:30ean, Nestor Basterretxea aretoan. Bermeoko Udalak antolatu du film emanaldia Korrika Kulturalaren barruan eta UEMAren laguntzarekin. Doan ikusi ahal izango da filma, baina gonbidapena edukitzea beharrezkoa da. Gonbidapenak Gizarte eta Kultura Etxean hartu ahal izango dira. Filma eta gero, solasaldia egongo da.

DBH eta Batxillergoko ikasleek apirilean ikusi ahal izango dute Bizkarsoro filma, horretarako hainbat saio antolatuko dira-eta.

Bizkarsoro filmean euskaraz bizitzeagatik zigortutako euskaldunen bost istorio kontatzen dira, identitateari eta hizkuntzari uko egitera behartutako komunitatearen historia. Bizkarsoro fikziozko lekua da, baina Euskal Herriko edozein herri izan daiteke.

Busturialdeko AEKk antolatuta, Baionan egingo den Korrikaren amaiera ekitaldira joateko autobusak egongo dira; hirugarren autobusa betetzen dabiltza. Martxoaren 24an (domeka), 08:30ean irtengo dira autobusak Bermeotik eta 19:30ean izango da bueltarako ordua. 15 euro ordaindu beharko dira AEK euskaltegian, edo bizum bidez ere egin daiteke. 635 97 16 54 telefono zenbakian eman daiteke izena eta martxoaren 20a izango da horretarako azken eguna.

Korrikako petoak liburutegian daude salgai 6 eurotan; eskudirutan ordaintzea eskatu dute eta dirua justu eroatea.

Iker Bilbao San Nicolas Euskara zinegotziak herritarrak Korrikan parte hartzera gonbidatu ditu, guztiok batera euskararen aldeko apustua erakusteko eta Bermeon euskararen alde egiteko gogoa dagoela adierazteko. Horrela ba, adin guztietako herritarrak eta herriko elkarte guztiak euskararen alde korrika egitera animatu ditu: “Prestatu oinetakoak eta etorri euskararen aldeko lasterketara, HARRO HERRI KORRIKA!”

14 / 03 / 2024

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0