Prensa

Prensa

'Bizkaiko Foru Aldundiaren ez eraginkortasunagatik, bermeotarrak zaharren egoitzan ohe bat lortzeko itxaron zerrendetan daude', salatu du Ibarrolazak

 

Benito Ibarrolazak, Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuko presidente-eragileak, Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko udal zaharren egoitzarekiko duen jarrera salatu du; izan ere, “atzerapen izugarriak ditu hitzartuta ditugun oheak betetzerako orduan eta, hori dela eta, bermeotarrak itxaron zerrendetan dauzkagu ohe barik, horrek galerak sortuz pertsonengan eta baita ere udalaren zaharren egoitzaren egoera ekonomikoan”.

Ildo horretan, Ibarrolazak azaldu duenez, Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuak 57 ohe ditu hitzartuta Bizkaiko Foru Aldundiarekin, “baina ohe horiek betetzen atzerapenak ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, nahiz eta itxaroten zerrendetan pertsonak egon”. Egoera horrek, iaz, 40.000 euro inguruko galerak sorrarazi zizkion Bermeoko zaharren udal egoitzari eta aurten jadanik 15.000 euro inguruko galerak sortu dizkio.

Bere esanetan, “momentu honetan hitzartutako hiru ohe hutsik daude, horietariko bat hilabete baino gehiago, bermeotarrok daudenean itxaron zerrendan ohea behar dutenak”. “Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuak ezin die bermeotar horiei baimena eman ohea hartzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuduntza delako”, gaineratu du.

Ibarrolazak azaldu duenez, BFAren erantzuna da “prozedurak bete behar direla eta Bermeoko egoitzan hutsik dauden plazak Bizkaia osoko itxaron zerrendan dauden eskari-egile guztiei eskaini behar zaiela telefono bidez, eta dei horiek egiteko baliabideak mugatuak direla eta beraien erritmoak dituztela“.

“Ezin dugu aitzakia hori onartu, batez ere bermeotarrak itxaron zerrendatan ohe bat itxaroten daudelako, eta horrez gain, atzerapen horiek gure aurrekontuetan galerak sortzen dituztenean eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontuetan, berriz, aurrezpenak”, azaldu du Bermeoko Gizarte Ongizate Patronatuko presidente-eragileak.

Ibarrolazak gogoratu duenez “Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren eskumenekoa den zerbitzu hau bere gain hartu du, nahiz eta BFAk oraindik kostu osoa ez ordaindu”. Hortaz, “gutxienez, hitzartuta dituen ohe horiek ahalik eta arinen betetzeko” eskatu dio Benito Ibarrolazak Bizkaiko Foru Aldundiari.

Bermeoko Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak azpimarratu du bere helburua dela “udalaren zaharren egoitza publikoko egoiliarrei kalitatezko zerbitzu publiko bat ematea eta zerbitzu publiko honen finantziazioa BFAk bere gain hartzea, bere eskumena den heinean”.

 

 

 

12 / 04 / 2019

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0