Prensa

Prensa

Bermeon 2018an sortutako sastar kopurua %1 jaitsi da eta birziklapena %2,4 igo da

 

Bermeon 2018an sortutako sastar kopurua %1 jaitsi da aurreko urtearekin alderatuz, eta 4.945 tona sastar inguru sortu dira; hau da, herritar bakoitzak 289 kilo sastar sortu ditu urtean. Gainera, 2017. urtearekin alderatuz, guztira birziklatutako hondakin kopurua %2,4 igo zen joan den urtean, hau da, iaz bermeotarrek 1.563 tona hondakin birziklatu zuten. Hortaz, balorazio “positiboa” egin du Irune Ormaetxeak, Bermeoko Ingurumen zinegotziak. 

Bere esanetan, “orotara gure herrian sortutako hondakin guztietatik %26 errekuperatzen da birziklatzeko”. “Era berean, kontuan hartu behar da Bermeoko Garbigunean 293 tona hondakin ere errekuperatu direla”, gaineratu du. Hala ere, Ormaetxearen esanetan, “datu hauek hobetu ahal dira eta birziklapena gehitzeko ahalegin gehiago egin behar ditugu; izan ere, hondakin gutxiago sortzea eta sortzen dena berrerabiltzea edo birziklatzea da gure erronka”. 

Azterketa zehatzagoa eginez, Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, hondakin gehienen birziklapenak igoera izan zuen joan den urtean. “Igoera nabarmenena etxeko olioaren bilketan izan da, %15eko igoera izan baitu, iaz 13.300 kilo olio bildu baitziren kaleko edukiontzien bidez”, nabarmendu du. Ildo horretan, gogoratu duenez, 2018an Bermeoko Udalak Etxeko olio zikina batzeko zerbitzua bi edukiontzi berrirekin indartu du, San Martinen eta Zubiaur tar Kepa kaleetan, hain zuzen ere, eta horrek emaitza “onak” izan ditu. 

Igoera garrantzitsua izan dute ere Bermeoko Udalak kudeatutako Bolumen handiko hondakinen bilketak, %7,4koa, hain zuzen ere; izan  ere, 193.000 kilo altzari eta etxetresna zahar bildu dira, Ormaetxearen esanetan. 

Garbikerren bidez Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen duen Ontzi arinen birziklapenean ere igoera egon da, %4,4koa. Horri esker, 291.000 kilo birziklatu dira. Azkenik, Bermeoko Udalak kudeatzen duen papera eta kartoiaren bilketan ere igoera izan da, %1,91koa, eta guztira 532.000 kilo berreskuratu dira. 

Eco-vidriok kudeatutako Beiraren kasuan, 2017ko ia kopuru berbera batu da, hau da, 498.000 kilo; eta Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatutako erropen bilketaren kasuan, beherakada txiki bat egon da, %1ekoa; hala ere, 35.460 kilo arropa batzea lortu zen 2018. urtean Bermeon. 

Bermeoko Udaleko Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, “garrantzitsua” da kontsumitzerako orduan “arduratsuak” izatea eta “jasangarritasunaren ikuspuntua kontuan hartzea: bertoko produktuak kontsumitu, gain-ontziratutako elikagaiak ez erosten saiatu, erosketarako orga, telazko poltsak erabili…”.  Horrez gain, esan duenez, “bermeotarrak birziklatzeko ohituran denborarekin orokorrean hobetzen joan gara”, baina “birziklapenean ahaleginak egiten jarraitu behar dugu”. Horregatik, “gaika birziklatzen jarraitu behar dugu gure ingurumena guztion artean zaintzeko”, adierazi du.

01 / 02 / 2019

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0