Prensa

Prensa

101 Asiako liztor erregina harrapatu dira Udalak martxan jarritako ekimen berriaren bidez

 

Amaia Elorzak, Bermeoko Lurgintza zinegotziak, azaldu duenez, Asiako liztorra azken urteetan izan dugun “izurri kaltegarrienetakoa da”. Horregatik, 2015. urtetik, Bermeoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiak izurri hori kontrolatzeko martxan duen kanpainan parte hartzen du, eta, aurten, gainera, neurri gehigarriak hartu ditu. Horrela, Asiako liztor erreginak harrapatzeko kanpaina berezia burutu du Udalak,  eta, Elorzaren esanetan, “emaitzak oso onak izan dira, izan ere, 101 liztor erregina eta 270 liztor langile jaio berriak harrapatu dira”.

Kanpaina horren bitartez, asiar liztorrentzat 45 tranpa homologatu jarri dira udalerriko hirigunean eta zazpi landa auzoetan (San Migel, Demiku, Arane, San Andres, Almika, Artika eta Mañu). Tranpa gehienak iaz liztor habiak aurkitu dituzten lekuetan jarri dira.

Kanpaina apirilaren 10etik maiatzaren 23ra arte egin da, eta liztor erregina ia guztiak apirilean harrapatu dira. Maiatzetik aurrera, berriz, liztor langileak bakarrik harrapatu dira.

Gaizka Aurrekoetxeak, ingurumen teknikariak, azaldu duenez,  tranpen eragina desberdina izan da lekuz leku. Emaitza onenak fruta arbolak  -bereziki gereziondoak- eta erreka bat hurbilean dauden tokietan lortu dira. Aldiz, herri barruan eta Mañu auzoan ez da ia liztorrik harrapatu, seguruenik baldintza horiek ematen ez direlako.

Elorzak eta Aurrekoetxeak adierazi dutenez, kanpainaren balorazioa “oso ona” izan da, “harrapatutako liztor erregina kopurua, 101, hain zuzen ere, oso altua izan delako, eta tranpen kostua eta mantenua baxuak direlako”. Gainera, zehaztu dutenez, “kontuan izan behar da harrapatzen den liztor erregina bakoitzak kabi bat gutxiago suposatzen duela, eta hori garrantzitsua da  izurri horrek kalte handiak sortarazten dituelako nekazaritzan eta ingurumenean”.

Horrez gain, momentuz, Bermeoko Udalean iaz baino liztor habien abisu gutxiago izan dituztela adierazi dute. “Beraz, kanpaina horrek bere eragina izan duela uste dugu”, nabarmendu dute. Horrez gain, datorren urtera begira, lanean hasi direla aurreratu dute, “emaitza hobeak lortzeko kanpaina nola antolatu aztertzen ari gara”.

Azkenez, gogoratu dutenez, “izurri horren kontrol lana indartzeko, herritarrek ere tranpak jar ditzakete 2018ko udaberrian haien etxe edo lurretan, plastikozko botila batekin egindako etxe-tranpekin eta ura ozpinarekin nahastuta erabilita”.

Lurgintza zinegotziak adierazi duenez, “Asiako liztorra orain zortzi urte inguru heldu zen Euskal Herrira eta oso azkar zabaldu da”. “Asiar liztorrek honako kalteak sortzen dituzte: intsektu mota asko jaten dituzte, erleak batik bat; fruta-arboletan kalteak sortzen dituzte eta bere ziztada arriskutsua da gizakientzako”, azaldu du. Beraz, izurri horri aurre egiteko lanean ari gara.

02 / 06 / 2017

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0