Prensa

Prensa

Bermeoko Udalak bi proiektu jarri ditu martxan eta hiru pertsona kontratatu ditu Enplegu Planaren barne

Batetik, Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektua eta, bestetik, Alde Zaharreko lokal hutsen azterketa abian jarri ditu

 

 

Bermeoko Udalak, Bermeorako Lanbideren Enplegu Planaren barne,  bi proiektu martxan jarri ditu: alde batetik, Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektua, eta, beste alde batetik, Bermeoko Alde Zaharreko lokal hutsen azterketa. Proiektu horiek abian jartzeko 3 pertsona kontratatu ditu Udalak. 

Horren berri eman dute gaur prentsaurrekoan Irune Ormaetxeak, Turismo, Urigintza eta Merkataritza zinegotziak; Nerea Hormaetxek, Behargintzako zuzendariak; Bego Gangoitik, Turismo Teknikariak, eta Santi Murua, Berualako zuzendariak. 

Nere Hormaetxek azaldu duenez, Lanbidek, enplegu planen bidez, laguntzak bideratu ditu, bai eskualde mailan zein Bermeoko udalerrian, enplegua sustatu dezaketen proiektu garrantzitsuak martxan jartzeko. “Horrela, gaur, Bermeon martxan jarri ditugun proiektuen berri emango dugu”, adierazi du. 

Ildo honetan, Irune Ormaetxeak adierazi duenez, “alde batetik, Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektua, eta, beste alde batetik, Bermeoko Alde Zaharreko lokal hutsen azterketa proiektua martxan jarri ditugu”. 

“Bi proiektu hauek oso garrantzitsuak dira gure herriarentzat”, nabarmendu du. Bere esanetan, “lehenengoak gure ostalaritza eta merkataritzaren aldeko apustua egiten du, horiek indartzearen aldeko apustua, hain zuzen ere”.   

Bigarrenari dagokionez, Ormaetxeak gogoratu duenez, “Bermeoko Udala Alde Zaharra biziberritzeko lanean ari da buru belarri, eta hainbat dira horretarako martxan jarri dituen ekimenak: lore lehiaketa, food truck, arte urbanoa…”. “Era berean, Alde Zaharra biziberritzeko lokal hutsen azterketa egitea ezinbestekoa dela uste dugu”, nabarmendu du. 

Bermeoko Ostalaritza eta Merkataritza suspertzeko proiektuari dagokionez, Bego Gangoitik zehaztu duenez, bere helburua da “bezeroaren ikuspuntua kontuan hartuta, ostalaritza eta merkataritza sektorea dinamizatzea”. Horretarako, “establezimenduek izan ahal dituzten hobekuntzak identifikatuko dira, ostalari eta merkatariei hobekuntza ekintzen plan bat egiten laguntzeko”. Ildo honetan, “hobekuntza horiek garatzeko aholkularitza eman nahi zaie ostalari eta merkatariei”, gaineratu du Gangoitik. 

Era berean, azaldu duenez, bezeroaren ikuspuntutik garatuko den proiektu bat da, izan ere, bere esanetan, bezeroaren iritzia kontuan hartzea ezinbestekoa da ostalaritzan hobekuntzak egiteko. “Herriaren irudian ostalaritzaren eta merkataritzaren irudia oso garrantzitsua dela kontuan hartuta,  udala eta sektore pribatuaren arteko elkarlana ezinbestekoa da sektorea dinamizatzeko eta hobekuntzak egiteko”, nabarmendu du.   

Proiektu hori abenduan jarri da martxan eta  25 bat establezimenduentzako proiektu pilotua izango da. Horretarako, Bermeoko Udalak 2 pertsona kontratatu ditu, Lanbidek sustatzen dituen Enplegu planen laguntzaren bitartez. 

Bestalde, Santi Muruak, Berualako zuzendariak azaldu duenez, abian jarri den beste proiektua, Bermeoko Alde Zaharreko lokal hutsen azterketa da, eta hori aurrera eramateko pertsona bat kontratatu du udalak, aipatutako Lanbideren laguntzaren bitartez. 

Muruak azpimarratu duenez, proiektu honen,  Alde zaharreko lokal hutsen jabeekin harremanetan jartzea lortu nahi da, lokalen arazoak ezagutzeko, eta indarrean dagoen urigintz araudian zer nolako moldaketak egin beharko liratekeen ezagutzeko, lokal horietan jarduera ekonomikoak edo bestelako zerbitzuak garatu ahal izateko helburuarekin. “Horrela, lokalen egoera ezagututa, horiek merkaturatzeko zein baldintzak bete beharko lirateke ere aztertuko da”, esan du. 

Berualako zuzendariak azaldu duenez, “hutsik ez dauden lokalen jabe, dendari eta erabiltzaileekin ere harremanetan jarri nahi dugu, Alde Zaharrean mantentzearen arrazoiak ezagutzeko, eta bertan mantentzeko beharrizanak zeintzuk diren ezagutzeko”. 

Nerea Hormaetxek adierazi duenez, bi proiektu hauek martxan jartzeko hiru  kontratu egin dira, eta horiek gehienez sei hilabeterako lanaldi osoan izango dira. Kontratatu diren profilen artean, enpresagintza, turismoa eta arkitektura teknikoko ikasketak  dituzten pertsonak  izan dira. 

Proiektu hauen inguruan informazio gehiago nahi izanez gero, Bermeo, Mundaka eta Sukarrietako Behargintzan jaso ahal izango da. Zubiaur tar Kepa 26-28 Bermeo, behargintza@bermeo.eus edota 946179190 telefonoan.  

14 / 12 / 2016

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0