Prensa

Prensa

Berbalagun egitasmoa 'Praktikatu eta ikasi' mezuarekin dator aurten

 

Bermeoko Udaleko Euskara Sailak aurten ere abian jarri du Berbalagun egitasmoa eta oraingoan, ‘Praktikatu eta bizi’ mezuarekin dator, izan ere, egitasmo honetan parte hartzen duten pertsonei, lagunartean, euskaraz berba egiteko eta praktikatzeko aukerak eman nahi zaizkie, eskolatik eta euskaltegietatik kanpo.

“Horrela, lagunartean euskara eginez, hizkuntza bizia eta adierazkorra lantzen dute eta erraztasuna hartzen dute egunerokotasunean euskara erabiltzeko, horregatik, diogu, bada, praktikatu eta bizi”, adierazi du Juan Karlos Agirrek, Euskara zinegotziak, Berbalagun egitasmoa aurkezteko gaur egindako prentsaurrekoan. Berarekin batera egon dira  Maite Alvarez, Euskara teknikaria, Marimar Hernández, Berbalagunen dinamizatzailea eta Iratxe Garmendia, Marije Laiuno eta Ibon Iturbe, AEK, Gotzon Garitonaindia eta Hizkuntza Eskolako ordezkariak, hurrenez hurren.

Juan Karlos Agirrek nabarmendu duenez Berbalagun “elkarlanean” egiten den egitasmoa da, “urtez urte aberastuz doana eta parte hartzaileen aldetik harrera oso ona” daukana, hain zuzen ere. “Parte hartzaileek adierazten dutenez, ikasitakoa era natural batean adierazteko aukera ematen die Berbalagunek eta horregatik balorazioa oso positiboa da”, esan du.

Euskara teknikariak azpimarratu duenez, Berbalagun egitasmoaren bitartez, euskaraz berba egin nahi duen edozein pertsona, <u>astean behin</u> lagunekin elkartzen da, 5-6 laguneko taldean, eta, gustuko ekintzak egiten dituzte euskaraz.

“Berbalagunek euskara praktikatuz ondo pasatzeko aukera ematen du, izan ere, aisialdian egiteko egitasmoa da. Ez da eskola bat , modu ludiko eta natural batean, Berbalaguneko kideek espazio berriak bilatzen dituzte euskaraz egiteko, lagunartean euskarara hurbiltzeko eta euskara praktikatzeko”, azaldu du.

Ildo honetan, Marimar Hernandezek adierazi duenez, Berbalagunen parte hartzeko euskaraz berba egiteko <u>gogoa</u> baino ez da behar, euskara ikasten ari direnentzat eta euskaraz normalean hitz egiten dutenentzat ere zuzenduta baitago. Hortaz, zehaztu duenez, Berbalagunen parte hartzeko bi modu daude, alde batetik, euskara praktikatu nahi duten pertsonak eta, beste alde batetik, bidelariak, bide hori egiten laguntzen duten pertsonak, “ezinbestekoak”, hain zuzen ere, egitasmo hau martxan jartzeko.

Maite Alvarezen esanetan, berba taldeen bitartez, “euskara erabiltzeko esparruak zabaltzen” dira. “Euskara ikasi arren hitz egiteko ohitura handirik ez duen jendea eta normalean hitz egiten dutenak batuz, harremanak estutzen dira euskaraz bizitzeko”, gaineratu du. Aipatu egitasmoan parte-hartzea dohainik dela azpimarratu dute.

Ekintza osagarriak

Marimar Hernandez dinamizatzaileak eta egitasmoa elkarlanean bideratzen duten euskaltegietako eta Hizkuntza Eskolako ordezkariek adierazi dutenez, Berbalagun egitasmoaren barne ez dira berba taldeak soilik antolatzen. “Horiez gain, hainbat ekintza antolatzen dira, arrakasta handia dutenak, eta aurten ere, ekintza osagarrien programa zabala eskainiko da, hala nola, berbaldiak, esku lanen tailerrak, irteerak, topaketak… Horrez gain, herrian euskaraz izaten diren ekimenetan parte hartzen dute berbalagunek, esaterako, Irakurle txokoan, Euskaraz Bizi Nahi dut Egunean, Miñe Lamiñen…”

Adierazi dute, halaber, gurasoek eta umeek, beste urte batez, elkarrekin euskaraz egiteko aukera izango dutela, Gurasolagun ekimenari jarraipena emango baitzaio, “gurasoen eta seme-alaben arteko transmisioa indartzeko eta gurasoen artean euskara praktikatzeko eta erabiltzeko ohiturak eta gaitasuna indartzeko helburuarekin”.

Ekintza hauek guztiak zabalik daude berbalagunentzat eta ez direnentzat ere. Eta horien berri zabaltzeko hainbat bide erabiltzen dira, Berbalagun info! buletina eta sare sozialak. “Aurtengo lehen info!-a azaroan zabalduko da eta informazioaren berri jasotzeaz gain, lehiaketan parte hartzeko aukera izango da, hain zuzen, azaroaren 7tik 25era bitarte” gaineratu dute.

Bestalde, informazio eguneratua nahi duenak, eskura izango ditu Berbalagunen facebook-a eta bloga, bertan argitaratzen dira berri guztiak eta izena emateko aukera ere eskaintzen du zuzenean.

Berbalagunen parte hartu nahi duten pertsona guztiek, beraz, Bermeoko AEK (609 462 018) eta Gotzon Garitaonaindia (688 651 491) euskaltegietara, Hizkuntza Eskola Ofizialera (94 618 7091) edo Bermeoko Udaleko Euskera Sailera (94 617 9122) deitu dezakete edota Marimar Hernandez dinamizatzailearekin 607 609 580 zenbakian kontaktatu.

Juan Karlos Agirrek euskaraz egiteko gogoa duten pertsona guztiei bai Berbalagun egitasmoan bai ekintza osagarrietan parte hartzeko deia egin die “Bermeon euskaraz bizitzeko”.

 

10 / 10 / 2016

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0