Prensa

Prensa

Bermeoko jaiak bete-betean gozatzeko garbitasun zerbitzuak indartuko dira eta aldaketak egongo dira hainbat zerbitzuetan

Eraso sexisten kontra gogor agertu da Bermeoko alkateordea eta Bermeoko jaietan elkarrenganako errespetua ezinbestekoa dela adierazi du

 

 

Irailaren 7tik 17ra ospatuko diren Bermeoko Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan herritarrek bete-betean gozatzeko, hainbat aldaketa izango dira herriko trafikoan eta sastar batze zerbitzuan. Horrez gain, garbiketa zerbitzuak indartuko dira herria ahalik eta garbien izateko jaietan. 

Guzti horren berri eman du gaurko prentsaurrekoan Benito Ibarrolazak, Bermeoko alkateordeak eta Zerbitzu eta Udaltzaingoaren zinegotziak. Ibarrolazak adierazi duenez, hartutako neurriak egun berezi hauetan “trafikoa bideratzea eta herria ahalik eta garbien izatea ahalbideratuko dute, eta, horrela, jaietako ekimenak ospatu ahal izango dira eta guztiok, bermeotarrak eta kanpotik datozenak, jaiekin disfrutatu ahal izango dugu”. Eraso sexisten kontrako mezu garbia ere eman du Bermeoko alkateordeak. 

Barrakak, saltzaile ibiltariak eta txosnak 

Zerbitzuei dagokienez, Ibarrolazak azaldu duenez, aurten ere barrakak Olatua eskulturaren inguruan egongo dira eta euren prezioak honakoak izango dira: umeen atrakzioak 2,30  euro (bonoa 10 euro sei bidaia) eta  nagusienak 2,7 euro (bono 10 euro 5 bidaia). Atrakzio bereziarena 3 euro izango da. Egun herrikoietan, irailaren 2an eta 5ean (barikuan eta astelehenean) barrakek prezio merkeagoa izango dute, 1,50 euro izango dira eta. Barrakak irailaren 2ko arratsaldetik aurrera eta irailaren 16ra arte egongo dira Bermeon. 

Saltzaile ibiltarien kasuan, 11 postu izango dira eta aurten Erreten Lameran kokatuko dira irailaren 7tik 16ra. Txosnak aurten bost izango dira eta Artzako kaiaren parean kokatuko dira, Lamerako eszenatokitik hurbil. Txosnak irailaren 7tik 17ra arte egongo dira. 

Horrela, jai eremua Lamera, Artzako kaia, Erribera, Erreten, Alde Zaharra eta Olatua izango dira eta, Zerbitzu Saileko zinegotziak adierazi duenez, “asmoa da jai egunetan toki hauetan oinezkoei lehentasuna ematea”.

Trafikoa, aparkalekuak eta garraio publikoa 

Artzako kaia jai-gune nagusienetarikoa izango denez, Artzako biribilgunetik (kasinoaren ondoan) portura joateko sarrera itxita egongo da irailaren 5etik 20ra arte. Zamalanak egiteko ordutegia 8:00etatik 12:00etara izango da. Lamera- Portuzarra gune guztia hutsik egon beharko da, eta ezin izango da kotxerik atera handik, ezta gune horietan aparkatuta izan. Ronpeolaseko lanak jarraitzea ezinbestekoa izanik, lanak egiteko beharrezkoa diren ibilgailuak bai sartuko dira egun batzuetan, baina ez jai egun berezietan.

Alde Zaharraren kasuan, Arostegitik liburutegira doan kalea itxita geldituko da jai egunetan eta Alde Zaharrerako sarrera Intxausti kaletik izango da eta irteera Nardiz tar Jon kaletik. 

Hainbat jai ekintza burutu ahal izateko (txirrindu lasterketa, Almikako eta Sukalki eguneko beherakadak, danborradak…) trafikoa saihesbidetik desbideratu beharko da.

Zerbitzuetako zinegotziak jaietan kotxea ahalik eta gutxien erabiltzea eskatu du. Bermibusek irailaren 7, 12, 13, 14 15 eta 17an zerbitzua eskainiko du eta Lamerako geltokia mantenduko du. Bizkaibus zerbitzuko geralekua, aldiz, irailaren 5etik 20ra, Santamañe kalera aldatuko da Gernikatik doan autobusentzako eta Zubiaur tar Kepa, azokaren parean, Mungiatik Bilbora eta Bakiora doazen autobusentzat. Taxi zerbitzuaren geralekua Kasinoaren ondoan egongo da irailaren 5etik 20ra. 

Ildo berean, kanpotik datozenak hainbat aparkaleku izango dituzte, hain zuzen ere,  Itsasoan galdutakoen Lameran (Pergola), Landabasoko gune industrialean eta Matxikorta kaian. Horrez gain, Bermeoko azokako parking-aren ordutegia zabaldu da jai egunetan eta egunero gaueko 22:00ak arte irekita egongo da eta egun berezietan (irailak 9, 10, 16 eta 17) gaueko 00:00ak arte. Herriko sarrera guztietan seinaleak jarriko dira horien kokapenaren berri emateko. 

Garbitasuna eta komun publikoak 

Bestalde, martxan dagoen ‘Denon artean Bermeo garbi garbi’ kanpainarekin lotuta, Ibarrolazak gogoratu du jaietan ere “guztion artean, -Udala, tabernari, dendari, txosnak eta herritar guztion artean-, herria zaindu eta garbi mantendu behar dugula”. “Herria txukun mantentzea gure erronka izan behar da eta, horretarako, Udalak ahalegin bereziak egingo ditu, izan ere, garbiketa zerbitzuak indartuko dira jaietan irailaren  18ra arte”, azpimarratu du.

Horrela, errefortzu bezala, ureztatzeko eta desinfektatzeko kamioi bat gehiago egongo da jai egunetan, gidari bat eta laguntzaile batekin.  Horrez gain, Udaleko zerbitzuetako langileen errefortzua egingo da aipatutako egun horietan garbitasuna bermatzeko.

Zerbitzuetako zinegotziak sastarrak edukiontzietara botatzeko eta kanpoan ez uzteko eskatu du. Bereziki, botilak beiraren edukiontzietara eta kartoiak eta paperak edukiontzi urdinetara botatzeko eskatu du, besteak  beste. Horrez gain, 10 komun publiko (kabina) eta beste hamar txizatoki ere ezarriko direla jakinarazi du eta Talan sukalki egunean 3 komun eta txizatoki bat.

Sastar batze zerbitzuari dagokionez, irailaren 7tik 16ra 14:00etatik aurrera egingo dela eta irailaren 9an ez dela egongo jakinarazi du. Irailaren 17tik aurrera zerbitzua betiko moduan izango da.

Zerbitzu Saileko zinegotziak talko hautsak ez erabiltzeko eskatu du. Bere esanetan, horren ondorioz,  “kaleek laban egiten dute eta hainbat herritar jausi egiten dira. Horrez gain, osasun-arriskuak sortarazten dituzte arnasa egitean birikietan gelditzen direlako”. “Oso zaila da ere talko hautsa ondo garbitzea, kaleak ureztatuta ere, hainbat egun igaro beharko dira erabat garbitzeko”, gaineratu du.

Su artifizialak, estropadak eta segurtasuna

Irailaren 8ko eta 16ko su artifizialak direla eta, bai auzokideei eta bai arrantza eta kiroletako motorrei hainbat segurtasun neurri gomendatu die Zerbitzu zinegotziak istripurik ez egoteko. Horrela, azaldu duenez, motorrak farol berdetik ahalik eta urrunen utzi beharko dira, handik botatzen dira suak eta.

 

Horrez gain, “motorretako eskotilak eta ateak itxi beharko dira eta ezin izango dira utzi kubiertan ez sarerik, ez belarik ez surik hartu ahal duen beste gauzarik”. “Motorren batera fuetarik erortzen bada eta sua hartzeko arriskurik ikusita 112 telefonora deitzea eskatzen da”, esan du. 

Herritarren kasuan ere, balkoietako leiho eta ateak ixtea eta kamaretako argizuloak ondo zarratuta egotea gomendatu du eta ez irtetea balkoi eta terrazetara. “Teilatu edo terrazaren batera fuetarik erortzen bada eta sutea hartzeko arriskurik ikusita Udaltzaingoari deitu hainbat arinen telf.092”, adierazi du. 

Su-artifizialen kasuan eta beste ekintza berezi batzuetan, esate baterako, Correfoc, sukalki eguna, umeen ekintzak…Herri Babesa eta Gurutz Gorria egongo dira segurtasuna bermatzeko. 

Bestalde, Ibarrolazak gogoratu duenez, irailaren 17an, zapatuan, estropada izango da eta Ronpeolasean, obrak direla eta, epaileak, delegatuak eta komunikabideak soilik sartu ahal izango dira. Herritarrak beste toki batzuetatik ikusi beharko dugu estropada. Klubetako erremolkeak eta ibilgailuak Olatuaren inguruan aparkatu beharko dira. 

Benito Ibarrolazak gogoratu duenez, betiko moduan, Udaltzaingoa 24 ordu egongo da lanean herriko segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Ildo horretan, herritarrei eskatu die kalteren bat ikusten badute edo abisuren bat eman nahi badute 94 617 9111 eta emergentzia egoeraren bat balego 092 telefonora deitzeko. 

Eraso sexistarik ez 

Bestalde, Ibarrolazak, eraso sexisten aurkako mezu garbia adierazi du prentsaurrekoan. “Jaietan denok disfrutatzeko elkarrenganako errespetua ezinbestekoa” dela  azpimarratu du alkateordeak eta, ildo honetan, adierazi duenez, “eraso sexistek ez dute lekurik izango ez inon ez inoiz”. 

“Emakumeen kontrako indarkeria, genero arrazoiengatik gertatzen den diskriminazioaren isla da. Emakumearen askatasun sexualaren kontrako bortxaketa onartezina da”, esan du. 

Era berean, azpimarratu duenez, “norbere buruaren eta gorputzaren jabea norbera eta norberak erabakiko du noiz eta zelan eta, ezetz bada ezetz da, ez beti da ez”, adierazi du. Norbait erasotuta sentitzen bada laguntza eskatzeko eta  092 (Udaltzaingoa), 112 (SOS Deiak) eta erasoen biktimentzako 016 telefonora deitzeko eskatu du. 

Bestalde, Ibarrolazak adierazi duenez, Bermeoko Udalak aipatutako neurri guzti hauek hartu ditu  jai programaren barne dauden ekimen ezberdinak martxan jarri ahal izateko eta guztiok jaiekin disfrutatu ahal izateko”, esan du Benito Ibarrolazak.

 

01 / 09 / 2016

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0