Prensa

Prensa

San Migeleko 26.1 arloaren berrantolaketa onartu du Bermeoko Osoko Bilkurak sententzia betetzeko

 

San Migel auziko sententzia betetzeko, San Migeleko 26.1 arloaren berrantolaketa onartu zuen atzo Bermeoko Osoko Bilkurak, epaitegiak gune horren klasifikazioa ezeztatu ostean. Horrela, atzoko Osoko Bilkuran Plan Orokorraren hasierako aldaketa puntuala onartu zen Bilduren eta Guzanen aldeko botoekin. EAJk eta Izartuk kontra bozkatu zuten. 

Idurre Bidegurenek, Bermeoko alkateak, onartutako proposamen honekin 26 unitatea urbanizable moduan antolatzen dela azaldu du, “ahalik eta kalte gutxien eraginez bai herriari, bai bertan etxebizitzak erosi dituzten 16 familiei”.

Ildo honetan, azaldu duenez, momentu honetan Osoko Bilkurak hasierako onarpena egin du, gero behin behinekoa egingo da eta ondoren behin betikoa.  “Gune hori ahalik eta arinen antolatu behar da, kalte gutxien egiteko eta 16 familiek erosi dituzten etxebizitzak ez botatzeko, beraz garrantzitsua da epaileari sententzia beteko dugula erakustea, sententzia betegarria delako”, adierazi du. 

Era berean, nabarmendu duenez, “sententziak ez du kuestionatzen aprobetxamendu urbanistikoak txarto egin direnik, plan orokorraren tramitazioa txarto egon denik, ezta 6. ez 22. unitatea. Horrez gain, rotondaren konputoa ere ondo dagoela esaten du”. “Onartu dugun proposamena arkitekta batek egindako lan sakonaren ondorioa da eta alderdi ezberdinek izandako zalantza guztiak aztertu ondoren eraman da Osoko Bilkurara”, azpimarratu du.                              

Era honetan, zehaztu duenez, bi ideia aztertu dira. Alde batetik, 26 unitatea 22. Unitatean sartzea eta, Bidegurenek azaldu duenez,  ideia hau “ez da bideragarria, suposatzen duen dirutzagatik eta denboragatik”, izan ere, “22. Unitatean eraikita dauden eraikin guztiak botatzea suposatzen du, milioi askoko inbertsioa eta, jabe asko daudenez, adostasunetara heltzeko gaitasun gutxi”. “Horrez gain, 340 etxebizitza egiteko eskari eskasa dago gaur egun,  beraz noizko? Zenbat urte daraman 22 unitateak garatu barik? Nork finantzatuko du?”, galdetu du.

Beste alde batetik, esan duenez, “etxebizitza babestuen kopurua unitate bakoitzean bete beharrean orokorrean betetzea legala da eta plan orokorrak onartzen du”. “Dena den, nahiz eta epaileak bere sententzian honen inguruan erabakirik ez hartu, zalantzak sortu direnez, gai hau ere aztertu da eta injustua den edo ez luze eztabaidatu dugu alderdi politikoek”, gaineratu du.  

Ildo honetan, azpimarratu duenez, edozein kasutan, “etxebizitza babestuen kopurua 26. Unitatean sartzeak ere injustizia bat sortuko luke, eta injustizia bat beste injustizia batekin konpontzea ez da bidea”, izan ere, besteak beste, “lau erosle etxerik gabe geldituko lirateke”. “Gainera, 22. unitatera beste unitate batzuetatik ere bideratu dira etxebizitza babestuak, beraz ez dauka zentzurik 26. unitatera aldatzea”, aipatu du. 

“Guzti hau kontuan hartuta kalte gutxien eragingo duen proiektuaren (bai kalte ekonomikoak zein erosleei kalteak) hasierako onarpena onartu dugu”, esan du.

Bidegurenek Guzaneri aldeko botoa ematea eskertu dio, izan ere, “arduraz jokatu du herrian daukagun arazo bati ahalik eta arinen irtenbidea emateko”. “Guzanek 25 proposamen egin ditu beste era bateko urigintza egiteko, guk proposamen horiek onartu ditugu, izan be, Bilduk defendatzen dituen ideia eta ekimenekin bat datoz, eta ekarpen eraikitzaileak izan direlako. Borondate erreala erakutsi dute daukagun egoerari irtenbidea bilatzeko. Albiste ona da Bermeoko herriarentzat”, azpimarratu du. 

Prozesu guztia 

Bidegurenek gogoratu du orain dela bi legealdi San Migeleko partzela urbano izatea proposatu eta onartu zela Hiri Antolamenduaren Plan Orokorraren (HAPO) behin behineko onarpenean, EAJren aldeko eta EAren kontrako botoekin. “Lur horiek urbano bihurtzea behin behineko onarpenean proposatzen zen, eta hori proposatu eta onartu zuen EAJk.”, gogoratu du.

Ondoren, HAPOk, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren  Etxebizitza Sailaren eta Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzaren Batzordearen oniritzia jaso zuen eta horrela, 2011n, Plan Orokorra behin betiko onartu zen Osoko Bilkuran aho batez”.  “Hortaz, argi utzi nahi dugu hau ez dela Udal Gobernu honek bultzatutako ezer”, nabarmendu du. 

Bestalde, Ormazaren gaiari dagokionez, gogoratu duenez, gai honetan ere hasierako eta behin behineko onarpena aho batez egin zen EAJ eta EAren aldeko botoekin eta, ondoren, 2005ean, Bizkaiko Foru Aldundiak onartu zuen Foru Aginduaren bidez bere eskuduntza zelako.  “Gai hau fiskaltzara ere eraman zen eta fiskaltzan artxibatu egin zuen”, gaineratu du.

Ildo berean, San Migeleko partzelako 16 etxebizitzen “lizentzia legea betez eman dela” nabarmendu du. “Ordez, lizentzia hau ez ematea legez kontrakoa izango litzateke eta erantzukizuna eta indemnizatze eskubideak sortuko lituzke”, gaineratu du.   

Are gehiago, adierazi duenez, lizentzia tramitatu baino lehenago gune honen errepartzelazioaren eta urbanizazioaren proiektua eta hitzarmena aho batez onartu zuten EAJk eta Bilduk 2013an eta Osoko Bilkura horretan salaketa jarri duen pertsonaren alegazioak ezeztatu ziren EAJ eta Bilduren aldeko botoekin.

Bidegurenek azaldu duenez, 2016ko martxotik aurrera 16 etxebizitza horietako obrak lotuta daude “sententzia firmea delako eta Plan orokorrean gune hori ezeztatuta geldituta, uste dugu zuhurrena gelditzea dela ordenazio berria tramitatu arte”. “Obra hauek arinago lotzeko eskaria egin zuen salatzaileak epaitegian, baina epaitegiak ez zuen honelako neurririk eskatu. Beraz, udal honek ez zuen arinago lan hauek lotzeko arrazoirik izan”, azpimarratu du.

“Orain, arintasuna behar da egin beharreko tramiteak lehenbailehen egiteko, oztopo guztiak arduraz eta inteligentziaz gainditzeko, eta egoera honi irtenbidea emateko”, nabarmendu du.  

 

10 / 05 / 2016

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0