Prensa

Prensa

Bermeoko Udalak ‘Geuk eus’ euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpaina martxan jarri du

Geuk eus’ kanpaina Arrain Azokan ere presente egongo da bideo-photocall karparekin

 

Bermeoko Udalak herriko hainbat eragileekin elkarlanean ‘Geuk eus’ euskaraz bizitzeko 1.000 arrazoi kanpaina jarri du martxan eta gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Juan Karlos Agirrek, Euskara zinegotziak; Maite Alvarezek, Euskara teknikariak; Marimar Hernándezek Euskararen Aholku batzordeko partaideak; Esti Aranburu eta Patxi Erauzkin ostalariek, Arantza Ruilobak kirol monitoreak eta Mikel Etxebarriak musikariak. Kalinpan maskota be bertan izan da. 

Agirrek azaldu duenez, Bermeoko Udalak euskararen erabilerari buruzko hausnarketa egin ostean “Bermeon euskara-gaitasun handia dagoela, baina erabilera ez datorrela bat eta espero daitekeenaren azpitik gaudela nabaritu da”. “Baita ere, beheranzko joera dagoela adin guztietan”, gaineratu du.

Alvarezek azaldu duenez, “galerari galga jartzeko premia ikusi da”. “Alde batetik,  Euskara Sailaren bitartez, euskararen normalizazio lanetan gizarte-sektore askorekin ari gara, sektore bakoitzak berea ezagutzen du, eta orain, sektorekako lan horri sentsibilizazio lan orokorra gehitu gura zaio. Horregatik, bada, ‘Geuk eus’ kanpaina abiarazi dugu”, azaldu du.

Euskara zinegotziaren hitzetan hauek dira ‘Geuk eus’ kanpainarekin erantzun nahi diren erronkak: “herritarren artean euskararen prestigioa hobetzea, euskaldun izatearen abantailak gizarteratzea, herritarrek galeraren kontzientzia hartzea, jokaera kontzienteak piztea eta, herritar guztiak sentsibilizatzea (gurasoak, gazteak, etorkinak, kirolariak…)”. 

Lan hau “eragile askoren artean egiten ari gara” azaldu du Maite Alvarezek. Horretan sakonduz, Marimar Hernandezek adierazi duenez, Euskara Aholku Batzordean kanpaina garatzeko hainbat ideia eta proposamen egin dira eta nork bere arloan lantzeko prest dago. 

Beste alde batetik, Mikel Etxebarriak Ttakuntxo txalapartari taldeko kideak azaldu duenez, “kanpainarako kanta bat sortzeko proiektua lantzen hasi gara Bermeoko hainbat musika talde. Musika estilo desberdinak uztartuz, erronka polita daukagu aurrean, Bermeo osoan entzungo den kanta sortzea. Lore Barrena bertsolari bermeotarrak jarriko dio hitza abestiari”, gaineratu du.

Ildo berean,  establezimendu publikoetan ‘Geuk eus’ kanpainaren logoa banatuko dela azaldu dute eta ostalariek ere kanpainan parte hartuko dute ‘Geuk eus’ kanpaina euren serbilletetan zabalduz. “Momentuz 34 tabernek parte hartuko dute kanpainan eta espero dugu gehiago animatzea”, esan du Euskara teknikariak. 

Horrez gain, bost bermeotar ezagunen laguntza paregabea izan da kanpainaren prestakuntza lanetan eta euren ahotsean entzungo dugu bihartik aurrera zein diren euren arrazoiak euskaraz bizitzeko. Euretariko bat da Arantza Ruiloba kirol monitorea eta berak dinoanez, “pasa bolie” ezaguna egingo da bihartik aurrera Oizmendi telebistan, Bermeoko zinean eta Itsuki irratian zabalduko dituzten spotak direla eta.

Horrez gain, aisialdiko monitoreak ere kanpaina honetan elkarlanean daudela adierazi dute, “garrantzitsua baita ume eta gaztetxoei aisialdian ere euskara eskaintzea, etorkizuna euskaraz zor diegulako”.  

‘Geuk eus’ Arrain Azokan 

‘Geuk eus’ kanpaina presente egongo da Bermeoko Arrain Azokan ere, maiatzaren 20an, 21ean, eta 22an bere karpa propioa izango baitu, bideo-photocall karpa, hain zuzen be. Bertan Kalinpanek lagunduta, nahi duten pertsonek euskaraz egiteko arrazoiak azaldu ahal izango dituzte bai barruan grabatuko diren bideoetan edo/eta bai kanpoan aterako dituzten argazkietan. Helburua 100 bideo egitea eta 300 argazki ateratzea izango da. 

Hortaz, Agirrek jende guztia animatu du “Arrain Azokan euskaraz egiteko dituzten arrazoiak azaltzera, guztion artean eta era benetan dibertigarrian, euskararen erabilera bultzatzeko eta sustatzeko”.  “Beraz, erdu danok Geuk eus karpara”, azpimarratu du. 

Azkenik, Juan Karlos Agirrek eta Maite Alvarezek nabarmendu dutenez, kanpaina honekin komunikatu nahi dugu “euskaraz bizi nahi dugula eta euskaraz bizitzeko arrazoiak baditugula, Bermeon euskaraz badakigulako eta euskaraz egitea naturala delako”. 

Euren esanetan, “ez dakitenentzat ere Bermeo herri aproposa da Bermeok euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera ematen duelako”. “Arlo ugaritan egin dezakegu euskaraz, etxean, kalean, lanean, Udalean, aisialdian, kirolean, banketxean, erosketak egiterakoan, parrandan,  lagun  artean, txokoan…. Euskaraz danok irabazten dugu, danok aberasten gara, 1.000 arrazoi baino gehiago ditugulako euskaraz egiteko”, azpimarratu dute. 

‘Geuk eus’ kanpaina hasi besterik ez dela egin esan dute, izan ere, epe luzerako martxan jartzen den kanpaina da eta hasierako ekintza hauei guztiei beste batzuk gehituko zaizkie. “Ekimen berrien barri ematen joango gara”, adierazi dute. 

10 / 05 / 2016

Otras noticias

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0