Albisteak

Albistea

Bermeoko Udalak kultur programazio zabal eta segurua eskainiko du martxoan

-Besteak beste, kontzertuak, emanaldiak, antzerkiak… antolatu dira datozen asteetarako

Bermeon, 2021eko martxoaren 8an.- Bermeoko Udalak kultur programazio zabala eta segurua eskainiko du martxoan zehar. Izan ere, kontzertuak, emanaldiak, antzerkiak… antolatu ditu datozen asteetarako. Hori bai, ekimen hauek guztiek indarrean dauden segurtasun eta osasun neurriak beteko dituzte.

Martxoak 8:

Gaur, Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, emanaldi bikoitza egingo da Nestor Basterretxea aretoan, 17:00etan eta 19:00etan. ‘Las niñas’ filma proiektatuko da. Sarrerak 4,5 euroko prezioa izango dute.

Martxoak 10:

Hilabete honetan, Nestor Basterretxea aretoan, Berri Txarrak musika taldearen hiru dokumentalak ikusteko aukera izango dugu, azkena martxoaren 20an estreinatuko dela aprobetxatuz. Lehen dokumentala, ‘Iragana aurretik’, martxoaren 10ean proiektatuko da, 19:00etan. Sarrera doakoa izango da aforoa bete arte.<u>
</u>

Martxoak 12:

Ostiralean, Emakumeen Nazioarteko Egunaren baitan antolatutako beste ekintza batez gozatzeko aukera izango dugu. Izan ere, Nestor Basterretxea aretoan Ttak Teatroren eskutik ‘Matriuska’ antzezlana ikusi ahal izango dugu, 19:00etan. Sarrerek 6 euroko prezioa izango dute (deskontua dutenek 4,5 euro ordaindu beharko dute) eta hauek Gizarte eta Kultur Etxean edo www.kutxabank.eus webgunean eskuratu ahal izango dira.

Martxoak 17:

Berri Txarrak musika taldearen bigarren dokumentala ikusteko aukera izango dugu: ‘Zertarako amestu’. Emanaldia Nestor Basterretxea aretoan egingo da 19:00etan eta sarrera doakoa izango da.

Martxoak 18:

Mikel Urdangarinek kontzertua eskainiko du Artza Frontoian. Izan ere, ‘Izurdeen Lekua’ diskoaren aurkezpena egingo du pilotalekuan 19:30ean. Sarrerek 10 euroko prezioa izango dute (7,5 euro deskontua dutenek) eta gaurtik aurrera eskuratu ahal izango dira Gizarte eta Kultur Etxean, Kutxabankeko orotarako kutxazainetan eta www.kutxabank.eus webgunean. Gehienez ere 4 sarrera erosi ahal izango dira pertsonako. Frontoiko eserlekuak binaka bananduko dira eta bakoitzak bere eserlekua izango du. Ekintza hau Bermeoko Udalak eta Musika Bulegoak antolatu dute.

Martxoaren 20tik 22ra

Berri Txarrak musika taldearen ‘Dardara’ dokumental berriaren estreinaldia egingo da Nestor Basterretxea aretoan 19:00etan. Sarrerek 5,20 euroko prezioa izango dute.

08 / 03 / 2021

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0