Albisteak

Albistea

Alex Txikon mendizaleak Bermeoko Sagrado Corazón Ikastetxea eta Eleizalde Ikastola bisitatuko ditu ostiralean bere ‘Mendi biluzia’ filma aurkezteko

-Bermeoko Udalak antolatutako bisitaren helburua da kirola, bizitza osasuntsua eta euskara gazteen artean sustatzea

-Gainera, ostiralean bertan, Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan filma ikusgai egongo da publikoarentzat: 17:00etan (gaztelaniaz) eta 19:00etan (euskaraz)

Bermeon, 2020ko abenduaren 2an.- Bermeoko Udalak antolatuta, Alex Txikon mendizale bizkaitarrak Sagrado Corazón Ikastetxea eta Eleizalde Ikastola bisitatuko ditu ostiralean (abenduak 4). Honela, bi zentro hauetako D.B.H-ko 4. mailako ikasleek Nanga Parbat (8.125m; Karakorum-eko mendikatean, Asian) mendira neguan lehenbiziko aldiz egin zen igoera eta gailurra kontatzen dituen ‘Mendi biluzia’  filma ikusteko aukera izango dute. Gainera, Txikonek berak ikasleek izan ditzaketen galderak erantzungo ditu.

Bermeoko Udalak antolatutako ekintza honen helburua da kirola, bizitza osasuntsua eta euskara gazteen artean sustatzea. Izan ere, bere helburu estrategikoetako bat da aipatutako helburuak bultzatzea eta hauen gaineko ekintzak antolatzea. Gazteek, honenbestez, munduko alpinista hoberenetako batekin hitz egiteko aukera izango dute eta horrelako espedizio bat nola antolatzen den eta sortu daitezkeen arazoak zeintzuk diren lehenbiziko pertsonan ezagutu ahal izango dituzte.

Gainera, arratsaldean, mendizale bizkaitarra Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan egongo da ‘Mendi biluzia’ aurkezten. Bi emanaldi egingo dira: 17:00etan (gaztelaniaz) eta 19:00etan (euskaraz). Arratsaldeko proiekzioak Alex Txikonek berak aurkeztuko ditu eta ikusleek izan ditzaketen galderak erantzungo ditu.

Mendi biluzia:

2016ko otsailaren 26an Alex Txikon mendizale bizkaitarra Nanga Parbateko tontorrera heldu zen, neguan, historian lehen aldiz. COVID-19ak eragindako konfinamenduan balentria hori filma bilakatu da. Lan honek, Txikonek berak jasotako eta orain arte ikusi gabeko irudiak ditu, eta baita Red Bull Media Housek proiektuari emandako aireko eszena ikusgarriak ere. 70 minutu baino pixka bat gehiagoan, ikus-entzuleek neguko espedizio baten funtsean eta gogortasunean murgiltzeko eta tontorrera heltzearen, baina, batez ere, oinarrizko kanpalekura itzultzearen, garrantzia ulertzeko aukera izango dute.

02 / 12 / 2020

Beste barriak

Bermeoko Udala

010 (94 617 91 00)
Arana eta Goiri tar Sabinen
enparantza z/g
48370 Bermeo - Bizkaia
antolakuntza@bermeo.eus

bikain ziurtagiria WAI-AA WCAG 1.0